Astelehenero 8:00etan zure epostan
Es Trenc-en bildutako manifestariek proiektu estrategikoak azkartzeko legea bertan behera uzteko eskatu dute. Lege horrek Balear Uharteetako ingurumen-balio handiko zenbait guneren arau aldaketak erraztu litzake, turismoagatik arras preziatuak baitira gune horiek.
HIru kilometroko giza katea egin dute igande honetan, es Trenc babesteko.
10.000 pertsona inguruk hiru kilometroko giza katea osatu dute igande goizean Es Trenc hondartzako (Mallorca, Herrialde Katalanak) kostaldearen lerroan, Balear Uharteetako parke natural enblematikoenetako baten defentsan. GOBek, Terraferidak eta 'Menys Turisme, Més Vida' erakunde ekologistek deitu dute mobilizazioa, “Salvem es Trenc!” lelopean. Antolatzaileen erranetan, 10.000 pertsonak hartu dute parte giza katean.
PPk, Voxen babesarekin, Omnibus Legea aldatu du maiatz honetan, eta horren aurka protesta egin dute. Izan ere, lege horrek parkeko edozein arau aldatzeko bidea erraztuko du, ez baita, orain arte bezala, Parlamentu autonomikotik pasatu beharko.
Trenc-en kasuan, araudi berriak indarrean dauden debekuak kentzea erraztuko lukeela diote ekologistek; bertzeak bertze, azpiegitura energetikoei, linea elektrikoei, arrantzari, ehizari, ura erauzteari, hondarra ateratzeari, aparkalekuei eta parkeko habitatetan eta espezieetan eragin nabarmena izan dezaketen bestelako jarduerei dagokienez.
“Marko juridiko hau neurrira egina dago Es Trenc eraikuntzaz, apartamentuaz, hondartzako zerbitzuz eta mota guztietako erabilera turistikoz betetzeko. Mauka zabal pixka batekin eta borondate onarekin, apartamentuak, hotelak eta eskaintza osagarria iritsiko dira”, adierazi dute manifestariek, eldiario.es hedabidean Neus Bonacasak jaso duenez.
Gainera, etorkizunean bertze naturagune babestu batzuei eragin diezaiokeela ohartarazi dute, haien ustez, lege horrek ingurumen esparru juridikoa ahuldu egiten baitu: "“Mallorcako lurraldearen %80 arriskuan uzten du”.
Aipatu hedabidearen arabera, antolatzaileen iritziz “irlaren hegoaldeko Magaluf bat” izan liteke emaitza: “Resort-ak izanen dira, beach club-ak izanen dira, rooftop-ak eta infinity pool-ak dituzten hotel boutique-ak izanen dira. Potxolada bat izanen da”, komentatu dute ironiaz.
Horregatik guztiagatik, legea gibelera botatzeko eskatu dute, Balear Uharteetako Nekazaritza Legearen xedapen desarautzaileak geldiarazi eta kentzeko, eta landa-lurretan eraikitzea erabat debekatzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545