Astelehenero 8:00etan zure epostan
Serendipia.eko proiektuaren bidez kandelak, xaboiak, olioak eta bestelako produktuak egiten ditu Lurrek. Disruptore endokrinoen inguruko hitzaldi bat eman du Iruñean, etxe kontzienteagoa sortzeko urratsak emateko.
Etxerako kandelak, xaboiak, olioak eta bestelako produktuak egiten ditu Lurrek.
Lurrek hogeita hamar urte daramatza laborategi batean lan egiten. Hori dela eta, etengabe dago produktu kimikoekin harremanetan. Duela bi edo hiru urte arte ez dio kasu berezirik egin horri, lanean sintoma batzuk sentitzen hasi zen arte: “Lanera sartzen nintzen eta gaizki sentitzen nintzen; buruko mina jartzen zitzaidan. Nire lankide batzuei ere gertatzen zitzaien. Ez zen ondoeza larri bat, baina lanetik atera, eta ez zitzaidan pasatzen”. Horrekin batera, xaboiak egiten hasi zen lagunentzat zein familiarentzat, eta poliki-poliki disruptore endokrinoen inguruan informatzen hasi zen. Azaroaren 14an, hitzaldi bat eman zuen Iruñeko Txantrea auzoan, etxe kontzienteagoa sortzeko. Horrez gain, Serendipia.eko proiektuaren bidez kandelak, xaboiak, olioak eta bestelako produktuak egiten ditu.
Disruptore endokrinoak gorputzeko sistema hormonalean esku hartzeko gai diren substantzia kimikoak dira. Naturalak zein artifizialak izan daitezke. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), horrela jarduteko susmagarriak diren 800 substantzia inguru identifikatu ditu. Hala ere, gaur egun, 350.000 substantzia eta nahaste kimiko baino gehiago daude erregistratuta munduko merkatuan. Gehienak ez dituzte inoiz aztertu propietate disruptore endokrinoak ote dituzten jakiteko. Lurrek nabarmendu du “gorputzeko okupak” direla: “Denetarako erabiltzen dugu sistema hormonala. Bada, disruptoreek hormonak hackeatzen dituzte; azalaren bidez asimilatzen ditugu, eta haiekin bizi gara”.
Disruptoreek ez diote uzten gorputzari behar bezala funtzionatzen, eta hainbat alorri eragiten diete. Besteak beste, garapenari, energiari, loari, metabolismoari, hazkuntzari, aldarteari eta ugalketari. Horregatik, OMEk dio disruptore endokrinoekiko esposizio jarraituak lotura duela ugalketarekin, metabolismoarekin, tiroidearekin eta neurologiarekin lotutako gaixotasunekin, baita minbizi mota batzuekin ere.
Bisfenol A, parabenoak, konposatu perfluoratuak eta triklosana dira disruptore endokrinorik ezagunenak. Lehena plastiko gogorrak, kontserba laten barruko estaldurak eta erosketa tiketen paper termikoa egiteko erabiltzen da. Bigarrena kosmetikoetan, xanpuetan eta horrelako produktuetan dago. Hirugarrena zartaginen itsaspenaren aurkako gainazaletan dago. Azkena zenbait xaboi, hortzetako pasta eta desodorantetan.
“Ez dugu dramarik egin behar. Ez da beharrezkoa dena kolpe batez botatzea, poliki-poliki egin ditzakegu aldaketak"”
Lurrek azpimarratu du leku guztietan daudela, eta bereziki etxe barruan: “Askotan, etxea toxikoagoa da barrutik kanpotik baino. Adibidez, sofek, alfonbrek eta hormetako margoek su-atzeratzaileak eta orbanen aurkako produktuak daramatzate. Erosten dugun arropak, edukiontzi batean etortzeko eta hezetasunik ez izateko, su-atzeratzaileak eta zomorroen kontrako produktuak eraman behar ditu. Horrez gain, barruko arropa ere poliesterrezkoa da; azkenean, petrolioa da. Izarekin eta pijamekin gauza bera gertatzen da. Plastiko artean lo egiten ari gara, eta hori ez da ona osasunarentzat”. Batzuk aipatu ditu, baina zerrenda oso luzea da.
Informatu, erabakiak hartzeko
Hala ere, ez du alarmarik piztu nahi. Horren ordez, informazioa eman nahi du, poliki-poliki etxean aldaketak egin ahal izateko: “Ez dugu dramarik egin behar. Ez da beharrezkoa dena kolpe batez botatzea, poliki-poliki egin ditzakegu aldaketak. Ez da beharrezkoa izugarrizko dirutza gastatzea. Goazen gauzak zentzuz egitera”. Zenbait proposamen eman ditu; adibidez, sukaldean: zartagina aldatzea tokatzen bada, tefloizkoa altzairu herdoilgaitzezko batekin ordezkatzea; plastikozko tuperrak beirazkoekin ordezkatzea; eta, lanean, plastikozko tuper bat berotu beharrean, janaria plater batera pasatzea eta bertan berotzea.
Arroparekin ere aldaketak pixkanaka egin daitezkeela dio. Adibidez, pijama aldatzea tokatzen denean, kotoizkoa erostea, edota kotoizko izarak, barruko arropa eta jantziak lehenestea. Kolonietan ere disruptore asko aurki daitezke: “Niretzat garrantzitsua bada perfumea erabiltzea eta horri uko egin nahi ez badiot, agian, egunero bota beharrean, egun jakin batzuetan erabili dezaket. Edo arropan bota, eta ez zuzenean tiroidearen inguruan. Azkenean, helburua informatuta egotea da, norberak erabaki ahal izateko”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545