Astelehenero 8:00etan zure epostan
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan, etxean giltzapetu gintuztenean, nola kalera ateratzeko baimena izateko jendeak txakurra erakustea nahikoa zuen, baina baratzea zaintzera ezin zen atera?
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Terrasse-Vaudreuil udalerria Quebeceko eta Kanadako lehena izan da, 2026ko ekainaren 9an, Arbolen Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu duena.
Atari-aurreko txakur horrek, zaldi-lasterketako behorrak, zezen plazako idi joaldunak eta abarrek eskubideak dituztela barneratu dugu. Bizimodu duina dakarren zaintza egokia zer-nolakoa den ere arautu eta lege bihurtu du pandemian txakurrak gu paseatzea bidezkoa zela arautu zuen jende txakurdun hark berak. Eta jendarteratzen ari da animalismo, barazkizaletasun, beganismo eta abarrekin batera.
Hagintari jende horrek berak, bakarren batek izan ezik, barazki baratzerik ez du izango, baina lore baratzea seguru baietz. Jakin nahiko nuke baratze horietan zer triskantza egiten diren garbitasunaren, estetikaren eta dotoreziaren izenean. Hiru helburu horiek nola arrazoitzen diren ere ikasgai beharko luke, ez dakit psikologiarako edo psikiatriarako edo albaitaritzarako. Entzungo duzu maiz, xelebrekeria bikainik, serio-serio esanda: “Aldamenekoak egin du eta guk ere egin beharko dugu”, “beti horrela egin izan da”, “arbola hori handiegia da”… Errepide ertzetara begiratu besterik ez dago. Aldundiko errepideen mantenurako ordenak ematen dituzten goi mailako teknikari arduradunek, hormigoitan edo betoitan ingeniariak direnek jakina, izugarrizko fobia diete arbolei, eta lepoa mozten diete, kandela itxuran utziz; urteetara, berak egongo ez direnean, bere biloba azpian harrapa dezakeen arbola ahula izango da, zauri horren eraginez. Antzeko gauzak ikusiko dituzu kale, parke eta etxarteetan.
Gurea bezalako jendarte aurreratu aitzindariak landareei ematen dien tratua, egungo pertsonen esklabutza bezala gero, gure alaben alabek ezingo dute ulertu. Garai batean animaliei ematen zitzaiena gaur iruditzen zaigun bezalaxe. Txakur bat ezin duzu nola hala arbola bati lotuta utzi, baina arbola horri lepoa moztu nahi badiozu inolako arazorik ez duzu izango. Aspaldi ari naiz ingurukoak gogaitu arte, esan eta esan, gure hurrengo belaunaldiak ezagutuko dituela landareen eskubideak babestuko dituen legedia.
Ezingo da nolanahi landare bat moztu eta bota, atera, inausi eta abar arrazoi zorrotzik ez bada tarteko. Hasteko, horra iristeko landareak nor badirela aitortu behar dugu.
Adimen Artifiziala (AA) boladan den honetan, gure adimenak beste bidezidor bati heldu behar dio. Artifizialtasun horri bazterreko erreka joarazi eta AB asmatu eta antolatu behar dugu. AB bai, Adimen Biologikoa, bizidun guztiak gu adina badirela baietsi eta ederretsi behar dugu. AB behar dugu.
Urteak dira landareen memoria, adimena, komunikatzeko gaitasuna, erabakiak hartzeko ahalmena, elkarlana sortzea, baliabideak partekatzea eta abar gero eta luzeago baten berri badugula. Adibidez, 1966an Cleve Backster CIAko poligrafoetan adituak frogatu zuen landareek memoria badutela. Esperimentu hau beste batean kontatuko dizut.
Eta bidea ireki da. Quebeceko Terrasse-Vaudreuil udalerriak arbolak ofizialki izaki bizidun gisa aitortzea erabaki berri du, beren eskubide propio eta guzti. 2.000 eskas biztanleko herri honetako zinegotziek 2026ko ekainaren 9an aho batez erabaki zuten arbolek babesa merezi dutela, "bizitzarako, hazkuntza naturalerako, osotasunerako eta birsorkuntzarako eskubidea barne". Era berean, Quebeceko eta Kanadako lehen udalerria izan da Arbolen Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu duena, nazioarteko ingurumen-talde saldo batek sustatutako ekimena. Artikulu nagusiek diote arbolak izaki bizidunak direla eta jendeteriaren ondasun komuna direla, Lurreko bizitza haien existentziaren mende dagoela eta pertsonek "ahizpatasunez eta elkartasunez" jokatu behar dutela haiekiko.
Tokitan gaude gu hemen! Hala ere, ekimen berritzaileen bila dabiltzan hainbeste zinegotzi eta alkate moderno ditugun herri honetan ea bide honi noiz heltzen zaion. Bide horri lotzen zaion lehen herria aitzindaria izango da, bai horixe.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545