Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bartzelonako Hiri Ikerketa Institutuaren ikerketaren arabera, bero boladen ondorioz hiltzea klima-aldaketak larriagotzen dituen gizarte desberdintasunen ondorio da. Bertzela erranda, muturreko beroak pertsona gehiago hiltzen du etxebizitza zaharrak, errenta txikiagoa, eta bizitokia hozteko ahalmen urriagoa duten auzoetan. Adineko emakumeei eragiten die gehien.
Eguzkiak Euskal Herriko teilatu guztiak berdin jotzen ditu, baina ez ditu etxe guztiak berdin berotzen. Batzuek itzalpean eta aire girotuarekin igarotzen dituzte egun beroenak; bertze anitzek, berriz, etxe itogarrietan edo kalean lan eginez. Gero eta ohikoagoak dira bero boladak, eta horiei aurre egiteko leku fresko eta klimatizatuetan mantentzea gomendatzen dute erakundeek, baina hori ez dago herritar guztien esku.
Izan ere, tenperatura altuen ondorioz mundu osoan 560.000 pertsona hiltzen dira urtero, Lancet Countdown behatokiaren arabera. Larrialdi klimatikoarengatik, gainera, 90eko hamarkadatik hona muturreko beroak eragindako heriotzen kopurua %23 hazi da. Hego Euskal Herrian ekaina honetan 207 pertsona hil dira arrazoi berdinagatik.
Beroak jota hiltzea ez da “istripu meteorologiko bat”, ordea. Bartzelonako Hiri Ikerketa Institutuak (IDRA) ortzegun honetan aurkeztu duen ikerketa baten arabera, “klase eta gizarte desberdintasun kontua” da: “Hilkortasuna eta beroak eragindako sufrimendua klimak anplifikatzen dituen, baina sortzen ez dituen, desberdintasunen ondorio dira”.
Ikerketa horrek Bartzelonako barrutia (Herrialde Katalanak) du ardatz. 5,9 milioi pertsona bizi dira bertan, 311 udalerritan banatuta, eta bertako herritarrek bero-boladari aurre egiteko dituzten aukeren diagnostikoa egin dute. Txostenaren arabera, Bartzelonako etxeen %57,2k aire girotua dute: aparatu hori edukitzeak beroak eragindako heriotzak %28,6 murrizten ditu.
Tamalez, batzuentzako luxuzko gailua da, txostenak agerian utzi baitu errenta altuak eta baxuak dituzten etxeen arteko arrakala. Lehenengoek ia bikoiztu egiten dute errenta baxuko etxeen aire girotuaren estaldura: hilean 1.000 eurotik beitiko diru-sarrerak dituzten etxeen %38,9k bakarrik dute hozte-sistemaren bat, eta proportzio hori %71,2raino igotzen da hilean 3.000 eurotik goiti dituzten etxeetan.
Beraz, beroari aurre egiteko aire giroturik ez edukitzea prekarietatearen adierazlea da, baina ez bakarra. Ikerketaren arabera, errenta baxuak dituzten etxeen %14k baino ez du isolamendu egokia; dirudunen etxeetan, berriz, ehunekoa %33tik gorakoa da. Baina beroa ez da etxeko atean gelditzen, eta, beraz, txostenak kontuan hartzen du, halaber, zein den konfort klimatikoa lantokian eta eskolan –ikastetxe publikoen erdia oraindik ez dago egokituta– edo berdegune edo babesleku klimatikoetara iristeko aukera.
“Arrisku profila konstantziaz errepikatzen da aztertutako olatu guztietan: adineko emakume bat, gaixorik, errenta baxuko auzo batean, aire giroturik gabe”
Bertzalde, faktore nagusietako bat errenta izan arren, adina ere erabakigarria da: 2022ko udan, 80 urtetik gorako pertsonak hamar aldiz gehiago hil ziren 65-79koak baino, ikerketak landutako datu estatistikoen arabera. Generoak ere badu eragina: emakumeei %56 gehiago eragiten die.
“Arrisku profila konstantziaz errepikatzen da aztertutako olatu guztietan: adineko emakume bat, gaixorik, errenta baxuko auzo batean, aire giroturik gabe”, nabarmendu dute egileek. Zehaztu dute olatuaren intentsitateak azaltzen duela zergatik hiltzen den jende gehiago urte batean bertze batean baino; baina "errentaren, etxebizitzaren eta zaintzaren banaketak" azaltzen duela "nor hiltzen den zehazki urtero".
Ikertzaileen ustez, aire girotua ezinbertzeko tresna da bizitzak salbatzeko, baina adierazi dute ezin dela irtenbide bakarra izan. Udako erosotasun termikoa neguan hotzetik babestearen pareko eskubide bihurtu behar dela defendatu dute, eta aire girotuaz haratago doazen neurriak proposatu dituzte, trantsizio energetiko justuari” heltzeko; hala nola, eraikinen isolamenduan hobekuntzak egitea, hiri-parkeen azalera handitzea, eta babesleku klimatikoak sortzea, lurralde zaurgarrienak lehenetsiz.
Gainera, ekologistek aire girotuari egiten dioten kritikaz gain —tenperatura altuen arazoa larriagotzen duen hozte-metodoa—, ohartarazi dute sistema horrek ez duela berdin funtzionatzen etxebizitza guztietan: “Bero-bolada batean, hiriko bero-uharte batean kokatutako isolamendurik gabeko pisu batek egunez egun barne tenperatura metatzen du, aire girotua izan arren, bertan bizi diren adinekoen edo gaixoen osasunarekin bateraezinak diren erregistroetara iritsi arte”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545