Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da: lepitzulia (Jynx torquilla).
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik-isatsera 16-17 cm eta
hego-luzera 25-27 cm.
NON BIZI DA? Baso eta baso ertzetan.
ZER JATEN DU? Intsektuak, inurriak gehien bat.
BABES MAILA: Europan babestuta.
Baina bere ahaideekin konparatuz gero, berezi samarra dela esan dezakegu. Beste okil espezieek kolore deigarriak dituzte: okil berdea eta okil beltza, izenek dioten koloretakoak dira; okil handi, ertain, txiki eta gibelnabarrek, aldiz, kolore zuri-beltzak dituzte. Eta guztiek dute kasko gorri deigarri bat. Guztiek, lepitzuliak izan ezik, honek kolore kriptikoa baitu, hau da, kolore arre grisaxka du, puntu eta marra ilunagoak dituena. Zatak edo harrapari gautarrek duten kolorearen tankerakoa. Itxuraz ere, paseriforme baten (txantxangorri edo txolarre bat adibidez) antz handiagoa dauka okil batena baino: lurrean saltoka mugitzen da eta adar horizontaletan jartzea du gustuko, ez ordea enborretan gora eta behera ibiltzea bere ahaideak bezala. Hau dela eta, bere ahaideek buztaneko lumak gogorrak dituzten arren –enborrean buztana enborraren kontra jartzen dute egonkortasuna irabazteko–, lepitzuliak buztaneko lumak bigunak ditu, beste hegaztiek bezala. Baina okilen ezaugarririk bereizgarriena, habiak egiteko zuhaitz enborretan zuloak egitea dela esan daiteke. Lepitzulia aldiz, honetan ere ez dator bat bere ahaideekin, ezin baitu enborretan zulorik egin –ez dauka bere ahaideek bezalako moko gogor eta zorrotza– eta ondorioz, beste hegazti batzuen habiak eta zuhaitzetako zulo naturalak aprobetxatzen ditu habia egiteko. Hau dela eta, basoak ditu gustuko hegazti honek, baina bere ahaideek ez bezala, ez ditu baso oso zabalak behar. Baso ertzetara eta beste habitat mota batzuetara zein nekazal ohitura batzuetara nahiko ongi moldatzen den espeziea da: fruta-arbolen laborantza lurrak, mahastiak zein larre estentsiboak habitat egokiak izan daitezke. Baina zuhaitz helduak behar ditu, zuloetan egiten baitu habia eta ez duenez enborra zulatzeko gaitasunik, zuhaitzetan dauden zuloak aprobetxatzen ditu.
Okil berezi samarra dugu lepitzulia. Nondik ote datorkio izena? Lepitzulia: lepoa itzultzen, biratzen duena. Espezie honen ezaugarri esanguratsuenetako bat baita hau. Erasotuta edo arriskuan sentitzen denean, bere lepo luzea luzatu eta ezker-eskuin mugitzen du, sugea balitz bezala, horrela, erasotzaileak suge baten aurrean dagoela pentsatuta, alde egin dezan.
Europa ipar-ekialdean lepitzuliaren populazioa jaitsi egin da eta horretan eragina izan du klima larrialdiaren ondorioz umaldi garaiko euriteak emendatu izanak. Horrez gain, Euskal Herrian nekazaritzaren intentsifikazioa mehatxua da espeziearentzat, hainbat arrazoirengatik: pestizidek inguruko intsektuak akabatzen dituzte eta ongarriek larre eta laborantza lurretan belarren dentsitatea areagotzen dute –lepitzuliari ehizan egitea zailduz–, besteak beste.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545