Astelehenero 8:00etan zure epostan
Elur-jausiek dozenaka eskiatzaile harrapatu dute negu honetan Pirinioetan eta Alpeetan, eta plazaratu dira izotz eta elur geruzen hauskortasunaz hamaika datu. Zientzialariek diote oraindik ez dagoela zehatz kuantifikatzerik zer lotura dagoen eskiatzaileek “istripuz” eragindako elur-jausien eta klima aldaketaren artean. Hala ere, negu hasierako hotz handiek eta osteko prezipitazioek osatutako paisaia zuriaren arriskuez ohartarazi dute, haren ederrak pitzadurak izan ditzakeelako ezkutuan.
“WHUMPF”. Soinua entzun duen mendizale bakoitzak desberdin deskribatzen du: “Trumoi baten antzekoa da”, “kaskabel sugea dirudi”... “Entzutean jakingo duzu, mendiaren barrunbeetatatik datorren soinua whumpf delakoa dela”. Onomatopeia horrek definitzen duen “txistu hotsak” –eta eskietan eragin dezakeen dardarak– adierazten du elur geruza ez dela itxuraz dirudien bezain egonkorra, eta litekeena dela pitzadura hamarnaka metro luze zabaldu izana jada.
Ezagutzen dituen lekuetan ibilita ere, pilatutako esperientzia “tranpa hilgarria” bihur daiteke eskiatzailearentzat, eragiten duen segurtasun sentsazio faltsuagatik, idatzi du Julien Laurenceau kronikagileak La Relève et La Peste aldizkari frantsesean: Morts sous avalanches: avec le dérèglement climatique, la fin du hors-piste? (“Elur-jausiengatik hildakoak: klima aldaketarekin, akabo pistaz kanpo eskiatzea?”).
Zaila da galderari erantzutea, klima aldaketaren eta eskiatzaileek –edo animaliek– “istripuz” eragiten dituzten elur jausien arteko loturari erreparatzen badiogu, gain-karga horrek elur eta izotz geruzetan zein eragin duen ez baitago zehatz kuantifikaturik gaur gaurkoz eta, ondorioz, mendian dabiltzan kirolarientzat zenbateko arriskutsua izango den ez dakigu ziur. Handiagoa ala txikiagoa izango da faktore ugariren arabera: neguko hotz-beroak, haizearen norabide eta indarra, garaiera, maldak zein aldetara ematen duen eta pendiza zenbatekoa den, prezipitazioen ezaugarri eta maiztasuna, baso eta larreen ustiapena… eta mendizaleen ibilerak. Aspaldiko egia da, istripua izateko aukerak murriztuko direla arretaz jokatu, nahikoa informazio bildu eta, egoerak hala eskatzen duenean buelta erdia emateko erreparorik ez badugu.
Datuek diote elur-jausi geroz eta gutxiago gertatzen dela, eta txikiagoak direla, gainera, tenperaturek gora egin dutenez elur gutxiago dagoelako mendietan. Horrek, baina, ez du esan nahi arriskua murrizten ari denik.
Urtarrilean hamabi lagun hil dira Frantziako mendietan, eskiatzen edo snowboard egiten ari zirela elur-jausiek harrapatuta. Zifra altua da, sasoi horretarako. 2023tik, batez-beste 17,65 lagun hil dira urtean.
Asteotako elur-jausiak aztertuta, elurraren lodierari dagokionez datuek ez dute ezer bereziki deigarririk azaleratu: Iparraldeko Alpeetan %90-110 arteko tasa zuen –ohikoak diren datuekin alderatuta–, Hegoaldeko Alpeetan %100 ingurukoa, eta Pirinioetako gune batzuetan %150 baino handiagoa. “Arriskua ez zegoen geruza-mantuaren lodieran, haren barne-egituran baizik, negu hasierako historia termikoak herentzian emandako ezegonkortasunak markatua”, idatzi du Laurenceauk. 2025eko abenduan hotz lehorra –elurte esanguratsurik gabe– egin zuen hainbat egunez, eta horrek metamorfosi sakona eragin zuen lurzoruko izotz-kristaletan. Kristal horien azala leundu egin zen, jada ez ziren aski itsaskorrak, eta eratu ziren geruza labainkorragoak, inguruko geruzei itsatsita mantentzea gehiago kostatzen zitzaiena. Ostean, urtarrileko prezipitazioek elurra metatu zuten haien gainean, eta geruza aski egonkorrak sortu. Itxuraz. Izan ere, garai horretarako ohikoa ez den “jarraikortasun eza” erakusten zuten; aurreko neguetan, oro har, izozte eta urtze zikloak pausatuagoak izanik, errazago fusionatu ziren.
