Martxo gezurti, gaur euri, bihar eguzki.

Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko martxoaren 03a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lore horiak ikusten ditut bizi eta eder edozein bazterretan: San Jose loreak (Primula vulgaris), lilipa arruntak (Narcissus pseudonarcissus), bitxiloreak (Bellis perennis) eta txikori-belarrak (Taraxacum officinale), batez ere. Azken horrekin hasi nuen artikulugintzako bide hau duela bi urte eta berriz ere leku egingo diot, gutxi izango direlako sendabelar emankorragoak.

Orduan udaberriko hiru hilabeteetan bederatziurrenak egitea gomendatu nuen, hosto lehortuekin infusioa prestatu eta goizero baraurik bederatzi egunean jarraian hartzea. Gordinik jatea ere ideia ona da baina tamainan, egunean norberaren eskuaren tamainako pare bat hosto edo hiru. Entsalada osoa txikori-belar hostoz prestatzea ez dut gomendatzen, behazun hiper erreakzioa izan eta ospitalean bukatu duenik ezagutzen baitugu. Ona tamainak ere egiten duela, alegia.

Digestio aparatua zaintzeko onenetakoa da; gibela, behazuna, barea, pankrea, giltzurrunak garbitu eta zaintzeaz gain linfa egoki drainatzen duelako. Azaleko orbanak eta iluntasunak garbitzeko ere balio du, barrua zein kanpoa sendatzen duen seinale. Onurak zerrendatzen hastera ez noa, esajeratua naizela esango baitidazue, baina probatu duenak badaki ondo.

Organo multzo hori tratatzeko epe luzeko tratamendua egin behar da, hau da, udaberri osokoa. Hala ere, norberaren urdailak eta kemenak esango du posible ote den, askotan ondoeza eragiten duelako eta ahulezia ere nabaritzen delako. Halakorik ikusten bada, bertan behera utzi eta hosto lehorren infusioa hartuz bederatziurrena egin.

Sustraiekin egiten da epe luzeko tratamendu hau. Lodiak izan ohi dira, azal iluna eta mami zuria dutenak. Lurra heze eta harro badago samurrago aterako ditugu, kontuan izan. Eskuila eta urez garbitu ondoren, txanpon txikien neurriko xaflak egitea gomendatzen dut. Labean xigortu ditzakegu (180ºC-tan) baina niri bere kabuz lehortzen utzi eta gero zartaginean gorritzea gustatzen zait. Behin xigortuta ehotu edo txikitu egin behar dira, kafea ehotzeko gailuarekin. Ehotu ondoren bigarren aldiz xigortzen dira eta bertan utzi erabat hoztu arte, ondoren ontzi hermetikoan jaso.

Kafearen kolorea eta antzeko zaporea izango dituen edari beltza lortuko dugu kafetera italiarrean eginda. Kafea edaten duenak erdia kafea eta erdia sustrai xigortua ipin ditzake eta pixkanaka txikori-belar kopurua gehitzen joan. Aurrenekotik bera hutsik erabil liteke baina erne gorputzak ematen dituen seinaleei. Esnea lagungarri erabil daiteke baina gozagarririk ez (ez ezti eta ezta esteviarik ere).
Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez hartu. Digestio aparatuko gaitzak daudenean baliteke onik ez egitea; gastritisa, behazunean harriak (edo falta) eta koloneko narritadurarekin erne. Anemia badago ahulezia sentsazioa areagotuko du, burdina nahikoa eduki arte ez da gomendatzen garbiketarik egiterik. Botika diuretikoak eta hipertentsioarentzat hartzen direnean medikuari galdetu aldez aurretik.

Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
Berdea
Bizi Baratzea Orriaren hirugarren zenbakia prestatzen ari ginela sortu zen eztabaida Dani Blanco argazkilaria eta bion artean. Koloreen arabera sailkatu behar sendabelarrak, eta berdera iritsitakoan... (+)
‘Ogiek’ herrialdea eta transmisioa
Hainbat herrialde indigenentzat sendabelarren inguruko jakintza altxor handia da, baina lanak dituzte ondorengoei transmititzen. Keniako adibide bati buruz aritu gara gaurkoan: Ogiek herrialdeari buruz, sendabelarren... (+)
Zuhaitzak ere sendagai
Animaliak eta landareak soinuen bidez komunikatzen dira, lehen ere aritu izan gara gai honetaz. Gustatzen zaigun gaia da eta beste ikerketa bat ekarri dugu gaurkoan,... (+)
gora