Astelehenero 8:00etan zure epostan
Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote erreferentzia: txirritxori, zirringilo, irrigo edo kirrilo, adibidez. Beste batzuk artxilloi, arrandera, kapantxoi, apeztxori, elai beltz edo zori beltz dira. Azken honetatik (txori-beltz) etor daiteke izen ofiziala: sorbeltz arrunta (Apus apus).
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna/Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera 17-18,5 cm.
Hego luzera 40-44 cm.
NON BIZI DA? Herriguneetan.
ZER JATEN DU? Intsektu hegalariak.
BABES MAILA: Europa mailan babestua.
Eguraldiaren erakusle izateagatik ere bada ezaguna hegazti hau, Aztiri idazleak ere aipatzen du Lizarraga aldeko esaera: “Goizean txirrinoak egaran goitik, eguzkia ondotik”. Enara eman dezake airean hegan ikusiz gero, baina sorbeltza handiagoa izateaz gain, kolorez marroi iluna da, ia beltza guztiz, eta papar ingurua pixka bat argiagoa du. Bere hegalek arku itxura dute. Hegazti hau enaretatik bereizteko gakoa, hegan egiteko moduan dago: enarek hegalak astintzen dituzten bakoitzean tolesten dituzte; sorbeltzek, aldiz, ez. Herri inguruetan taldeetan hegan ikustea da ohikoena. Bere kantua uda-soinua izatearen arrazoia, negua Afrikan pasatzea da, eta maiatzean heltzen da gurera umatzera; horrela, enararena bezala, sorbeltzaren presentzia ere udarekin erlazionatu izan dugu euskaldunok beti.
Hegalari izugarri trebea da, egun bakar batean 1.000 kilometro egin ditzakeela kalkulatzen da eta kumatze garaian lurreratzen dira soilik; edan eta lotarako ere ez dira gelditzen. Hau horrela, ez dituzte hankak ia behar ere izaten eta hauek txiki-txikiak dituzte, hori bai, atzapar oso zorrotzekin, habiara sartzeko pareta ongi heldu ahal izateko. Izan ere, eraikinetako zirrikituetan umatzen dira. Aeroplankton bezala ezagutzen diren intsektu hegalariez elikatzen dira aho-zabalik hegan doazela. Gehien jaten dituzten intsektuak inurri hegalari, zimitz, euli eta eltxoak dira; beraz, hegazti hau inguruan izateak izugarrizko abantaila dakar eltxoen populazioen kontrolerako. Sorbeltzak urtero habia berera bueltatzen dira, bikote berberarekin. Nahiko luze bizi daitezke, 21 urteko sorbeltzen erregistroak badaude.
Nahiz eta mehatxu handiegirik ez duen, baditu batzuk. Alde batetik, umatzeko lekuen eskasia, eraikinak berritzen direnean hegazti honen umatzeko lekuak desagertzen baitira. Eraikinetan obrak umatze aldian egitea ere mehatxu da, aipatu bezala urtero habia berera bueltatzen baitira, eta andamioengatik zirrikituetara ezin sartu geratzen da. Gatazka hauek konponbide nahiko erraza dute eta denon artean aurrera eramatea izugarri onuragarria litzateke: eraikinak berritzerakoan habia-kutxak jartzea eta berritze lanak sorbeltzaren umatze garaitik kanpo egitea, gurera heltzen direnean umatu ahalko direla zihurtatzeko. Bestetik, nekazaritza geroz eta intentsiboagoa izateak dakarren pestiziden erabilera intsektu hegalarien populazioen izugarrizko beherakada eragiten ari da. Honek sorbeltzen populazioan eragina du, noski, beste hegazti intsektujaleetan bezala, janaririk gabe geratzen baitira. Azkenik, jende askok uste du sorbeltzek ezin dutela lurrean egonda hegan hasi eta hauei hegan egiten laguntzeko airera bota behar direla esaten da. Baina hau gezurra da, sorbeltz osasuntsu bati berdin zaio lurrean dagoen, primeran aireratu daiteke. Aireratu ezin den sorbeltz bat topatuz gero, hau gaixo edo ahul dagoen seinale da, beraz, mesedez, 112 zenbakira deitu eta basozainen bat gerturatuko da hegaztiaren bila.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545