Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean tronpetak diruditen “kru-kru-kru” hotsak entzuten dira. Begirada zerura altxatu, eta hara V itxuran hegan doan hegazti multzo eder bezain zaratatsu bat: kurrilo arruntak (Grus grus) dira, umatze lekuak utzita negua pasatuko duten eremuetara migrazioan.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera 96-119 cm eta hego-luzera 180-222 cm.
NON BIZI DA? Hezegune, zingira, laborantza soro, dehesetan.
ZER JATEN DU? Ezkurrak, lekaleak, zerealak, zizareak.
BABES MAILA: Europan babestua.
Euskal Herrian umatzen ez den arren, aski ezaguna da bitxia bezain liraina den hegazti hau, urtero baikara bere migrazioaren testigu. Hegan doazela ikusteko errazak dira gainera, alde batetik, ez direlako txikiak: 1,20 metroko altuera hartzen dute eta hegotik hegora 2 metro baino gehiago izan ditzakete. Bestetik, talde handitan migratzen dutelako.
Gris kolorekoa da kurriloa, hanka zein lepo luzeekin. Burua eta lepoa beltzak ditu, baina bi marra zuri irteten zaizkio begialdetik, mozorroa balu bezala, eta bi lerro zuriak lepoaren atzealdean elkartzen dira. Kasko gorria ere badu, begi gorriekin konbinatzen duena. Isatsak, aldiz, luma-motots bat dirudi.
Europa erdialde eta iparraldeko zingira eta hezeguneetan umatzen dira, eta urtean txito bat edo bi izaten dituzte. Uda amaitzean toki epelago batera migratzeko garaia da eta kurrilo familiak beste familia batzuekin elkartu eta migratzeko prestatzen dira: talde batzuek 3.000 kilometro baino gehiagoko bidea izango dute aurretik. Familia talde handi hauetan mantentzen dira bai migrazioan zein neguan ere. Europan zehar umatzen diren kurrilo gehienek Espainia hegoaldean igarotzen dute negua, eta hor gaude gu, erdibidean, urri eta azaroan zehar beraien hegaldiak miresten.
Negute eremuetara heldutakoan, hezegune inguruetan, laborantza lurretan eta batez ere, arte dehesatan igarotzen dute denbora, ezkurrak izugarri gustatzen baitzaizkie. Horiek agortzean ordea, elikagaiez aldatzea beste erremediorik ez dute eta zereal ale, erraboila, lekale, zizare eta barraskiloak jaten dituzte; noizbehinka, ornodunen bat ere bai. Gaua pasatzeko etzalekuetan biltzen dira, neguko gau hotzak igarotzeko elkarren goxotasuna bilatuz, agian.
Otsaila eta martxoa heldu bezain pronto ekingo diote berriz migrazioari, umatze lekuetara bueltatzeko. Oraingoan familiak banatu egingo dira, helduak lehenago abiatuko baitira, eta gaztetxoek, aldiz, beraien bideari hasiera emango diote. Euskal Herrian udaberriko migrazioan ere kurriloak ikusten diren arren, ez da udazkenekoa bezain deigarria izaten: batetik, familiak banatu ostean hegazti multzoak txikiagoak izaten direlako eta bestetik, bidea ekialderagotik egiten dutelako.
Gurean umatzeko zein negua pasatzeko hainbat faktore mugatzaile dituzte kurriloek: esaterako, gizakion eragozpenek eta linea elektrikoekin talka egiteak ugaltze arrakastan eragina dute. Negute eremuetan aldiz, larreen gutxitzeak, isilpeko ehizak edo etzalekuetan pairatzen dituzten eragozpenek kalteak eragiten dizkiete. Hala ere, zorionekoak gara, badaudelako Euskal Herrian negua pasatzen dutenak: kurrilo talde batzuk Nafarroa hegoaldean geratzen dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545