San Mark, arthorik baduk, lurrerat emak.

Herri ikerketa, herriarekin, herritik I

Joan den ekainaren 22an izan genuen Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri ikerketa, herriarekin, herritik ikastaroa Eibarren. UEUren 54. Udako Ikastaroen barnean, Biharamunen Lantegiak antolatua. Loretxu Bergouignanek eskatu zidan ea parte hartuko al nuen, interesa zutela sendabelarren gaiarekin, ea herritik datorren jakintza hau nola jaso izan dudan eta nola zabaltzen dudan gaur egun.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2026ko uztailaren 27a
Irakurri Ignacio Maria Barriolaren "La medicina popular en el País Vasco" liburua eta jabetuko zarete 1952an, frankismo betean, nola idazten duen mediku donostiar batek landa giroko jende, bere ustez, ezjakinaren eta horien praktiken inguruan. EHUren Donostiako kanpuseko ikasgelategiak darama bere izena baina berak trufaz seinalatutakoen izen-abizenak daramatzan kale eta plazarik ez dago inon, are gutxiago hiribiderik.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hausnarketa eragin zidan eta parte-hartzea ondo prestatu beharra ere bai. Mahai-ingurua egin genuen Koadro Eskolako Ulises Domech eta Sugoi Etxarri, Herri Haziakeko Niko Mendiburu eta Loretxurekin berarekin eta izandako solasa benetan aberatsa izan zen. Hainbatek eskatu zidaten hedatzeko han esandakoa eta horretara noa. Artikulu batzuk beharko ditut, beraz, pazientziaz har ezazue sendabelarren inguruko proposamen praktikoen zain zaudetenok.  

Ikerketaren esparrua edozein dela ere norberak gaiarekiko dituen jarrera, ikuspegia edo begirada dira lehenengo ezagutu beharrekoak. Nire kasuan abiapuntuak asko izan zuen kezka eta arduratik, etengabe entzuten bainuen "hau galtzen ari da, hau galtzera doa". Baliotsua zen zerbait salbatu beharra geneukala ere entzuten nuen baina ez zidan pozik ematen, salbatzaileak asko maite ez ditudalako agian.

Nire zalantzak nituen, leku askotan oso bizirik ikusten bainuen sendabelarren inguruko jakintza. Orain, urte batzuetako lanaren ondoren, esango nuke ez dela galtzen ari. Nola transmititu ez dakigula, inon ondo jasota ez dagoela, hezkuntza arautuan ez duela lekurik, ez dagoela inoren agendan; hori besterik da. Are gehiago, esango nuke "hau galtzen ari da, hau galtzera doa" esaten duenak askotan ikuspegi urbanoa duela, urbanoegia, lehen sektorearekiko gertukoa ez dena. Hitz horien atzean jarrera bizi-barkatzailea ere nabaritu izan dut, tonu kontua da, baina lehen sektoreaz hitz egiterakoan jarrera harroa disimulatzea ez dute denek lortzen. Eta horiek denak ikusten ari naizen bitartean askotan pentsatzen dut norbait, une honetan bertan, Euskal Herriko lekuren batean, nik ezagutzen ez dudan sendabelar batekin ari dela zerbait baliotsua egiten.

Ez gara jakinda jaio. Bistakoa da baina esan beharra dago, hartara etxeko transmisioaz hitz egingo dugulako lehenbizi. Gutako askok naturalki bezala jasoa da, arrautza frijitzen bezala erakutsi zigutelako ukendua egiten. Ez da beti gertatu ordea eta jaso ez denean, horretarako arrazoi asko aipa ditzakegu. Medikuntzaren ofizialtasunarekin berau egikaritzen dutenen monopolioa etorri zen, medikuntza bat eta bakarra izatea, hortik kanpoko guztiak sasimedikutzat jota. Egin orain ahalegina, sasi aurrizkiarekin hasten den hitz goxo bat aurkitzen.

Honekin herriak berea izan zuen sendaketarako jakintzaren zapalketa hasi zen eta gehien zekitenen kontrako jazarpena ere bai. Isunak etorri ziren eta epaiketak ere bai. Askok utzi egin zioten ofizioari, ondorioei zieten beldurragatik. Neuri gertatu zitzaidan, Milagritos ukenduaren inguruan galdezka hasitakoan jaiki, atea itxi eta ahotsa jaitsita hitz egiten hasi zitzaidala solaskidea, "badaezpada ere, badakizu, igual baten bati ez zaio nik hau zabaltzea gustatuko". Esango nuke, euskara bezala, ez dela bere kasa galdu. Bestela irakurri Ignacio Maria Barriolaren La medicina popular en el País Vasco liburua eta jabetuko zarete 1952an, frankismo betean, nola idazten duen mediku donostiar batek landa giroko jende, bere ustez, ezjakinaren eta horien praktiken inguruan. EHUren Donostiako kanpuseko ikasgelategiak darama bere izena baina berak trufaz seinalatutakoen izen-abizenak daramatzan kale eta plazarik ez dago inon, are gutxiago hiribiderik.

Jarraituko du.

Izpiliku ezkontza, "lavender wedding"
Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak. (+)
‘Psyllium’ baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu gaur, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela.... (+)
Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
Berdea
Bizi Baratzea Orriaren hirugarren zenbakia prestatzen ari ginela sortu zen eztabaida Dani Blanco argazkilaria eta bion artean. Koloreen arabera sailkatu behar sendabelarrak, eta berdera iritsitakoan... (+)
gora