Astelehenero 8:00etan zure epostan
Uztailaren hasieratik, urtegietan bildutako ura azken hogei urteetako batez bertzekoaren azpitik dago, eta alde hori astez aste handitzen joan da. Nafarroak bizi du egoerarik kritikoena, bere urtegien betetze maila %42,9koa baita. Zenbait urmael ere kinka larrian daude; Araban, erraterako, Gorobelgo ura agortzear da.
Esako urtegia, artxiboko irudi batean.
Urtaroek nabarmen markatzen dute Euskal Herriko urtegien betetze maila. Izotza urtzeari eta udaberriko prezipitazio handiei esker, erreserbek goia jo ohi dute maiatzetik ekainera bitarte: aurtengo maiatzean %90,8koak izan dira erreserbak, azken hogei urteetako batez bertzeko historikoaren (%83,2) gainetik. Urritik azarora, berriz, erreserbek hondoa jotzen dute, batez bertzekoa %42,3koa izanik.
Ikusteko dago aurtengo urrian ur erreserbek zenbateko gainbehera edukiko duten, baina uda honetako prezipitazio kopuruaren jaitsierak eta tenperatura altuek dagoeneko kalteak eragin dituzte urtegien betetze mailan, momentu honetan urtegi gehienak duela urtebeteko ehunekoen azpitik baitaude.
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, 2026ko abuztuaren 25ean, Hego Euskal Herriko erreserba hidrauliko globalak 626 hektometro kubiko (hm³) ditu. Hau da, urtegiek edukiera ahalmenaren %48,4 dute beteta; iaz, garai berean, %55,6 zuten. Gainera, azken hogei urteetako abuztuko aste bereko batez bertzekoarekin (%54) alderatuta, aurten 5,6 puntu egin du beheiti.
Nafarroak bizi du egoerarik kritikoena, bere urtegien betetze maila %42,9koa baita. Bertan daude ekarpen eta bolumen handiena duten bi urtegiak, Esakoa eta Itoizkoa. Uneotan 157 hm³ eta 183 hm³ ur dituzte, hurrenez hurren, eta jaitsiera handia izan dute iazko datuekin alderatuta. Esaren %35,1 dago beteta, eta Itoitzen %43,9; azken hori %56,3an zegoen duela urtebete.
Araban eta Gipuzkoan egoera ez da hain larria; Gipuzkoako urtegien %75,8 dago beteta, eta Arabakoen %69,4. Bi lurraldeetako datuak kontuan hartuta, betetze mailak 5,5 puntu egin du beheiti iazko abuztuaren amaierarekin alderatuta. Edukieragatik, Arabako Uribarri Ganboa eta Urrunaga urtegiak nabarmentzen dira; batak 102 hm³ ur gordetzen ditu orain (duela urtebete 108 hm³ zituen), eta bertzeak, berriz, 48 hm³ ur ditu orain (52 hm³ duela urtebete).
Bertzalde, tamaina txikiagoko urtegiek, hala nola Albina, Nagore, Urdalur eta Endarak, erregistro berak dituzte, eta Nafarroako Irabia urtegi txikia da sare osoko salbuespen positibo bakarra: edukieraren erdia, 7 hm³ ur, gordetzen du uneotan, iazko garai berean baino 2 hm³ gehiago.
Urteko oszilazioak gorabehera, serie historikoak agerian uzten du aldi lehor gogorrak eta lehengoratze bizkorreko faseak txandakatzen direla. 2011ko azaroaren 1ean erregistratu zen minimorik baxuena; erreserbak % 30,3ra jaitsi ziren. Ondoren, sistemak bertze bi lehorraldi nabarmen igaro ditu: 2016 eta 2017 artean eta 2022-2023 zikloan.
2022koa izan zen inoizko abuzturik lehorrena: erreserbek edukieraren %44 ozta-ozta gainditu zuten (569 hm³). Urte hartako urtegien batez bertzeko betetze maila ere, azken hogei urtretakoa (%66,4) baino zazpi puntu baxuagoa izan zen (%59,8).
2022koa izan zen inoizko abuzturik lehorrena: erreserbek edukieraren %44 ozta-ozta gainditu zuten (569 hm³)
Hala ere, Hego Euskal Herriko urtegi sareak errekuperatzeko gaitasun handia erakutsi du urte hezeetan. Horren adibide izan zen 2013-2014 aldiko susperraldi azkarra, urteko %76,5eko batez bertzekoa erregistratu baitzen. Horrez gain, urte hartako ekainaren 11n, betetze sabai historikora ailegatu zen, erreserbak %95,4ra iritsi baitziren.
Urtegiak ez ezik, hainbat urmael ere egoera kezkagarrian daude. Araban, erraterako, Aiarako Udalak jakinarazi du Gorobelgo mendizerrako ura agortzear dagoela. Abuztuaren 17an ekin zioten Kobatako urmaeleko edanlekuen deposituak betetzeari, eta 160.000 ur litroren igoera kudeatu dute.
Hala ere, udalaren arabera, hurrengo asterako agortuko da ura, "eguraldia ez bada izugarri aldatzen", gutxienez. Harremanetan daude Arabako Foru Aldundiarekin konponbidea adosteko aukerarik dagoen aztertzeko.
Ur gabeziak lehen sektoreari eragiten dio zuzenean, udan abeltzainek ganadua igotzen baitute Gorobelera. Udalak berak argitu du, dena den, abere batzuk jadanik jaitsi dituztela, tenperatura altuen ondorioz bazka ere ez baita oparoa izan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545