Hainbat ikerketak erakutsi du tenperatura aldaketa bortitzek (-15 gradutik +3 gradurako trantsizio azkarrek, esaterako) elurraren egonkortze prozesuari eragiten diotela, eta alde leuna duten aleek euren propietate labainkorrak mantentzen dituztela denbora luzeagoan. Urtarrilak finkatu ohi du elur-geruza, baina jada ez du funtzio hori hain zintzo betetzen. Prezipitazio berantiarrek pisua ezartzen dute egitura ahula duen oinarriaren gainean, eta elur geruza denbora luzeagoan egoten da egoera ez sobera egonkorrean.
“Hainbat astean mantendu daiteke ezegonkor”, dio Stéphane Bornet-ek, ANENA ikerketa-zentroko zuzendariak. Vanoiseko parke nazionalean (Alpeak) egindako azterketek geruzen arteko jarraikortasun eza konfirmatu dute. “Aktibazioa gerta daiteke gehiegizko karga jasan duen puntutik distantzia batera, eta azken prezipitazioetatik hainbat egunetara, gainera. Arriskua bereziki maltzurra da horrelakoetan, aurreikusten zailagoa delako”, irakurri dugu La Relève et La Peste-n. “Zonalde lau samar batean dabilen eskiatzaileak elur-jausia eragin dezake dozenaka metro gorago dagoen malda pikoago batean, aurrez handik pasa ez den arren, negu honetan gertatutako istripuek erakutsi dutenez”. Haizeak egoera konplikatu dezake, gainera, eta maiz gutxietsia da haren eragina: “Prezipitazio gehiagorik ez dagoenean, foehn edo iparraldeko haizeek elurra barreiatzen dute haizebeko mendi-hegaletan, eta elur-geruza trinkoak sortu, alde leuneko izotz aleen gainean”.
Urtarrilaren 10ean eta 11n Val d’Isère eta Arêches-Beaufort eski estazioetan gertatuko istripuei erreparatuta, konturatuko gara kasu bietan esperientziadun eskiatzaileak zirela hildakoak, ondo ekipatuak zueden, bazituzten elur-jausiak harrapatuz gero salbamendu-taldeei abixua emateko dispositiboak, palak, zundak... eta ezagutzen zituzten lekuetan zebiltzan. Ezin demostratu daiteke larregiko konfiantzarekin ari zirenik, baina salbamendu-taldeek, esperientziak ematen duen ezagutzaren balioa nabarmentzearekin bat, kontrakoaz ere ohartarazi dute, gerta daiteke-eta zonaldearen “ezegonkortasun potentziala” gutxiestea.
Eskien gainean zein oinez, elurretan gabiltzanean seguruago-edo sentitzen gara inork aurretik arrastoak utzi baditu. “Gu baino lehenago igaro da hemendik norbait, ez zaigu deus gertatuko”. Baina, elur geruzaren egitura baldintza termikoen araberakoa da soilik, aurrez zenbat eskiatzaile pasa den ez da hain inportantea. Frédéric Jarry ANENA zentroko proiektu arduraduna da. Zera dio, elurrak izan dezakeen itxura faltsuaz: “Malda xuabe eta ustez trinkoan, non agian beste eskiatzaile batzuek markak laga dituzten, ez da inola ere egonkortasuna bermatzen. Gainkarga txikiarekin pitzadura zabal daiteke lateralki, eta oso bizkor, gainera. Eskiatzaileak erreakzionatzerako, beranduegi izan daiteke”.
Halaber, Éric Viallet-ek, Chamonix-eko estazioko mantenu arduradunak, pistetatik kanpo eskiatzeak dakarren arriskuaz ohartarazi du: “Hotz handiak eta prezipitazioak hain bizkor txandakatzeak eten-haustura iraunkorrak eragiten ditu elur geruzan. Geruza hauskor horiek gune zabalak har ditzakete, eta itxuraz homogeneoa den elurraren azpian gordeta geratzen dira”. Bereziki adi ibili beharra dago ipar-ekialdera ematen duten 30-45 graduko pendizetan, eta, profesionalek errepikatu dute: buelta erdia emateari ez beldurrik izan. Zenbait kasutan simulazio-probak ere egin daitezke, markatutako maldetan geruza txiki bat nahita hautsi eta nola zabaltzen den ikusi, bideari ekin aurretik.
“Negu honek argi erakutsi du: elur-jausien arriskua ez da neurtzen erori berri den elurraren lodieragatik, azpialdean dauden geruzen historia termikoagatik baizik”, dio kazetariak, testuaren hondarrean: “Neguko baldintzak aldatzen ari dira, eta beharrezkoa da gure kirol-jarduera egokitzea”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545