Astelehenero 8:00etan zure epostan
Klima politika "justuagoa, anbiziotsuagoa eta eraginkorragoa" bideratzeko deia luzatu dio Frantziako Gobernuari Klimaren Goi Batzarra egitura independenteak. Izan karbono isurketak gutxitzeko zein egoera klimatiko berriari egokitzeko politikei dagokionez, ausardia handiagoa galdegin diote gobernuari txostengileek.
2018an sortu zuten Klimaren Goi Batzarra, eta Lehen ministroa aholkatzeko betebeharra dute dekretu bidez izendaturiko kideek –gehienez hamahiru izan daitezke–. Klimari buruzko Frantziaren ekintza publikoa ebaluatzeaz arduratzen dira, bereziki Parisko Akordioari dagozkion konpromisoak kontuan hartzen direla bermatzeko. Lerroburu honekin dator ostegun honetan plazaraturiko txostena: "Frantzia ez dago prest klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko".
Klima politika eraginkor batek karbono isurketen gutxitzearen alde eragin behar du, batetik, eta klima larrialdiaren eraginei egokitzen lagundu behar du, bestetik. Eragilearen esanetan, batean zein bestean "oso eskasa" da Frantziako Gobernuaren politika.
Karbono isurketa apalak sustatzera bideraturiko inbertsio publiko zein pribatuak bikoiztu beharra mahai gaineratu dute txostenean eta, aldiz, karbono isurketa handiak ondorioztatzen dituztenei erdira murriztekoa. Hori gabe, Frantziako Estatuaren helburu klimatikoak ezingo direlako bete. Helburua argia da: isurketak urtero %4 gutxitzea.
Nahiz eta Parisko akordioaren helbururik handinahiena –berotze globala + 1,5 ºC-etan geratzea– ez den gehiago lorgarri, oraindik "posible da berotze globala 2 ºC-tik behera mugatzea", betiere klima politika ausartak "azeleratzen badira", txostenaren arabera. Baina Frantziako Gobernuak norabide hori hartu ez izana deitoratu dute: 2025ean berotegi-efektuko gasen apaltzea moteldu da –"kalkulu kontsolidatuaren arabera, 2023tik 2024ra BEGen isurien jaitsiera %3koa da, eta 2024 eta 2025 artean aurrez kalkulatutako jaitsiera %2,1ekoa da"–. Laborantzaren sektorean dira emaitza kaskarrenak, eredu agroindustrialarengatik, isurketa gehien duen bigarren sektorea izanda –isurien %21; garraioaren atzetik (% 34)–. "Benetan harrigarria da laborantzaren sektoreak ez lehenestea klima aldaketari buruzko egokitzapena eta erresilientzia, ikusita urte anitz daramatzagula sektorea mehatxatzen duten arriskuak azaltzen", adierazi du Klimaren aldeko Goi Batzordeko presidente Jean-François Soussanak. Elikadura sistemaren eraldaketa "behar-beharrezkotzat" jo du.
Baina oro har, energiaren sektorean izan ezik, beste guztietan da eskasegia aldaketa: garraioan 2,4 aldiz biderkatu beharko litzateke emisioen jaitsiera; eraikuntzan ere bider 2,6 aldiz, hondakinen arloan 1,1... Afera da klima-politiken ahultzea nabaritzen dela Frantziako Gobernuaren partetik: "Klima-politiken ahultze bat ikusten da, urari dagokionez, lurzoruen artifizializazioan, Ademe [Trantsizio Ekologikoaren Agentzia] ahultzean, eta klima politikak deuseztatzeko jokaera parlamentarioak ere gora doaz... Serioski hartu beharreko alertak dira horiek guztiak", dio Klimaren Goi Batzarreko kide Sphie Dubuisson-Quellierrek.
Klima larrialdiari egokitzeko gaitasunari dagokionez, "alde handia" dago beharren eta egokitze-neurrien artean. Hori horrela, ondorioak zerrendatu dituzte txostenean: "Arrakala horrek inpaktuen larriagotzea dakar, eta eraginak errepikatzen dira: haurren eskolatzea etetea, beroarekin lotutako heriotza-tasa goratzea, gaixotasun bektorialen hedapen handiagoa, nekazaritza-galerak, uraren tentsioak, uholdeek eta buztinen hazkundeak eragindako kalteen kostu handiak, aseguruen kostua handitzea, litoralaren atzeratzea, basoak soiltzea eta koralak zuritzea".
Hori horrela, "herritarrak babesteko" gisan, "ardurak hartzeko" deia egiten dio gobernuari Klimaren Goi Batzarrak. Justizia klimatikoaren ikuspegitik, beranta handia leporatzen diote txostenean: "Estatuaren erantzuna, estrukturalki, ez da nahikoa pertsona guztiei bermatzeko egokitzapenerako sarbidea".
Frantzia aurtengo hirugarren beroaldi handia pairatzen ari den honetan, populazio zaurgarrienak kontuan hartzeko beharra azpimarratzen dute txostenaren egileek. "Hurbileko gune landaredunak, freskoak eta aireztatuak" behar dituzte herritar prekarioenek eta kitorik liratekeen espazio freskoak ere bideratu behar zaizkie –bainatzeko gune zainduak, adibidez–. Lan esparruari dagokionez, lan araudia berrikusi beharra ere aipatzen da txostenean, lan-jarduera eteteko baldintzak zehazteko gisan tenperatura eta hezetasun mailaren arabera.
Guztia kontuan harturik, klima aldaketara egokitzeko ekintzen zabalpenean eta gauzapenean "eskalaz aldatzeko" eskaera luzatu dute txostengileek. Zehazki, 400 orritik gorako txostenak 82 gomendio proposatzen ditu –horietatik 41 berriak–, beti ere klima politika "justuagoa, anbiziotsuagoa eta eraginkorragoa" bideratzeko. "Bizitzak salbatzeko" helburuari segi, epe ertainean –2030-2035 urteetan– martxan jarri beharreko 11 jarraibide berri ere zerrendatu dituzte dokumentuan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545