Astelehenero 8:00etan zure epostan
Beste askotan bezala, amorruaren eta inpotentziaren gordina estali nahian hasi naiz gramatikaren itsasoan igerian. Alferrik, ordea. Hemen ari naiz, goizean idatzitakoa pantailaren azpialdera bidaltzen, lerrook idazten ari naizela. Hego haizeak astindutako geranioak ureztatzen ari nintzela erabaki dut: ekintza gramatikal zuzena.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Elurraren aurreko haizeteek, beti bezala, utzi zizkiguten lanak bazterretan. Berriro motozerrak martxan bideak libratzeko, kalera jaitsiko bagina. Bai, hori da, etxeko motozerra –norena bestela?–.
Etxera datorren bide publikoaren bazterrean, beste behin, alertze batek erabaki du hego haizearen kontrako borrokan amore ematea, eta burua beste alertze baten gainean pausatu du. Argindar sarea ere hartu du pausaleku, ezin saihestu. Azaroak 14 ditu, ostirala. Hurrengo astean, elurra etorri zen hari ere estalki zuria janztera, eta nekearen nekeaz, eta pisuaren pisuaz, gure protagonista gero eta okerrago dago, gero eta akituago, dena delakoaren gainean etzateko gogoz. Bera horretan dela, gu Damoklesen ezpata nola, zain gaude noiz geratuko garen argindarrik gabe.
Azaroaren 16an deitu genuen lehendabizikoz Iberdrolara. Eskerrik asko abisuagatik, mantentze zerbitzuari pasa diogu abisua. Handik ordu erdira: presazkoa da ala bihar joanda nahikoa da? Atzean, ume txiki baten ahotsa: aitatxo, etorri! Lasai, bihar etorrita ere, ongi.
Azpikontratutako enpresako langilearen –edo nagusiaren?– biharamuneko deiak zur eta lur utzi gintuen, alertzea baino abailduago: etxeko iturria hondatzen denean iturginari deitzen diozun bezala, baso-lanetan aritzen den enpresa bati deitu beharko diozu zuhaitza kable gainetik kentzeko. Antza, hamabost egun lehenago Iberdrolak eta azpikontratek Madrilen izandako bileraren akordioa horixe izan zen: etxeetara doan sarea zuhaitzengatik kaltetuz gero, ez da mantentze lanik izango; etorriko dira argindar zerbitzua eteten den momentutik aurrera, sarea jostera.
Egunen joanean, Iberdrolaren matxuren zenbakira deitzeak sortzen duen frustrazioaren jakitun balitz bezala, alertzeak gero eta bihurriago eta zartatuago zuen lurrari eusten zion enborraren aldea.
Udaletxera jo dugu, laguntza eske. Ezer berririk ez, Bermudetako Hirukian desagertutako etxea gara. Azkena, abenduak 5 zituela, bertako idazkariak proposatu zigun udaletxean eskaera formala erregistratzeko. Gure existentziaren frogagiria –baita alertze abailduarena ere–. Asteotako galdera nonahikoari bidea eman nion hantxe: noren ardura ote litzateke alertzea eta kablea inoren gainean erortzekotan? Erantzuna: zuhaitzaren jabearena. Harrezkero, buelta eta bira ari zait egoeraren Bermudetako surrealismo gordina, eta zorabio betean, 112ra deitzea ere pasa zait burutik.
Izan ere, nori, bestela, deituko lioke edozein kaletarrak kale kaskoan horrelako egoerarik ikusiko balu? Nortzuk joango liratekeen ez luke axola, kontua da handik eta hemendik zerbitzuak martxan jarriko liratekeela ahalik eta lehenen egoera konpontzeko, inor arriskuan egon ez dadin.
Hemen ez. Hemen bide publikoa pronto pribatizatzen da. Eta mendia. Eta bizitzak. Komeni bada. Eta komeni da.
Alfer-alferrik izango ditu Iberdrolak identifikatuta giza eskubideetan izan ditzakeen eraginak. Zertarako zehaztu horniduraren oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak eskuratzeko kalitatea? Zertarako lotu etika eta integritatea berdintasuna eta diskriminazioarekin? Hori dena eta gehiago jasotzen du Iberdrolak webgunean. Zertarako, gerora lurreratzen eta gauzatzen ez badira, arrantzatu nahi dituzten akzionisten loa zaintze aldera ez bada?
Bitxia da oso nolatan Iberdrolak zenbat diru inbertitzen duen goi tentsioko lineetan, ze erreparo gutxi dituen erdi tentsioko lineetatik zuhaitzak kentzeko, bata bestearen atzetik. Tentsio baxukoak, baina, erortzen utzi. Zer da baina mendian bizi den jende hori, etekin ekonomikorik ez badago?
Beti izan dira klaseak eta klaseak. Eta gero desklasatuak, Bermudetako Hirukian bizi diren horiek. Horiexek gara gu, mendian eta landa-eremuan bizi garenok.
Konturatzen zarenean oinarrizko eskubideak kapitalaren egituretatik kanpo atera ezean dena ilunpetan geratzen dela flipatu egingo duzu.
Flipatuko, jabetzen zarenean giza eskubideak diskurtsoetan txertatu izana ez dela zure garaipena, baizik euren plusbalioa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545