Astelehenero 8:00etan zure epostan
Araban energia berriztagarrien hedapena eztabaida bizian da azken asteotan, besteak beste, Solariak eraiki nahi dituen hemeretzi planta fotovoltaikoengatik. Multinazionalaren bi zuzendari ohi administrazio publikoan lanean hasi direla jakin da orain. Testuinguru horretan, Arabako Herri Unibertsitateak salatu du Solaria "gehiegikariaz" jokatzen ari dela, Eusko Jaurlaritzaren marko juridiko “kaotikoa", administrazioaren gardentasun falta eta ate birakarien itzala tarteko. EH Bilduk alegazioak aurkeztera deitu du.
Hautsak harrotzen ari da Araban energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren gaiak. Ostegunean Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Solariaren arteko harreman estua erakusten duten informazioak ezagutu dira. Naizek argitara eman duenez, 2023ko apiriletik 2025eko irailera bitartean Solaria Basque Countryko zuzendari izan zen Álvaro Saenz Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Proiektu eta Berrikuntza zuzendari izendatu dute lau hilabete direla. Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia da EEE, publikoa. Era berean, gaur egun Arabako Garapen Agentziaren (Foru Aldundiak sustatutako sozietatea) zuzendari berria den Borja García Ochoa Solariako lege-aholkulari izan zen. Gainera, García Ochoa Erriberabeitiako Udaleko EAJren zerrendako bosgarren postuan joan zen azken udal hauteskundeetan, El Correo-ren arabera.
Aurreko egunetan jakin dugu Solaria enpresa herrialdean 1.200 hektarea bereganatzeko bidean dela, hemeretzi parke fotovoltaiko eraikitzeko. Eusko Jaurlaritzan tramiteak pasatzen ari da proiektua, baina ez oharkabean.
Iragan asteburuan Zigoitia Bai herri plataformak salatu zuen Solariak Araban eraiki nahi duen planta fotovoltaikoen azpiegitura "bidegabea" dela. Baina ardura enpresari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere egotzi zion. Plataformak adierazi zuen administrazioak duen marko juridiko “nahaskorrak” ahalbidetzen duela halako egoera. Hain zuzen, oraingoan, Arabako Herri Unibertsitateak salatu du energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak instalatzeko araudiaren egoera “kaotikoaz aprobetxatzen” ari dela Solaria.
Arabako Herri Unibertsitateak energia berriztagarrien LPS lurralde plan sektorialari egin dio erreferentzia. Adierazi du halako proiektu handiek lurraldean martxan jartzeko beharrezkoa dutela plan sektorial sendoa indarrean egotea. Egun, baina, ez dago halakorik, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez duelako onartu. Araba erdialdeko lurralde plan partziala ere onartzeko bidean da oraindik administrazioa. Egoera hori euren interesetara eta herritarren bizkar baliatzea egotzi diote Solariari, eta beraz, enpresa egiten ari dena “gehiegikeria” dela salatu dute. Gaineratu dute ez litzatekeela halakorik gertatuko Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek “arduratsuago eta gardenago” jardungo balute.
EH Bilduk alegazioak aurkezteko deia egin du
Solariaren makro-proiektua tramitean dago Eusko Jaurlaritzan, baimena lortzera bidean. Orain, 30 eguneko epea ireki du Eusko Jaurlaritzak proiektuari alegazioak aurkezteko, eta EH Bilduk bide hori baliatzera deitu du. Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak asteazkenean adierazi du alderdiak “erabat arbuiatzen” duela Solariaren proiektua. Are, proiektuak kaltetutako hamahiru udalerritan (Gaubea, Kuartango, Iruña Oka, Erriberagoitia, Lantarón, Erriberabeitia, Armiñon, Zambrana, Berantevilla, Zigoitia, Zuia, Arratzua-Ubarrundia y Gasteiz) mozioak erregistratu ditu, eta proiektuen aurkako alegazioak aurkezteko deia egin die proiektuak kaltetzen dituen udal, erakunde eta norbanakoei. Halaber, salatu du energia berriztagarria Araban “ordenarik eta itunik gabe hedatzen” ari dela, eta “enpresa sustatzailearen eta lursailen jabeen interesek bakarrik” definitzen dutela azpiegitura horien kokapena.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria proiektuaren alde mintzatu da. Madrilen izan zen joan den urriaren 8an, besteak beste, Solariak babesten duen Forum Europan. Bertan, adierazi zuen “guztion borondatea” dela Solariaren proiektua egikaritzea: “Erakundeena, enpresena, baita esku hartzen duten askotariko eragileena ere”. Gaineratu zuen, halaber, proiektua aurrera ateratzeko “hirigintza, ingurumen eta sarera sartzeko zailtasun guztiak gainditu behar” dituztela.
Horrez gain, Berriak argitara eman du Ekienea enpresak 108 eta 125 megawatt arteko zentral fotovoltaiko bat egiteko aurretiazko administrazio baimena jaso duela Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren partetik. Parkea Armiñonen (Araba) jartzea aurreikusten dute. Enpresaren jabetzaren %75 Iberdrolak du; EEEk %18, Mondragon Korporazioko Krean enpresak %5, eta Arabako Foru Aldundiak %2.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545