Astelehenero 8:00etan zure epostan
Epel eta berotik joan da. Bada Durangon abendu hasieraero azoka berezi bat, “euskal kulturaren azoka” esaten zaiona. Bertan Bizi Baratzearen inguruko lurzaleon egunetako kongresua izaten da eta aurtengoan giro epela eta giro beroa izan dira.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Giro epela eguraldiaren aiekatik: ateri eta egun gehienak eguzkitsuak. Jendea gogotsu hurbildu da eta eguraldiaren joera izan da maiz hizketari ekiteko bide. Giroa beroa izan da eman-hartuaren aiekatik: bosteko, besarkada, laztan, maite-maite, orakada, musu, hitz eta ele leun, adore eta hats emate. Berotasun hori ez da hizpide soila, lurraren kulturaren aldeko ekinari eutsi eta are eta gehiago eragin eta ufatzeko erregai bikaina da, pago-pitzakia (Fagus sylvatica) adinakoa behintzat bai.
Hotza behar dugu, baina. "Zer gertatzen ari da eguraldiarekin?", izan da galdera nagusietakoa lurzaleon azokako txokoan. Zer atarramendu espero behar dugu datorren udaberrian baldin eta giro honek epelkeriari badarraio? Hotza behar dugu.
Garai batekoen aldean tenperatura epelagoak ditugu egun neguan; -5°C-ko tenperatura muturrekoa dela uste da. Aldaketa horrek gure paisaiaren etengabeko eraldaketa bizkortu du: garrazkiak, olibondoak (Olea europaea), ahuakateondoa (Persea americana) eta abar nonahi topatuko dituzu isurialde atlatikoan. Hotza funtsezkoa da gure inguruneko landarediarentzat, baita elikagaiak sortzeko nekazaritzakoentzat ere.
Lurrean eragin handia du hotzak: egitura hobetzen du, adibidez, buztin lur itoak laxatu. Bestela soro eta baratzeetan erruz ugaritu eta haziko liratekeen sapelarra (Stellaria media) eta antzerako belarrak atzeratzen ditu.
Neguan freskura eta hezetasuna gustuko dituzten makina bat landarek zikloa osatzeko, lorea ireki eta fruitua emateko, nahitaezkoa dute hotz gradu jakina. Hotz horrek, atzea nola dantzatu erakusten duen aurre horrek, ikusarazten die ondoren udaberriaren epelkeria datorrela, eta loraldiak suspertzen ditu.
Gaitzak eta izurriteak atzeratzeko ere ederra da hotza. Azken urteetan gurera ekarri ditugun porruaren sitsa (Allium porrum - Phytomyza gymnostoma), intxaurrondoaren eulia (Juglans regia - Rhagoletis completa), geranio arruntaren harra edo tximeleta (Pelargonium spp. - Cacyreus marshalli) eta ezpelaren sitsa (Buxus sempervirens - Cydalima perspectalis), adibidez, taxuzko hotzak ederki jipoitzen ditu eta bere biziraupena kolokan jarri, landareon hurrengo udaberriko izerdialdi berriko bizimodua lasaituz.
Hotzak baita ere gozamena dakar. Aza jende, porru eta antzeko neguko barazkiek, hotz handiei aurre egiteko erreserbetarako pilatuta dituzten azukre konplexuak deslotu eta azukre arinagoak prestatzen dituzte izozteei aurre egiteko. Azukre horiek ederki antzemango ditu gure aho sabaiak. Izotzak pasatako barazkiak onenak direla esan ohi da eta sona handia izan dute Otxandio eta Oleta bezalako leku oso hotzetakoek.
Betor hotza, arren! Baratzea osatua eta mandio bete jaki eta edari pilatu ditugu udan eta udazkenean. Eta behar duenik bada, eska beza.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545