Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean

Kantari ergela

"Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera" zioen Pedro Mari Otañok, eta txikia bada, bai horixe! Baina zentimetro erdigatik ez da txikiena, Mikelete-txoria edo erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapilla) baita pittin bat txikiagoa. Hala ere, hainbat esaera, hitz eta bertso sortu ditu hegazti honek. Bera da hain zuzen ere, Euskal Herrian hainbeste kantatu diren Otañoren bost bertsoren protagonista: txepetxa (Troglodytes troglodytes).

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko azaroaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Txepetxa (Troglodytes troglodytes)

TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.

NEURRIA: Mokotik isatsera: 9-10,5 cm. Hego luzera: 13-17 cm.

NON BIZI DA? Sastraketan.

ZER JATEN DU? Zomorroak.

BABES MAILA: Europa mailan babestuta.

 

“Euskal lurreko txorietan dan
txikitxoena da bera,
gaztain kolore bakarrekoa,
nahi bada ez da ederra
begi argiak, buru xanpala, 
moko ttenttea aurrera 
gorputza motxa, hanka laburrak, 
xaltokako ibilera
xalapartako hegalaria 
eta kantari ergela” 

Primeran deskribatzen du Otañok txepetxa, sasi artean ibiltzen den txori txiki hau. Kantuak tamainarekin bat ez datorrela ematen du askotan, izugarrizko potentziarekin kantatzen baitu txiki honek eta kanta oso nabaria eta dotorea dauka gainera: “Zizizizi txirrrrr sui-sui-sui” eta bestelako doinuez gain, bereizgarria du kantuaren erdi partean egiten duen “txirrr” soinua.

Zomorro jalea da txepetxa eta gizakiaren ondoan erraz moldatzen da. Habia bitxiak egiten ditu, goroldiozkoak eta zulo batekin, goroldiozko kobazulo bat izango balitz bezala. Izan ere, hortik datorkio izen zientifikoa Troglodytes troglodytes, trogloditei bezala, “kobazuloak” gustatzen zaizkiolako. Otañoren esanetan, bi zulorekin egiten ditu: 

“Ta edozeinek esan lezake
berari begiratzean,
arretarikan ez dadukala
egin leioken gaitzean;
ez-idurian hark kabiari 
beste zuloa atzean
egiten dio, handik joateko
aurrekoa tapatzean,
erakutsiaz pentsa zagula 
nola atera sartzean”.

Euskal Herrian gehienbat txepetxa edo epetxa bezala ezagutzen den arren, baditu izen bitxi batzuk hegazti honek: ‘erritterritt’ edo ‘irritirritte’, esaterako. Iparraldean ‘errepittit’, ‘erregepitita’, ‘erregetxopit’ edo ‘pettittarrege’, errege-txiki bati erreferentzia eginez edo. Eta honek nahasmenera eraman gaitzake, erregetxo bekainzuria beste txori bat baita. Baina Iparraldean txepetxari ‘pettittarrege’ deitzearena, R. M. Azkuek, Euskaleriaren Yakintza (1935) lanean, Nafarroa Beherean jasotako kontakizunetik etorritakoa izango da: “Xoriak elgarretarat bildu ziran erregeren hautatzeko eta elgarrekin erabaki zuten gorenik igaiten zena errege izanen zela. Abiatu zirenean pettitterrege arranoaren gainean jarri zen. Laster xori guztiak, arranoa salbu, akiturik erori ziren. Hori ikustearekin arranoak egin zuen bere baitan eta gero erran ere bai: 'Ni nauk errege'; eta beheiti abiatu zen. Orduan pettitterrege hegaldatu zen eta hura bezik zeru-gainean ezpitzen, orok erregetzat hautatu zuten”. Eta horrela egin zen txepetxa hegaztien errege, hortik ‘erregepettitta’.

Hegazti txiki hau ehiztarien buruhauste ere bada, Ibarrurin ‘oillagor txikixe’ eta Nafarroa Beherean, Domintxainen, ‘bakadain hümia’ deitzeraino. Hernaniarren arabera, “usaina oilagorraren tankerakoa dauka; txakurrak nahastu egiten dira oilagorrarekin. Honek izorratzen du ehiztaria”.

Udazken tronpetak
Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean... (+)
Enborrik zulatzen ez duen okila
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen... (+)
Enborrik zulatzen ez duen okila
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen... (+)
Lo airean egiten duena
Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote... (+)
Mari zuria, elurrak urtzen dituena
Anbotoko Mari ezagutzen dugu askok, Aralarko dama, Aketegiko dama eta beste izen ugariz ere ezaguna dena. Amalur izaki gorputza hartua da Mari, gure jainkosa, euskaldunon... (+)
gora