Ez daude bi baratze berdin. Baratze batean ez daude bi egun berdin.

Mamu ala arbaso

Trantsiziorako hila da otsaila. Otsaila txikia izateak lehenago bukatuko den esperantzan bizitzeko aukera ematen du. Une askotan, nostalgiaz begiratzen diot urtarrilean zehar bizitako erditze garaiari: zergatik ezin da hura luzatu? Beste askotan, erritmo errepikakor eta ezagunaren grinak martxoarekin jartzen nau ametsetan: zergatik ezin honen gainetik jauzi egin?

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2026ko martxoaren 02a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Eta ez, ezin dut hemendik ihes egin. Artzainak esaten zuen, bai, otsaila txikia da, baina inork ez du asmatu paretik kentzen! Ezin dut ezikusiarena egin, beraz. Nolatan, bada, muturren aurrean baditut otsaileko aldaketak?

Otsailaren 2an hasi ginen hiltegira joaten, eta harrezkero, astero-astero joaten gara Zubillagako hiltegi publikora arkumeak eramatera eta jasotzera. Horrek dakar ondorengo antolaketa guztia: kutxa isotermoak banaketa behar bezala egiteko, lekuz leku eta pertsonaz pertsona. Erlojuaren kontrako lasterketa horretan, guztion pazientzia ezinbestekoa da, ibilbidea ongi bukatzekotan: arkumeentzat, hiltegiko langileentzat, niretzat, erosleentzat.

Otsailaren 2tik aurrera, arkumeak desagertu diren heinean, hazten joan da esne litro kopurua. Arkumerik gabeko lehenengo lau ardi haiei beste 26 batu zaizkie. Horrek, maiz belarritik tiraka, eraman gaitu gaztandegira: hura margotu, egokitu, garbitu, gatzagia erosi eta hartzigarrien kopuruak begiratu, falta denaren eskaera bideratu... Gazura martxan jarri, gazta-ganbara hustu, errebisioa egin, garbitu... Oraindik eskuz jezten ari bagara ere, aurre hartu behar zaio martxoari, eta artegitik gaztandegira dagoen bidea ere aktibatu behar, noski: jezteko makinaren eta hotz-tangaren funtzionamendu egokia egiaztatu... dena, arroz-esnez gainezka egiten dugunerako. Dena, gazta egiten hasteko. Eta, hala ere, gazta egiteko lehen eguna heltzen da eta beti-beti dago egiteke gelditu den zer edo zer, harri koxkorra oinetakoan bezala.

Bitarte horretan ardi-lanek jarraitzen dute. Goizez eta iluntzez udako belar ondua eta zerealak eman; eguerdietan, Antoniori orain dela bi urte erositako alpapa banatu. Erditzeek jarraitzen dute, nahiz eta tantaka izan. Edaten asmatzen ez duen arkumeren bat gehitzen zaie biberoia hartu behar dutenei –bikote direlako eta amak nahiko esne ez, amak maite ez duelako edo amarik ez duelako...–.

Trantsizio garai honetan, egitera heltzen ez zaren horiek direla eta, makina bat aldiz eskatu behar izaten da barkamena. Zenbat mezu erantzuteke, zenbat dei egiteke... Eta bueltako horietan, behin eta berriz errepikatzen den sintagma da “trantsizio garaian gaude, gainezka egin dugu, ez gara denera heltzen, barkatu”. Egunak beste ordubete bat balu... Baina ez, ez du, eta hobeto, bestela, hori ere lanean pasako baikenuke.

Zorionez, trantsizio garai hau eskerrak emateko garaia ere bada. Horrelako prozesuetan jasotako laguntzak gorputz eta burua berrindartzen dituelako. Esaterako, gaztandegia konpainian –are gehiago, konpainia onean– garbitzeak zama arintzen du. Ez bakarrik lana azkarrago egiten delako, baizik eta, zurrunbiloaren erdian, esku pare batek heltzen zaituelako, goxo, eror ez zaitezen, lanaren pisuaren pisuz, eta esperantzaz hitz egiten dizulako.

Eta horrela, egunetako eta asteetako horiek guztiak erretrobisoreko ispiluan gelditzen diren neurri berean, hurbilago dago martxoak irekiko dizun leihoa. Amestutako monotonia berrian etzatear zaude: egunean bitan ardiei jana eman, goizetan larre berpiztuetara atera, egunean bitan jetzi, bi egunean behin gazta egin, gazta-ganbaran daudenak biratu... Horrela, San Ferminak arte.

Itolarri horretan, behin baino gehiagotan eskertu dut eskarmentuak aurreikuspenaz jokatzeko aukera ematea. Zer litzateke trantsizioa, bada, eskarmenturik gabe? Esperpentoa.

Gogoetak, nahi gabe, ihes egin du etxe honetatik, eta marko orokorragoan jarri nau: trantsizio ekosoziala deitzen den horretan. Trantsizioan ari al gara?

Zenbaitetan, kosta egiten zait trantsizioa irudikatzea. Badira aldaketak, bai, baina hor gaude kateatuta; adibidez, gobernuek aireportuak handitzeko egiten duten borroka; sindikatu batek, lanpostuak mantentzeko aitzakian, automobilgintza enpresari gerrarako tanketak egiteko eskaera; nekazaritza- eta abeltzaintza- dirulaguntzetan aplikatzen diren irizpideak; hegazkina hartzeko dagoen grina; petrolioz egindako trepetekiko menpekotasuna...

Eta ez da izango historikorik ez dugulako. Ez da izango eskarmenturik ez dugulako. Agian, datorkigun martxo horren monotonian bizitzen ez asmatzeari beldur diogulako. Edo urtarrilaren lozorro ezagunaren epeltasunak martxo posiblea ikusten uzten ez digulako. Agian. Baina martxoa helduko da. Ziur. Otsail txiki betean gauden bezain ziur.

Eta María Sánchezen poemako galdera datorkit: zer izan nahi dugu, mamu ala arbaso?

Kieto protokoloa
Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza... (+)
Txori-habiak eta akelarreak
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek... (+)
Klaseak eta klaseak
Beste askotan bezala, amorruaren eta inpotentziaren gordina estali nahian hasi naiz gramatikaren itsasoan igerian. Alferrik, ordea. Hemen ari naiz, goizean idatzitakoa pantailaren azpialdera bidaltzen, lerrook... (+)
Arnasa
Uste dut behin edo behin idatzi dudala hemen planetaren mugak gainditzearen ondorioei buruz. Behin baino gehiagotan idatziko nuen ondorio horien egitateak lurrarekin eta animaliekin bizi... (+)
Ekaitzaren erdian
Pasa den astean lurraren eta uraren defentsan ari zen Hego Amerikako emakume bati entzundakoak argitu zidan kopeta. Ekaitzez eta babeslekuez ari zen. Berak Txiapaseko beste... (+)
gora