Astelehenero 8:00etan zure epostan
A63 autobidearen lau eguneko blokeoa amaitutzat eman du A63ko ultrak taldeak, baina Ipar Euskal Herriko laborariek ez dituzte protestak eten. Astelehen goizean Baionako portua blokeatu dute ELB, Confédération Paysanne eta Modef sindikatuek. Frantziako Gobernuak dermatosi nodular kutsakorraren kontra abiatutako protokoloengatik dira kexu, baita Europar Batasunak eta Mercosurrek sinatutako akordioagatik ere. Bestetik, Araban, Ataca nekazarien elkarteak deituta, Done Roman Millan parean A-1 autobideko errei bat hartzeko bildu da hainbat traktore, baina Ertzaintzak eragotzi egin die errepide nagusira sartzea, eta inguruan dira. Mercosur akordioagatik ari dira protestan haiek ere bai.
Besteak beste, artoa eta zerealak esportatzeko azpiegitura du Maïsica enpresak Bokalen.
Arabar laborariek salatu dutenez, Mercosurrekin akordioak nekazaritza eta abeltzaintza "suntsituko" ditu, lehia handia izango dutelako "soldata txikiagoekin, zerga baxuagoekin eta ingurumen, lan eta osasun eskakizun malguagoekin ekoiztutako produktuen" aurrean. Joan den astetik ari dira protestan Arabako laborariak –ostegunean, esaterako, Gasteizen elkartu ziren dozenaka traktore–. Astelehen goizean, A1 autobidera sartzerik izan ez dutenez, Asparrena inguruko industria-guneetara eraman dute protesta.
Baionako portua, blokeatuta
A63 autobidearen blokeoa amaituta, Bokaleko portuan, Maisica zereal biltegiaren –laborantza produktuen esportaziorako azpiegitura nagusiaren– aurrealdean, bildu dira ELB, Cofédération Paysanne eta Modef sindikatuetako nekazariak. Hasiera batean asmoa zuten aurren Baionako irteeran kokatzen den Grand Basqueko etorbidean elkartzeko. Prefeturak debekatu egin zuen lehen hitzordu hori, laborariek ez zutelako protesta komunikatu, Maite Ubiria kazetariak Kazeta.eus-en nabarmendu duenez.
Dena den, astelehen goizean auto-ilara luzeak daude oraindik ere Biriatu inguruan, A63 ireki zain hantxe geldi egon diren dozenaka kamioi apurka-apurka mugitzen hasiak direlako.
ELBko Peio Iriquinek Euskal Irratietan adierazi duenez, kamioiak Maisicara sartzea bertzerik ez dute blokatzen, autoen zirkulazioa trabatu gabe. Mercosur akordioa alboratzeko eskatzeaz gain –Frantziako Gobernuak oraindik ez du sinatu–, "jendetasunik gabeko osasun politikoa" salatu dute hiru sindikatuek, behiengan eragina duen dermatosi nodular kutsakorraren aurkako protokoloen harira.
ELBko kide Julen Perezen hitzetan, EB-Mercosur akordioa eteteko denbora badela uste dute laborariek, oraindik ere Europako Parlamentuan bozkatu behar delako. Aste honetan Ursula Von der Leyenek Paraguayn Mercosurreko arduradunekin akordioa izenpetuko badu ere, europar legegileek badute blokeatzeko aukerarik, Aimar Lopez Euskal Irratietako kazetariak azaldu moduan.
Zentzurik ez duen politika, sindikatuen hitzetan
"Joan den ostiralean, Europar Batasuneko kontseiluak baieztatu du merkataritza librearen UE-MERCOSUR akordioa, ekonomia ultra-liberal mundualizatu eta suntsitzaile horri oposizio masiboari kasu egin gabe", irakurri daiteke hiru sindikatuek zabaldutako prentsa-oharrean. "Europar komisioak Europako demokrazia lehertzen du, akordioa bi partetan zatituta, estatu guzien sustengu unanimoa dispentsa ukaiteko aterabidea lortuz". Sindikatuek diotenez, Europako historiako akordiorik eztabaidatuena da hau, eta onartezina dela "bortxaz baieztatzea".
"Akordio hau heriotz ekarle da Europako laborantxarentzat", gehitu dute: "Konkurrentzia desleial handi bat inposatuz, badakigularik laborarien hilabete saria ahalgengarria dela. Biziki lanjerosa da, osasun publikoarentzat, herritarrentzat, eta europar eta hego-amerikar laborarientzat, Europan debekatuak diren produktu ultra-kaltegarrien baliatzearekin. Suntsitzailea da ingurumenarentzat, oihan suntsitzearen azeleragailu eta berotze efektua duen gasa ekoizle. Politika hunek ez du zentzurik!".
Hilaren 15ean, Irunen eta Hendaian
Urtarrilaren 15erako Irun eta Hendaia artean biltzera dei egin dute ENBA, EHNE eta UAGN sindikatuek, dermatosi nodularraren aurrean sentitzen duten babesgabetasunagatik, laborariak kexu direnez. Abereen txertaketa-plangintza aldatzeko eskatu dute.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545