Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari

Egilolarrako pagaditik Gorbeiara igotzeko bide bakarra egokituko du Arabako Diputazioak, mendizaleek eragindako kalteak direla-eta

Araba eta Bizkaia artean banaturik, 20.000 hektarea dauzka Gorbeiako natur parkeak. Euskal Herriko mendizaleen artean aski ezagunak diren hamaika paraje ikoniko biltzen du, 1.482 metrora dagoen gurutzea, adibidez. Zientoka lagun igotzen da urtero Gorbeiako tontorrera, bi lurraldeetatik igotzen diren bideetan barna. Bide horietako batek Egilolarrako pagadia zeharkatzen du, Araban, Muruatik gora. Inguru horretan hasi ditu Diputazioak "ingurumena leheneratzeko lanak", sarbide tradizional horren "erabilera intentsiboak" eta zenbait puntutan trazadura argirik ez egoteak lurzorua galtzea, higadura handia, lubakiak, pagoen sustraiak agerian geratzea eta bigarren mailako bidezidorrak ugaritzea eragin dutelako.


2025eko abenduaren 16a
Lau hanka dauzka Gorbeiako gurutzeak. Iparraldekoa eta ekialdekoa Bizkaian daude, hegoaldekoa eta mendebaldekoa Araban. Hainbat bide dago hara igotzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

"Egoera horrek, habitat naturalei eragiteaz gain –txilardiei eta balio ekologiko handiko belardiei, adibidez–, mendizaleen segurtasuna ere murrizten du", dio Arabako Foru Aldundiak plazaratutako oharrak. Esku-hartze horren bidez, eremua "birnaturalizatu" nahi dute, lurzorua eta landaredia leheneratu, eta joan-etorriak antolatu, "bisitariek eta natura inguruneak sarbide segurua eta jasangarria izan dezaten bermatzeko", azaldu du Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatu Saray Zaratek.

Egilolarra eta Gorbeiako tontorraren arteko hiru sektoretan egingo dituzte birgaitze lanak. Batetik, pagadian zegoen bidezidor "argia" desagertu egin da, mendizaleak hainbat lekutatik igotzen dira, eta lurzorua higatu eta pagadia kaltetu da, Diputazioaren hitzetan. Besteak beste, "malda ertaineko" bide bakarra egingo dute bertan, zurezko trabesak eta balizak instalatu, bidea markatzeko. "Horrela, igarotze sakabanatua saihestuko da, eta oihanpea leheneratzen lagunduko da".

Txilardi aldean, bestetik, pagadiaren eta El Tocornal bidegurutzearen artean, hainbat bidezidor paralelo eta zanga sakon daude. Eremua hobetzeko, zurezko edo harrizko trabesak jarrita bide nagusi bat finkatu eta trazadura egokia balizatuko da. Lan horien helburua da zapaldutako azalera murriztea eta txilardia, "interes komunitarioa duen habitata", birsortzea.

Zurezko trabesak eta balizak instalatuko dituzte bidean, besteak beste / Arabako Foru Aldundia

Azkenik, diputazioak jakinarazi du El Tocornal bidegurutzetik gailurrera arteko sektorea dagoela kaltetuen. Gurutzera igotzeko bi bide daude, "tradizionala eta berria". Foru Aldundiaren asmoa da hegoaldeko bidea finkatzea, malda samurragoa eta kontserbatzeko baldintza hobeak dituelako. Bide paraleloak lehengoratuko dituzte, eta balizak instalatu, esaterako.

Diputazioak, zeinak 190.000 euro bideratuko dituen proiektu honetara –NextGenerationEU funtsaren bidez–, adierazi du Gorbeiako tradizio menditarra eta espazio naturalaren babesa bateragarri egiteko aukera emango duela, "oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek ibilbide enblematiko horretaz gozatzen jarraitu ahal izateko". Era berean, mendizaleei dei egin die zaharberritzen ari diren eremuak errespeta ditzaten, eta balizatutako bidezidorrari jarrai diezaioten.

Bero handiagoa eta elur gutxiago, eskiatzaileentzat arrisku berriak
2026-02-22 | Jon Torner Zabala
Elur-jausiek dozenaka eskiatzaile harrapatu dute negu honetan Pirinioetan eta Alpeetan, eta plazaratu dira izotz eta elur geruzen hauskortasunaz hamaika datu. Zientzialariek diote oraindik ez dagoela... (+)
Europako lurren %70 pestizidek kutsaturik daude, 'Nature'-k plazaratutako ikerlanaren arabera
2026-02-03 | Jon Torner Zabala
Orotara 26 herrialdetako ekosistemetan (baso, larre eta laborantza-lurretan) egindako 370 azterketaren emaitzak plazaratu ditu Nature aldizkariak. (+)
Sokamuturrak egin ahal izango dira inauterietan Gipuzkoan
2026-02-03 | Jon Torner Zabala
Bigantxak, sokamuturrak... Inauterietan zezen ikuskizunak antolatu ohi dituzten herrietan –Tolosan eta Azpeitian, kasu–, aurten ere egin ahal izango dituzte horrelakoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.... (+)
A63 autobidea eta Baionako portua blokeatu dituzte, Araban blokeo bat Ertzaintzak eragotzi du
2026-01-12 | Jon Torner Zabala
A63 autobidearen lau eguneko blokeoa amaitutzat eman du A63ko ultrak taldeak, baina Ipar Euskal Herriko laborariek ez dituzte protestak eten. Astelehen goizean Baionako portua blokeatu... (+)
Abere azokak debekatu ditu Jaurlaritzak, dermatosi nodularra dela-eta
2025-12-23 | Jon Torner Zabala
Bi hilabetean, abenduaren 26tik otsailaren 26ra bitartean, abere azokarik ezin izango da egin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Helburua da behiengan eragina duen... (+)
gora