Martxo kaldartxo, ez ardi eta ez artantxo. (urteko ardia)

Sutea izan da Pasaiako portuko txatar tontor batean

Ostiral goizean sutea izan da Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean, eta herritar batzuk konfinatu dituzte, batez ere Lezo (Gipuzkoa) aldekoak, keak “osagai toxikoak” izan ditzakeela argudiatuta. Eguerdirako kontrolatu dute sutea, Segurtasun Sailaren arabera, eta konfinamendua kendu. Osasun Publikoak airearen kalitatearen neurketak egin ditu, eta neurketak “balio normalak” ematen ari direla esan dute.


2026ko abuztuaren 21a
Suhiltzaileak lanean Pasaiako portuko sutea itzaltzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ostiral goizean sutea piztu da Pasaiako (Gipuzkoa) portuko enpresa baten instalazioetan, txatar tontor batean hain justu. Suhiltzaileek 05:30 aldera jaso dute abisua, eta eguerdi partean iragarri dute sutea ia erabat kontrolatuta zeukatela. Suhiltzaileek, Pasaiako portuko atoiontziekin batera, txatarra guztia zabaltzen jarraituko dute hurrengo orduetan, hura hoztu eta sua berriz piztea ekiditeko.

Autoak eta bateriak erre dira, eta, ondorioz, ke laino handi eta ikusgarria sortu da portuaren inguruetan. Pasaiako Udalak goizaldean ohar bidez adierazi du ke hori “arriskutsua” izan zitekeela: “Suhiltzaileen arabera, suteak sortzen duen keak edo lurrunak osagai toxikoak izan ditzake”.

Hortaz, SMS mezularitza bidez, larrialdi zerbitzuek agindua bidali die mugikorrera portutik gertu zeuden pertsonei, konfinatzea eskatzeko. Honela zioen mezuak: “Sute industriala portuan, KONFINATU. Egon barruan, itxi ateak eta leihoak eta itzali aireztapena. Jarraitu iturri ofizialen jarraibideei”. Gomendioak Lezoko (Gipuzkoa) biztanleei eragin die bereziki, bertara heldu baita ke gehien.

Ertzainek, bertzalde, Pasai Donibanera heltzeko errepidea ixteko agindua eman dute, eta trafikoa Jaizkibeletik bideratu dute udaltzainek. Horrez gain, bidegorria moztu eta herritarren artean maskarak banatu dituzte, Lezoko alkate Mikel Arrutik Euskadi Irratian adierazi duenez.

Pasaiako Portu Agintaritza

Hala ere, Osasun Publikoak airearen kalitatearen neurketak egin ditu, eta neurketek “balio normalak” eman dituzte ostiral eguerdian. Hala, telefono bidezko beste mezu bat bidali dute, prebentziozko konfinamenduaren amaiera adierazteko: “Pasaiako Portuko sute industrialaren ondoriozko konfinamendua amaitu da. Herritarrek ohiko jarduerari berrekin diezaiokete”.

Aurrekariak 2018an

Ez da lehenengo aldia Pasaiako portuan suteren bat pizten dela. 2018an ere txatarra pilo bat erre zen, eta horrek zenbait kilometrora ikus zitekeen ke zutabea eragin zuen. Naiz.eus hedabideak jakinarazi duenez, 21.000 litro ur behar izan ziren sute hura itzaltzeko, eta Lezoko airearen kalitatea zaintzeko estazioak baimendutako eguneko batez bertzeko kontzentrazioa baino hiru aldiz PM10 partikula gehiago erregistratu zituen uneren batean.

Sute hark, gainera, herritarren haserrea eta kezka piztu zituen. Elkarretaratzea egin zuten Lezoko plazan, Portuak itotzen gaitu. Hau ez da ongizatea. Lezon ez dago bizi kalitaterik lelopean. Aspaldiko aldarrikapena da portua herritarrei itzultzea, “kudeaketa egokia bermatzeko aukera bakarra delako”. Sare sozialen bitartez ere, Oarsoaldeako hainbat bizilagunek argi salatu zuten 2018ko sutea ez zela kasualitatea, eta aldaketa nahi dutela Pasaiako portuan.

Kubak “isilpeko Gaza” bihurtzeko arriskua duela ohartarazi dute NBEko adituek
NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aginduz jarduten duten hainbat adituek gaitzetsi egin dituzte AEBek Kubaren kontra hartu berri dituzten neurriak, eta dei egin diote nazioarteko komunitateari... (+)
Sorladan “legez kanpo” egitekoak diren kobre meatzera joateko mendi martxa debekatu dietela salatu du Lurgorrik
Iberian Copper S.L.U. enpresak ikerketa lanak egiten jarraitzen du Lizarraldeko Sorladako (Nafarroa) lur komunaletan, Emilia meatzearen eremuan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri plataformak gardentasun falta salatu... (+)
Lanean izandako bertze hiru heriotzaren berri eman du LABek
Basogintzan lanean ari zen 44 urteko langile bat hil da asteazkenean Azkoitian, enbor bat gainera erorita. LABek jakinarazi duenez, azken asteotan bi garraiolari hil dira... (+)
Zisterna kamioiak ura Karrantzara eramaten hasi dira, hornidura faltagatik
Lehorteak udalerriaren egoera larriagotu du, urez hornitzeko erabiltzen zituen bi baltsetako bakarra baitago martxan. Hortaz, abuztuan 250.000 litro ur jasoko ditu egunean, astelehenetik ortziralera. Busturialdeko... (+)
Bizkaiko golkoaren eta Frantziaren arteko itsaspeko goi tentsioko linearako kablea jartzen hasiak dira
276 kilometro edukiko ditu, eta Frantziaren eta Iberiar penintsularen arteko argindar trukerako ahalmena ia bikoiztea espero dute. 2028rako amaitu nahi dute azpiegitura. Interkonexio Elektrikorik Ez... (+)
gora