Bi argazki aterako dizkiogu gure memoriari: batak Nafarroako Bardeetara eramango gaitu. Bertan, hautsez beteriko pista baten aldamenean, belar luzez osaturiko zelaitxo bat aurkituko dugu. Argazkiak erakutsiko du herpetologo gazte bat bertan barneratzen: begiak erne, zer ikusiko. Baina ikusi baino, mugimenduak sumatzen ditu batean eta bestean. Mugimendu azkarrak; zein animaliarenak diren ikusten uzten ez dutenak.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna/Narrastia.
NEURRIA: 43,5 cm (isatsa barne).
NON BIZI DA? Sastrakadi mediterraneoan, belardian, txilardian...
ZER JATEN DU? Ornodun txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Memoriaren bigarren argazkiak Bizkaiko kostan kokatuko du herpetologoa. Getxoko itsaslabarren goialdeko txilardietan. Itsasoko usaina eta olatuen soinua. Txilarrei so doa batera eta bestera, narrastiren bat ikusteko peskizan. Begien aurrean, ordea, mugimendu azkarreko itzalak baino ez ditu ikusten. Txilar adarren artean ezkutatzen dira.
Bardeetako desertuko belardian, zein itsasoari begira dagoen txilardian, itzal eta mugimendu azkarrek jabe bera dute: eskinko hiruhatza. Hiru hatz baino ez dituen hanka txikien jabeak suge itxurako bere gorputza erabiltzen du isiltasunean, sigi-sagan, landaretzan barrena mugitzeko. Mugimendu azkarrak eta arinak dira.
Eskinko hiruhatza narrasti deigarria da. Eta deigarria da ere, horrelako forma berezia duen animalia batek horren atentzio gutxi jaso izana gizakiaren aldetik. Suge forma du, baina ez da sugea. Muskerra da, baina hankak txiki-txikiak ditu; eta hori gutxi ez eta, hiru hatz baino ez ditu hanka bakoitzean. Bizkarraldea arrea du, horizta edo zilar ukitu batekin, eta beti bederatzi-hamaika marra paralelo ilun ditu aurretik atzera jarriak. Eskinko hiruhatza berezia denik ezin ukatuko dugu.
Berezia da bere banaketa ere. Jatorri mediterraneoko espeziea izanik, Euskal Herri hegoaldean ikus daiteke batez ere, eremu lehorretako belardietan, ezpondetan, sastrakadietan, esaterako; baina ikus daiteke baita ere, Bizkaiko kostaldean, bai dunetako landaretza eta harrien artean, bai itsaslabarren gainaldeko belardi hezeetan. Euskal Herrian, Bizkaiko itsas mailatik hasi eta Nafarroan 900 metroraino ikusi izan da.
Espezie honen behaketak egiteko garairik onenak martxoa eta urria arteko egun eguzkitsuak dira Nafarroan. Aktibitate handiena eguerdi aldera izaten duten arren, garairik beroenetan, goizeko lehenbiziko izpietara eta ilundu aurreko orduetara mugatzen du bere aktibitatea, berorik handienak saihesteko. Ornogabe bila ibiliko da orduan landaretzaren artean. Besteak beste armiarmak, koleopteroak eta hemipteroak jango ditu, baina erne ibili beharko du. Izan ere, predatzaile asko ditu kontrario: eskinkoa mokadu ona izan daiteke, besteak beste, Montpellierko sugearentzat, suge leunentzat, gardatxoarentzat eta hainbat ugaztun eta hegazti espezierentzat.
Horrek erakusten du, zergatik eskinkoak ez zion herpetologo gazteari bere gorputz eder eta berezia erakutsi nahi izan Bardeetako belardian eta Getxoko txilardian. Isilean eta landaretza artean ezkutatuta ibiltzea baino estrategia hoberik ez baitu izango harrapatua izan nahi ez badu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545