Egurra diamantea baino arraroagoa da

“Benetan behar duguna da aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen aldaketa ekonomiko eta soziala”

“Urumeako mendiak bizirik” herri-ekimenak jende andana elkartu du Hernaniko plazan. Mendi horietan egin nahi dituzten bi makroproiektu eolikoen berri eman du, ekarriko lituzketen kalteak azaldu ditu eta Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei dei egin diete makro-proiektu eoliko hauek "geldiarazteko eta gure mendiak defendatzeko" antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera: hasteko, hitzaldi informatiboak egingo dituzte otsaila hasieran Ereñotzun, Hernanin eta Donostian. Makroproiektuen aurka Euskal Herrian antolatu diren beste taldeekin elkarlanean jarraituko dutela berretsi dute eta Baztango Aroztegiako auzipetuei elkartasuna adierazi diete, eta auzi hori dela-eta otsailaren 1ean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin dute.


2025eko urtarrilaren 28a
Urumeako Mendiak Aske herri ekimenak jende andana bildu du Hernaniko plazan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urumeako mendietan bi makroproiektu eoliko egin nahi dituztela azaldu du "Urumeako mendiak bizirik" herri ekimenak: batetik, FR Energy enpresak, Repsol multinazionalarekin lotura estua duenak, 100 MWko makroproiektua ezarri nahi du Arano, Ereñotzu, Hernani, Goizueta, Berastegi eta Elduaingo lurretan. Gutxienez 205 metroko altuerako hamalau aerosorgailu ezarri nahi ditu. Bestetik, Endesak 33MWko makroproiektua ezarri nahi du Hernani eta Pagoaga (Ereñotzu) artean.

Herri ekimenak kezka adierazi du: "Enpresa hauek, herri inguruetan CO2a xurgatzeko hain beharrezkoak ditugun ingurune naturaletan atzera-ezinezko txikizioak eragin eta lur-eremu publikoak erabilita, multinazionalen kapital pribatua aberasten jarraitu nahi dute". Ohartarazi dute "Europatik datozen funtsek bultzatutako proiektuak direla", eta energia kontsumo hain altua duen egungo gizarte ereduan, irtenbidea beste norabide batean planteatu dute: "Benetan behar duguna, lurraldea eta bertako aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen, eta behar energetikoei erantzungo dien aldaketa ekonomikoa eta soziala da. Aurrez antropizatutako eremuak berrerabili daitezkeela uste dugu energia berriztagarriak sortzeko gailuak jartzeko".

Naturan eta gizartean eragingo lituzketen kalteak

Makroproiektu hauek Urumeako bailarako mendien "industrializazioa" dakartela nabarmendu du herri ekimenak eta eragingo luketen kalteak aipatu ditu. Batetik, Arano aerosorgailu erraldoiez inguratuta geldituko litzateke, eta "herriaren biziraupena arriskuan" ikusten dutela ohartarazi dute. Bestetik, Urumea bailarako mendialdea korridore ekologikoa dela nabarmendu dute, "Aiako Harria, Urumea eta Leitzarango naturguneak elkartzen dituena" eta "Gipuzkoako Azpiegitura Berdea osatzeko lehentasunezko eremuetako bat dena". Hori eteteak landare eta animalia espezie askoren biziraupena arriskuan jarriko lukeela dio herri ekimenak. Gainera, gogorarazi dute Urumea arroa eta bere ertzak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuak dituela Eusko Jaurlaritzak berak eta "bailaran egiten diren eraldaketek, zuzenean eragiten diote hauen osasunari". Iturburu eta errekak kaltetuta aterako diren ere beldur dira, lur-mugimenduen ondorioz.

Bestalde, makroproiektu hauek lur desjabetzeak eta baso lurren birkalifikazioa ekarriko lituzketela salatu dute eta haize-errotetara heltzeko bideak zabaldu eta egokitu beharko dituztela, eta horrek "bolumen handiko" lur mugimenduak, lurraren artifizializazioa eta "pobretzea" ekarriko dituela. Abeltzaintza, nekazaritza eta aisialdiko jardunekin "bateraezina" dela esan dute. Eta herritarren bizi-kalitatean eta osasunean "kalte nabarmenak" eragingo lituzketela: kutsadura akustikoa, infrasoinuak, argi-efektuak eta abar.

Azkenik, ondare historiko, arkeologiko eta kulturalean izango duen eragina nabarmendu dute. Onddi-Mandoegi estazio megalitikoa EAEn babestua dagoela oroitarazi dute eta "proiektu hauekin zuzenean kaltetua izan daitekeela" salatu dute.

Aroztegiako auzipetuei elkartasuna adierazi die Urumeako Mendiak Aske herri ekimenak eta otsailaren 1eko manifestazioan parte hartzera dei egin du.
Hitzaldi informatiboak otsaila hasieran

Urumea mendietako makroproiektuak zertan diren jakin nahi duenak, ekarriko dituzten ondorioez kolektiboan hausnartu nahi duenak eta herri ekimenera gerturatu nahi duenak, aukera ederra du otsaila hasieran.

Ereñotzun otsailaren 6an, 19:15ean Ludotekan egingo dute hitzaldi informatiboa.

Hernanin otsailaren 7an, 19:00etan, Biteri Kultur Etxean izango da hitzaldia.

Donostian otsailaren 27an egingo dute hitzaldi informatiboa, Okendo Kultur Etxean.

Etiketa berde bakoitzarekin zer erosten dugun argitzeko eta laborari agroekologikoei entzuteko saioak
2026-02-06 | Estitxu Eizagirre
Herritarrei laborantza ekologikoa eta agroekologia zer diren azaltzeko hiru saio antolatu dituzte Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak eta EHKOlektiboak, elkarlanean. Kontzeptuen azalpenak eta inguruko laborari agroekologiko... (+)
Labrazako eolikoen eraikuntza lanak gelditzea eskatu du kontzejuak, mendi-bideetan baimenik gabe ari direlako
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Mendi-bideetan baimenik gabe burutzen ari diren eraikuntza lanak "berehala gelditzea" eta "legaltasuna berrezartzea" eskatu du Labrazako Kontzeju Irekiak. Ebazpena argitaratu du Arabako Buletin Ofizialean, "honen... (+)
Repsolen aurrean protestak egin dituzte Bianditz Domiko Bizirik eta Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenek
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Azaroaren 29 arratsaldean "Repsolen praktika ekozida eta kolonialak salatzeko" bi elkarretaratze egin dituzte Lintziringo (Oiartzun) eta Txillida Lekuko (Hernani) gasolindegietan. (+)
Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria Iberdrolako apoderatu ohia da
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Egun Eusko Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria da Guillermo Allende Arangiz, 2025eko otsailaren 15etik (kargu hau Trantsizio Energetikoko sailburuordetzan dago, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren barruan). Ordura arte Iberdrola... (+)
Ingurumen baimenik gabe, Gasteiz inguruetako makroeoliko proiektuan atzera egin du enpresak
2026-01-29 | Estitxu Eizagirre
Savannah Power Solar enpresak Cluster Vitoria 30kV izeneko zentral eoliko proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari urtarrilaren 19an, eta Jaurlaritzak urtarrilaren 26an sinatu... (+)
gora