Maiatz luzeak belarrak jan.

Ur azpiko ibiltaria

Erreka bazterrean “tit-tit-tit” entzun da. Hara! Hegazti bat doa ur-gora hegan, eta ur azal gainean dagoen arroka batean geratu da. Ezin da geldirik egon, tarteka isatsa jaisten du, hankak ere tolestu eta erdi-makurtuta, batzuetan hegalak erdi-zabaltzen dituela. Eta zast! Begi kliska batean ur azpian sartu eta mokoan intsektu bat duela atera da.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko abenduaren 29a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
UR-ZOZOA (Cinclus cinclus)

TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik isatsera 17-20 cm eta hego luzera 25-30 cm.
NON BIZI DA? Erreka eta ibaietan.
ZER JATEN DU? Ornogabe urtarrak.
BABES MAILA: Europan babestuta.

Tamainaz zozoaren tankerakoa da, baina lodikotea, hegal txikiko eta isats motza izanik, mozkote xamarra da ur-zozoa. Arre kolorekoa du gorputz osoa, paparra izan ezik, hau zuria baitu. Erreketan bizi den hegaztia da hau; hain zuzen ere, bere izen guztiek egiten diote erreferentzia horri: errekazozo, urtxori eta, ofiziala, ur-zozo (Cinclus cinclus). Ibai, erreka eta ur-lasterren inguruan bizi den hegaztia da, ornogabe urtarrak baitira bere elikaduraren oinarria: trikoptero, burruntzi eta ur-zorriak, besteak beste. Lapurdiko Dassancek eta Elizalde idazleek ere kontatu ziguten hori: "Zer-nahi har eta xixari jaten omen du ur barnean: arrainik, ez”. Ornogabeak harrapatzeko duen teknika berezia da. Ur-zozoa ur azpira sartzen denean guk ere burua sartuko bagenu, ur hondoan ibiltzen dela ikusiko genuke. Hanka-puntetan eta hegalak erdi zabalik dituela mugitzen da hondoko arroka artean, eta arroka batzuk iraultzen ditu, xomorro bila. Bere odolak, beste hegazti txiki batzuk baino oxigeno gehiago darama. Horri esker, urpean 30 segundo irautera heldu daiteke, nahiz eta 10-20 segundoko urpe-aldiak diren ohikoenak. Ehizatzeko ur garbi eta azkarrak ditu gustuko.

Habia egile arrunta da Euskal Herriko eskualde heze gehienetan, eta urriagoa, aldiz, eremurik lehorrenetan. Habia ur-bazterrean egiten du: ur-saltoen atzealdean, errota zaharren paretetan edo zubi azpietan aurkitzen dituen harri-zuloak baliatzen ditu. Martxo-apiril aldera ekiten dio habia eraikitzeari bikoteak, zulo horiek goroldioz eta lastoz beteta, eta bertan erruten ditu arrautzak emeak. Urtean 2-3 errunaldi izan ohi dituzte eta bakoitzean 4-5 arrautza erruten dituzte. Arrautzak inkubatzen dituena emea izaten da, nahiz eta momentu labur batzuetan arrak erreleboa hartzen dion. Batez beste 16 egun behar izaten dituzte arrautzek eklosionatzeko eta behin txitak jaiota, bi gurasoek elikatzen dituzte 18-22 egunez, txitak oraindik  habian daudela. Hala ere, txitak habiatik kanpo daudenean ere gurasoek haiek elikatzen jarraitzen dute, geroz eta gutxiago, txitek haien kabuz elikatzen ikasi arte.

Gurean populazioak egoera onean daudela badakigu, baina erreketara hain lotuta dagoen espeziea izanik, erreken eta horien arroen eraldaketa zein uren kutsadura espeziearentzat kaltegarri dira. Kalte horiek batzuetan zuzenak izan ez arren, erreketako ornogabeak kaltetzen dituzte. Eta ornogabeak desagertzen edo asko murrizten badira, ur-zozoa elikagairik gabe gelditzen da.

Kantari ergela
"Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera" zioen Pedro Mari Otañok, eta txikia bada, bai horixe! Baina zentimetro erdigatik ez da txikiena, Mikelete-txoria edo erregetxo... (+)
Udazken tronpetak
Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean... (+)
Enborrik zulatzen ez duen okila
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen... (+)
Enborrik zulatzen ez duen okila
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen... (+)
Lo airean egiten duena
Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote... (+)
gora