Babak esan omen zuen: txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen

English remedies

Udaberriko loreez zirriborroa neukan egina gaurko artikulurako, naturaren zikloei begira idaztea eta garaian garaikoa ekartzea gustatzen baitzait baina artikulugile daramadan denboran ikasi dut maiz gaia ezin duela norberak aukeratu, biziak ekartzen dituelako beste gai batzuk.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko ekainaren 02a
Sendalari bat, karabanatik erremedioak saltzen. T. Merryren 1889ko kromolitografia honek Erresuma Batuko Parlamentuko Autonomiari buruzko Lege Proiektuaren defentsaren satira egiten du.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Baserrian bizi den hamar urteko iloba aztoratuta ikusi dut. Ingelesa ikastea ez da gehien maite duena, this is not his cup of tea. Ingelesik ez badu ikasten bizitzan ez dela ezer izango esan dio irakasleak, baserrian sortzen dituen produktuak ezingo dituelako mundu guztian saldu. Hori akaso motibatzaile izango dela pentsatuz ariko zen, ez dut fede txarrik ikusi nahi baina esaldi horren atzean dauden ezjakintasuna, harrokeria, laineza eta arriskua aletu nahi nituzke. Hamar urteko haur batek ez dauka horri erantzuteko argudiorik oraindik baina guk argudio horiek zein diren ba ote dakigun jarri naiz pentsatzen.

Gertukoa, garaikoa eta agrotoxikorik gabe ekoiztua jan behar dugu eta ez Almeriako negutegietatik urte guztian ekarritako tomate hidroponikoa, guregatik eta gure lurrarengatik. Eredu horren atzean dauden karbono aztarna, prezio suntsiketa, esplotazioa eta agrotoxikoen kutsadura ikusarazi beharra dagoela dirudi. Tokiko elikadura sistema jasangarri eta osasuntsua eratu behar dugu eta ez hegazkinez ekarritako elikagaien salerosketa areagotu. Ingelesak baliatu dezake truke komertzial hori, noski, baina larrutik ordainduko du planetak eta gure osasunak. Hau beti izan da garrantzitsua, baina aldaketa klimatikoaren larriagatik gero eta gehiago izango da ezinbestekoa.

Norberaren herrian ekoiztutako ogia herrian bertan jatea normaltzat jotzen dugun bezala barazki eta frutekin ere hori normaltzat jo behar genuke, baina lehen sektorea suntsitzeko egindako politika negargarriek halako ezjakintasuneraino ekarri gaituzte. Ez du balio jatorri izendapenaren urrezko zigiluak asmatzeak egunerokoan atzerrian ekoiztutako kalitate eskaseko elikagai kutsatuak jaten baditugu. Elikagaien globalizazioak ez dakar osasunik, eta akordatu sendabelarrak baino elikagaiak izan beharko lukeela gure lehen botika.

Harrokeria da ingelesa jakiteagatik norbait bizian zerbait izango dela pentsaraztea ere. Hizkuntza handiak inperio eraikitzaileak eta, batez ere, zapaltzaileak izan direla eta badirela erakutsi behar litzaieke haurrei, hori bai. Gure aita zena Andoaingo La Sallen egurrezko erregelarekin jotzen zuen maisuak, azazkalak puskatuz, euskara baztertu eta gaztelera ikas zezan. Gaur egungo ikastetxeetan ez da jotzen baina min ematen da, norberarena baino hizkuntza garrantzitsuagoak badirela ezin baita onez irakatsi.

Bestalde, bizian norbait izan beharra dagoela ere erakusten zaie haurrei, hori edozer izanik ere. Ez dakigu irakasle jende honentzat inor ez izatea baserrian eta baserritik bizitzea ote den. Bertako elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, elikadura burujabetzaren alde lanean ari diren Elikagunea, Ereindajan, Labore edo Elikaenea eta horien atzean dauden ekoizle guztiak datorzkit burura, besteak beste. Egunerokoan ziurrenik ingelesik erabiltzen ez dutenak baina niretzat arrakastaren eredu direnak. Beraz, dear teacher, respect please.

3x02: Landareen oihuak eta azeri buztana
Landareen inteligentzia, gaitasunak eta sentiberatasuna hizpide izan ohi ditugu podcast honetan, eta azken urteetan botanikan egiten ari diren ikerketak ekartzen ditugu horretaz aritzeko, landareekiko daukagun... (+)
3x01: Mina tratatzeko landarerik zaharrena
Deigarria egin zaigun aurkikuntza arkeologiko batekin hasi dugu saioa. Mina tratatzeko landarerik antzinakoena aurkitu dute Tafugalten, Marokon, egindako indusketetan. Ephedra (Ephedra sinica) da sendabelarra eta... (+)
Loreen agurra
Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela. (+)
Sendabelarrak oliotan
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi... (+)
“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna
Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez,... (+)
gora