Ihintza gaineko hegoa, gauerako hodeia.

30 bat traktorek martxa egin dute Gasteizen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa “lehorte eremu” izendatzea eskatzeko

Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak deituta, Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzako egoitzarako bidea egin dute traktoreek ortzegunean. Lehortearen eta nazioarteko egoera "ezegonkorraren" ondorioz landa eremuak bizi duen “muturreko egoera” salatu dute, eta “berehalako neurriak” exijitu dizkiete erakundeei.


2026ko abuztuaren 28a
Atacaren traktore martxa Gasteizen, ortzegunean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak (Ataca) deituta, dozenaka nekazari eta abeltzainek protesta egin dute Gasteizen, ortzegunean: 30 bat traktore abiatu dira Buesa Arenatik, eta Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aitzinean amaitu dute ibilbidea. Elkarretaratzea egin dute bertan, eta erakundeei eskatu diete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa “lehorte eremu” izendatzeko, baita lehen sektoreari laguntzeko “berehalako neurriak” hartzeko ere. 

Arabako lehen sektorearen gehiengoa ordezkatzen duen taldeak, UAGAk, ez du mobilizazioan parte hartu, Jaurlaritzarekin “negoziatzen” ari baita. Atacaren ustez, ordea, erakundeekin hartu-emanak astiroegi doaz, eta protesta egitera ateratzea erabaki dute, landa eremuaren “muturreko egoera” salatzeko.

Hain zuzen, Atacako presidente Raul Beitiak eman du landa eremuaren egoeraren berri: “Inoiz ez dugu horrelako egoerarik ikusi: uztailetik bertatik larreak eta mendiak lehor-lehor eta belarrik gabe egotea”. Egoerak nekazariak zuzenean kolpatu ditu, lehorteak zekaleen uztari eragiten baitio.

Hala ere, Beitiak azpimarratu duenez, abeltzainak dira kaltetuenak: “Abereek ez dute zer jan, eta abeltzainek agortu dute jada negurako gordeta zeukaten bazka. Abeltzaintza mota guztiei egingo die kalte egoera honek; kontu larria da”. 

Abeltzainen %87k adierazi dute aurten aitzineko urteetan baino bazka gutxiago jaso dutela; zehazki, erdira jaitsi da bildutako belar kopurua.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak egindako inkesta batean, erraterako, abeltzainen %87k adierazi dute aurten aitzineko urteetan baino bazka gutxiago jaso dutela. Belar gutxiago jaso dutenen artean, batez bertze, erdira jaitsi da bildutako belar kopurua. Beroak eta bazkarik ezak esnearen ekoizpenari ere eragin dio, abere bakoitzak 5-7 litro gutxiago ekoitzi baititu.

Prezioek goiti, laguntzek ez

Nazioarteko egoera ezegonkorrak eta gerrek are gehiago estutu dute lehen sektorea: gasolinaren eta ongarriaren prezioa etengabe ari da goititzen, eta horrek ataka larrian paratu du lehen sektorearen errentagarritasuna. Egoera horri aitzin egiteko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa “lehorte eremu” izendatzeko eskatu dio Atacak Eusko Jaurlaritzari: “Izendapen horren bitartez, nekazari eta abeltzainei errazagoa izanen zaie zuzeneko laguntzetara iristea”.

Era berean, elkartea kritiko agertu da bertze behin Mercosur bezalako merkataritza itunekin. Joan den urtarrilean protestak egin zituzten itun hori bertan behera uztea eskatzeko; ez zuten lortu ordea, eta ortzegun honetan Atacak adierazi du anitz ugaritu direla Europatik kanpoko bertze herrialdeetatik datozen ekoizpenak. Hortaz, elkarteak erakundeei eskatu die sektorea babesteko, eta inportazioei Europako nekazari eta abeltzainei eskatzen zaizkien estandarrak bete ditzatela exijitzeko.

Burokraziarekin, borrokan

Azkenik, burokraziarekin borrokatzen pasatu behar dituzten orduen korapiloa askatzeko ere aldarrikatu du Atacak traktore martxan. Erakundeak salatu duenez, betebehar administratiboen ondorioz, sektoreko profesionalek gero eta ordu gehiago eman behar dituzte izapide informatikoetan eta dokumentazioan.

Ur eskasiari aurre egiteko, errekak aurkitzea ogibide
Euskal Herriko erreka eta ibaietako ur falta gero eta azkarragoa eta nabariagoa da. Arrantza federazioko teknikariek, erraterako, Zuberoako erreken osasuna aztertu dute, eta ondorioztatu dute... (+)
Hego Euskal Herriko urtegien edukieraren %48,4 dago beteta, abuztuan ohi baino ia 6 puntu gutxiago
Uztailaren hasieratik, urtegietan bildutako ura azken hogei urteetako batez bertzekoaren azpitik dago, eta alde hori astez aste handitzen joan da. Nafarroak bizi du egoerarik kritikoena,... (+)
Hondakinen %28 erretiratuta, Venezuelak baieztatu du 6.509 pertsona hil direla lurrikaren ondorioz
Desagertuen datu zehatzik ez dagoen arren, 1.579 lagun izan daitezkeela uste da. Gobernua pixkanaka jendeari etxeak ematen, eta zerbitzu publikoak hobetzen ari den arren, nazioarteko laguntzak... (+)
Pasaiako portuko sutearen ostean instituzioen “ekintza gabezia” salatu du Eguzki kolektibo ekologistak
Iragan ortziralean sutea izan zen Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean. Suteak Lezoko (Gipuzkoa) eta inguruko herritarren kezka eragin zuen, eta neurriak hartzea... (+)
Sutea izan da Pasaiako portuko txatar tontor batean
Ostiral goizean sutea izan da Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean, eta herritar batzuk konfinatu dituzte, batez ere Lezo (Gipuzkoa) aldekoak, keak “osagai... (+)
gora