Astelehenero 8:00etan zure epostan
Desagertuen datu zehatzik ez dagoen arren, 1.579 lagun izan daitezkeela uste da. Gobernua pixkanaka jendeari etxeak ematen, eta zerbitzu publikoak hobetzen ari den arren, nazioarteko laguntzak beheiti egin du, eta Munduko Bankuak ohartarazi du berreraikitze geldo batek datorren hamarkadan Venezuelako susperraldi ekonomikoa geldiaraziko lukeela.
Makinaria Venezuelako lurrikarek eragindako hondakinak erretiratzeko lanetan.
Venezuelako Gobernuak astelehenean argitaratutako balantza ofizialaren arabera, 6.509 pertsona hil dira duela bi hilabete La Guaira hirian izandako bi lurrikaren ondorioz; 71 hildako gehiago joan den abuztuaren 17ko balantzearekin alderatuta. Parlamentuko presidente Jorge Rodrígezek eman ditu datuak, eta, haren arabera, 226.696 pertsona artatu dituzte ospitaleetan, 140.338 gehiago joan den asteko balantzetik.
La Guairan izandako lurrikaretatik bi hilabetera, gorpuak bilatzen jarraitzen dute. Agintariek ez dute desagertutakoen zifra ofizialik eman, baina abuztuaren 4an eskualde horretako gobernadore Alejandro Teránek Caracol Radion baieztatu zuen momentu hartan 1.579 pertsona inguru zeudela desagertuta.
Gobernuak etxerik gabe gelditu direnei emandako etxebizitza kopurua, berriz, 335ean mantendu da; 1.172 pertsona izan dira onuradunak. Gobernuak urtea amaitu baino lehen 4.000 etxebizitza baino gehiago emateko konpromisoa berretsi du. Dagoeneko 60.785 etxe ikuskatu dituzte, eta horietatik 11.001ek “arrisku handiko” kalteak dituzte.
Bertzalde, 600.790 tona zabor bildu dituzte. Venezuelako gobernuburu Delcy Rodríguezek erran duenez, lurrikarek kaltetutako guneetako hondakinen %28 kendu da dagoeneko: “Garbiketa Duina eta Segurua planarekin, tokiko taldeekin, nazioarteko teknikariekin, eta Nazio Batuetako espezialistekin ari gara lanean, nazioarteko lankidetzarako bertze mekanismo batzuekin batera”. Joan den astean, erraterako, AEBk hogei makina astun eman zizkioten Venezuelari hondakinak kentzeko.
Adituek eta Rodríguezen gobernuak berak, ordea, uste dute hondakinak kentzeko prozesua urtebete arte atzeratu daitekeela. Izan ere, Venezuela jada ez dago medioen fokupean, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek salatu dute nazioarteko laguntzak beheiti egin duela azken astetan.
Munduko Bankuak, berriz, kalkulatu du lurrikarek eragindako kalte fisiko zuzenak 19.600 milioi dolarrekoak direla, eta ohartarazi du berreraikitze geldo batek datorren hamarkadan Venezuelako susperraldi ekonomikoa geldiaraziko lukeela.
Astelehenean bi hilabete bete dira herrialdea astindu zuten lurrikaretatik, eta horren harira Rodríguezek mezu bat bidali nahi izan die herritarrei. Zirtatu du zerbitzu publikoak hobetzeko lana “ez zela lurrikararekin hasi, ezta berreraikuntzarekin amaitu ere”: “Lurrikarak larriagotu egin zuen, eta premiazkoagoa bihurtu zuen lehendik ere tematuta geunden zeregin bat”.
Rodríguezek erran du plan bat jarraitzen ari direla “elektrizitatea, ura, osasuna, eskolak, habitata eta bideak pixkanaka hobetzeko”. Oraindik “arazo handiak” eduki arren, Rodríguezek gaineratu du “aurrera egiteko bidea argi” dutela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545