Zemendian erein garie, idien apatxean be.

National Geographic gutxiago, Kropotkin gehiago


2025eko ekainaren 09a
Wikimedia Commons
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Eskatutako kafea zerbitzatu zain nago tabernan, telebistan baleen inguruko dokumentala: “Arrak borrokan ari dira emea nork estaliko, borroka gordina eta arriskutsua, irabazle bakarra izango duena”. Soinu banda epikoak indartzen du ustezko gudaren intentsitatea. Irudietan, bale ederrak ur azalean saltoka bata bestearen ondoan, elkar ukitu ere egin gabe. Eta ni kabutan, “borrokan? Edo jolasean?”.

Ia 30 urte joan dira gaztetxeko formazio ikastaro batean hizlari bati entzun nionetik National Geographicen dokumentalek AEBetako Defentsa Departamentutik dirutza jasotzen zutela, animaliak diren bezala erakutsiz ideologia kapitalista naturalizatzen –hortaz, desideologizatzen– zutelako. Ordutik beste begi batzuekin ikusi nituen bazkalosteko La2eko dokumentalak: izaki bizidun guztiak uneoro defentsan edo erasoan; bizirautearen lehia gupidagabearen lege naturala.

Garai berean irakurri nuen, gaztetxeko hizlariak aipatuta, Piotr Kropotkin naturista eta anarkistaren Elkarri laguntzea: eboluzioaren faktore bat liburua, 1902an argitaratua. Liburuaren asmoa Charles Darwinen Espezieen jatorria (1859) lanari eman zitzaion erabilera maltzurra desmuntatzea zen, burgesiak biologo ingelesaren lana baliatu baitzuen darwinismo soziala inposatzeko –animalen artean bezala gizakien artean indartsuenaren biziraupena da naturaren legea, lehia bidez erabakitzen dena–. Sarreran irakurri daitekeenez, Darwinek berak salatu zuen bere ikerketen desitxuraketa.

Kropotkinen lanaren abiapuntua kontrakoa da. Naturan elkar-laguntza da nagusi, eta are garrantzitsuagoa: gehien kolaboratzen duten espezieak dira ugarienak, ergo, arrakastatsuenak

Kropotkinek ez du lehia ukatzen, baina bere lanaren abiapuntua kontrakoa da. Naturan elkar-laguntza da nagusi, eta are garrantzitsuagoa: gehien kolaboratzen duten espezieak dira ugarienak, ergo, arrakastatsuenak. Elkar-laguntza praktiken ikerketa da liburua, bakterietatik hasi eta gizakietaraino, eta deskribatzen ditu animaliak ez soilik bizirauteko kolaboratzen, baita lasai asko bizitzaz gozatzen ere, jolasean, kantuan. Liburua amaitzean, irakurri aurretik baino toki abegikorragoa sentitu nuen mundua, eta sentitu nuen, batez ere, are abegikorragoa egin genezakeela.

Lehia, gerra, hierarkia, indartsuenen (bihozgabeenen) biziraupena naturalizatzea estrategikoa izaten jarraitzen du boterearentzat. Izan animalien dokumentalekin, mundu mehatxagarria marrazten diguten agintarien ahotik edo auzo beldurgarriak aurkezten dizkiguten hedabideen bozgorailuetatik. Horrela naturalizatzen dira armagintza eta Polizia, beste herrialdeen eta auzokideon aurkako gerra, soldatapeko lana, biolentziaz kargaturiko egunerokotasun hau guztia.

Eta, hala eta guztiz ere, distopia garaiotan ere, elkar-laguntzaz inguratuta gaude. Begira diezaiogun munduari betaurreko horiekin ere, arnastu dezagun hori ere, ez dezagun sinetsi gure patua gerraren geneak erabakita dagoela, sinets dezagun gure eskuetan dagoela etorkizuna... elkar-laguntza antolatuz gero. National Geograpich gutxiago, Koprotkin gehiago.

Itzalaldiaren jatorria: instalazio fotovoltaikoak, arloko enpresa pribatuak eta azpiegitura elektrikoaren gabeziak?
Red Eléctrica de Españak zibererasoaren aukera erabat baztertu du, eta bi instalazio fotovoltaikoetan jarri du begirada. “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko... (+)
“Borondatezko metodoak bere topea du, eta tope horrekin ezinezkoa da araudia ere betetzea”
Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara... (+)
Arabako Aldundiak Solariaren hiru parke fotovoltaikoren aurkako alegazioak aurkeztu ditu
Solaria enpresaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuak lurraldean luketen eragina “onartezina” dela diote aldundiaren txostenek. Jaurlaritzak hartuko du azken erabakia, behin alegazio epea amaituta.... (+)
Arabako ardogintza: txikitasuna aldarri, eredu aldaketa bultzatzen
Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan, igandean. Egun batzuk lehenago, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi... (+)
“'Far West'-ean gaude: heltzen lehena den enpresak lurrak hartu eta nahi duena egiten du”
Solaria multinazionalak 100 hektareako parke fotovoltaikoa eta eskualdea zeharkatuko lukeen Oso Goi Tentsioko Linea eraiki nahi ditu Arabako Gorbeialdean. Herritarrak aurka antolatu dira eta ekimen... (+)
gora