Maiatzean kuku, garagarrilean mutu

Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu izan didazuenez, zerrenda horren berri ematea pentsatu dut. Donostiako Hontza liburu denda jarraipen bila ari dela berriki jakin dudalarik, bihotzeko minez ere idazten dut gaur liburuez.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko urtarrilaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Liburu hauek guztiak etxean ditut, batzuk irakurtzen hasiak eta beste batzuk ukitu ere egin gabeak. Norberak liburu bat idazten duenean nekeza izaten da irakurtzea, horrela bizi dut nik bederen; begiek atsedena eskatzen didatela iruditzen zait askotan. Hala, zerrenda gero eta gizenagoa aizue, ilusioz erosi eta irakurtzen hasitakoak apalean baitauzkat zain.

Zuza Zaken Slavic Kitchen Alchemy, nourishing herbal remedies, magical recipes & folk wisdom liburua da aurrenekoa. Amona poloniarrak erakutsi ziona jasotzen du liburuan egileak, sukaldeko tradizio zabala baina elikagaien eta sendabelarren artean bereizketa handirik egin gabe.

Aina S. Erice eta Amanda Mijangosen Viriditas Landareen mundu zoragarria ikusarazi ziguten emakumeak liburua ere bukatzeke daukat. Itzulpena egin zuen Uxoa Iñurrietak oparitu zidan eta bereziki ederra iruditu zitzaidan, orri gutxiren faltan uste dut bukatzeko penetan nagoela.

Bigarren eskuko liburu dendetan aurkitutako altxor bat ere hortxe daukat zain, ia nire adina daukan liburu bat. William A. R. Thomsonen Guía Práctica Ilustrada de las Plantas Medicinales du izena eta lan mardula dago izenburu arruntegi eta erabiliegi horren atzean. Gaur egun boladan zer dagoen ikusteko balio du, duela ez hain aspaldi beste sendabelar batzuk zuten ospea ezagutzeko ere bai; uste dut bilakaera hori nola gertatu den ikusteko baliagarri izango zaidala.

Katakraken deskubritu nuen Impedimenta argitaletxearen Gótico Botánico, cuentos de un verdor perverso ere hortxe daukat zain, sendabelarrak eta literatura uztartzen dituen lan bitxia. Mundu begetala fantasiatik irakurri izan duten egileen istorioen katalogoa dugu. Nathaniel Hawthorne edo Road Dahl izan daitezke ezagunenak baina Mary Elizabeth Counselman, Eli Colter edo Maria Moravskyren ipuinak ere badaude bilduman. Hemendik aurrera berdea beltz berria izango dela dio kontrazalean, berdetasun siniestroa jasotzen baitute askotan egileek euren ipuinetan. XIX. eta XX. mendeetan landareak izaki misteriotsu eta onuragarri bezain hilgarritzat ikusi zituzten askok, gaur egungo liluratik aparte samar.

Michio Hoshino egilearen El árbol viajero da zerrendako berriena. Ekologia, mistika, lurrarekiko maitasuna eta auto deskubrimendua biltzen dituela azpimarratzen du argitaletxeak. Zerbait izango du, 72. edizioan baitoa. Egilea natura gaitzat hartu zuen argazkilaria dugu, enkargu bat dela medio Errusian lanean ari zela hartz arre batek eraso eginda hil zena –gaitzerdi nire enkarguz ez zaigula halakorik gertatu, gehienez ere asunak erre zituen Dani Blancoren hatzak eta izpiliku soroan galdu zitzaigun Ibai Arrieta–. 

Eta sendabelarrez, naturaz eta “nire gaiez” atseden hartu beharra sentitzen dudanean Uxue Alberdiren Hetero irakurtzen jarraituko dut. Ohiturari kontra eginez atzekoz aurrera hasi bainintzen irakurtzen eta jarraituko dugu ur hotzetan igerian. Fikzioaren, bizitzaren eta (bihurtzen ari) garen horren arteko hariak asko eta anitzak direlako errealitatea deitzen diogun trama honetan.

Txikori belarra, berriz ere
Txilen “belar txarrei” buruz egindako ikerketa lan bat ekarri dugu gaurkoan, eta belar txartzat hartutako hauetako bost landareri buruz aritu gara, sendabelarrak baitira. Baztertuak izanagatik... (+)
Goroldio xumetik azafraira
Artsenikoz kutsatutako ura garbitzen duen goroldio bat ekarri dugu gaurkoan. Izan ere, artseniko kutsadura osasun publikoko arazoa da egun, glifosatoa bezalako agrotoxikoengatik, eta ez da... (+)
Artemisa, sendabelar onirikoa?
Atapuerca esanda ez zaigu landaredia etortzen burura, baina bertan loratzen diren 600 landareren katalogoa aurkeztu dute, beraz, bada landarerik zonalde honetan. Burgoseko probintziako lau landaretik... (+)
Hamabi konposatu minbiziaren kontra
Oso modu arraroan aldatzen ari dira landareak Danimarkan, eta zientzialariek ez dakite zergatik. Albiste deigarria iruditu zaigu eta saioaren sarreran hainbat hipotesiri buruz aritu gara. Gai... (+)
Eztarrirako sendabelarrak
Santa Ageda bezperan ari naiz gaurko artikulua idazten eta koplari buelta bat ematera noakizue. Uste dut nahiko aberats gaudela diruz, nahiz gehiagoko nahia beti hor... (+)
gora