Apirilean zenbat izotz, maiatzean hainbeste elur

Etxeko lagun bat, intsusa

Labur idaztea eskatzen du artikulugintzak eta gaur orain arteko lanik zailena hartzera noa intsusa hautatuta. Izan ere, Sendabelarrek dakitena liburua idazten ari nintzela sei orrialde bakarrik eskaintzea ariketa zaila izan zen oso. Behin hiru orduko ikastaroa eskaini nion eta motz gelditu ginen, gero seikoa antolatu genuen eta lantzeke utzi genituen zenbait gai. Erremedio anitzez gain kondairak eta ipuinak dauzkagu eta ikuspegi antropologiko zein etnografikotik aztertuz gero kontu bitxi asko ikasiko ditugu. Beraz, gaurko testu hau testu sorta baten aurrenekoa izango da, sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa baita.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko ekainaren 05a
Argazkia: Dani Blanco.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hasteko esan lintsusa, plausta, sabuka, sakuta, txutxika eta aztunpa izenez ere ezaguna dela Sambucus nigra euskaraz aritzen garen lekuetan, aldaera gehiago ere badituelarik, eta ez duela landarea bakarrik adierazten. Estitxuk erakutsi zidan Bortzirietan aztunpa neska ergela ere bazela baina hainbat lekutan odolik gabeko pertsona izendatzeko erabiltzen da; Orotariko Euskal Hiztegian jasota datorren adibideak ederki adierazten du: "Gero ariko da aztunpa bezala negarrez".

Landare karismatikoa dela esaten da, ez baitu inor indiferente uzten, gorroto adina maite eta miresten duen jendea aurkituko duzue. Lehen taldekoek pozoitsua eta zorigaiztokoa dela, azpian sugegorria bizi ohi dela eta halakoak esaten dituzte. Bigarren taldean intsusak liluratu gintuenak eta etekina ateratzen diogunak gaude. Mariano Ostolaizek deitu zion "etxeko laguna" eta idatzi zizkion bertso ederrak dauzkagu gogoan, Llanesen (Asturias) intsusa bildu aurretik belaunikatu eta aitaren egiten zuen Mariarekin ere akordatzen gara, baina etorkizunean ere bere botikak bizirik jarrai dezan intsusa landatu duten Lazkaoko Ainitze eta Ondarruko Aitziber ezin ahaztu, edo Saran etxe ondoan bere kabuz jaio zaiolako pozik dagoen Jon.

San Juan egunean intsusaren adaxkekin egiten den tradizio politak bizirik dirau gure artean. Animatzen zaituztet zeuek bedeinkatzera (edozer dela ere hori) eta gurutzea egitera, gero etxeko ate eta leihoetan jartzeko. Tximistak, lapurrak, sorginak eta sugeak uxatzeko errituala duzue hau, ez da gutxi.

Loretan daukagunez, gaur loreetara mugatuko gara. Egun eguzkitsuetan bakarrik bildu behar direla esaten da, tamainan beti ere, bestela udan ez baitugu alerik izango. Loreak buruz behera izara edo kartoi gainean lehortu eta neguan infusiotan hartzeko bikaina dugu, arnas bideetarako sekulako erremedioa baita. Begitarako kolirio hobeak gutxi izango dira, horretarako ere eduki lehortuta.

Antiinflamatorioa eta depuratzailea ere bada, azalerako batez ere: ukendua egitekoak bazarete, ipini intsusa loreak, zalantzarik gabe. Lore lehortu berriak ekilore oliotan beratuta azala garbitu, edertu eta makillajea kentzeko produktu bikaina egingo dugu. Lore bildu berriekin edari freskagarria egitea ere badago, legami naturalak dituenez hartzitu egingo da eta edateko xanpain goxoa egingo dugu. Topa! 

Gu ere lugorri
Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak... (+)
Samariar baltsamoa
Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat... (+)
Txikori-belarra udaberrian
Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino... (+)
Aurtengorako irakurgaiak
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten... (+)
Birika-belarra
Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta... (+)
gora