Terralak jaten du jela

Gaitz erdi eta lotsa oneko nekazariak

Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta etekinak jezteko moduko “natura” dugu gurean.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko ekainaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Luzea da atzera-aurrerako bilakaeraren etorri-joana. Naturari bortxaz gainjarritako paisaia kulturalaren gauzatzea ez da berdantza-bart antxitikoa. Gaur egun natura esaten diogun hori, garai batean, gure aurretik, izandakoaren eta gu eta gutarrik gabeko mundua berrezartzen denean bueltatuko denaren papur zirtzil bat besterik ez da. Hor irakurtzen da gure espeziea garbien definitzen duen hagintzeko sena, paisaia ez naturalean, parke ez naturaletan, leku ez naturguneetan. Hagintaritza hori haginkadaka ezarri izan da gurean, Koldo Izagirrek dioen eran, edo hagin-zigorrarekin (Taxus baccata) emanez, mozkinbide; azken milaka urte askoan naturaren berezko garapena galaraziz; naturatik etekindun nor den eta nor ez bereiziz eta azken horien desagerpenerako martxa hauspotuz; ziztu ez bizian baina urratsez urraska gu baino azkarragoak diren animaliak estigmatizatu eta sailean desagerraraziz; kalitatezko jatenak, edatenak eta arnasak ahalbideratzen dizkiguten bizidunen segida ke bafadan eta botika eta pestizida isurka garbituz; lotsaren arrasto zipitzik gabe etekinbide gero eta landuagoa, kimikoagoa, industrialagoa, mekanizatuagoa, zientifikoagoa erakusten duten jardunen pelotoi armatuak hedatuz; lurreko bizitzaren oinarri diren mikro eta makroorganismoen eta landareen ekinen gertatzea eta igarotzea “ez zait gustatzen” erlijiozko sasi-mistiko batekin larrutu, berdindu eta kitatuz. Eta guk, nik eta nik, sagardo zurrupa eta legatz mokadu artean gaitz terdi honetatik zer ondorengotza eraiki asmo dugu?

Gaitz terdi hori gaitz erdi bihurtu nahian ari den jende mordoari eskerrik asko. Jendea, pertsonak, lagunak etengabe batean ari dira kanpoan bezala Euskal Herrian gure politikarien eta hagintarien soldaduska gisako patroi bat eta bakarrari aurre eginez. Hagintarien lema, nonahi, eta hemen eta lurrari lotutako gaiez ari garenean are lemago, edo hobeto esanda eslogan, kontsigna edo manuago, hauxe da: Dirua edo ezer ez. Lurlangile lagun batek dioenez, politikarien lema da “Dirua ala hil”. Berdin dio.

Horri aurre egiten ari zaio jende ugari, gero eta ugariago. Batzuk hondeamakinei buru eginez, beste batzuk baso biziak landatu eta zainduz, errespetuzko arrantzaleak, artzaintsak eta artzainak eta lotsa oneko nekazariak.

Nekazaritzan gertatzen ari da guda nagusia. Hagintariek xaxatu eta xoxez ederki hornitutako eredu industriala bazter, urteak dira egunez egun osasuna eta elkartasuna ardatz izango dituen jendarteak egituratutako herri burujabearen alde han eta hemen eta hor eta haruntzago milaka esku ari dela. Guk lur osoarekin osatzen dugun sistemarekin begirunetsu jokatzen ari diren esku guztiak, nekazaritza ekologikoan, organikoan edo biologikoan, nekazaritza biodinamikoan, nekazaritza sintropikoan, nekazaritza birsortzailean, nekazaritza biointentsiboan, nekazaritza iraunkorrean, nekazaritza kontzientean, nekazaritza erresilientean, nekazaritza agroekologikoan, permakulturan, nekazaritza emozionalean… Eskerrik asko! Den-denok lanean urrutiko lurralde landugabeetako bertatiarrek egiten dutena helburu: bizitzeko adina zerbait egin, apur bat landu, lurra lantzearen kulturaz zer edo zer jantzi, baina gainontzeko bizidunei, landare eta animaliei bizitzen utziz. Lurra tamainan lantzea denontzat ona da. Eskerrik asko!

Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
gora