Beti pentsatu izan dut, baratze bat izatea lagun leial eta on bat izatea bezala dela

“Erabat hirietatik teorizatzen dugu eta buelta asko eman behar dizkiogu landa eremuan zaintzaren gaiari”

Onintza Enbeita eta Maribi Ugarteburu elkarrizketatu ditu Eli Pagolak Egonarria saioan, haien liburuak eskutan. EHNE Bizkaia sindikatuko hamar emakumeren testigantza jaso du Maribi Ugarteburuk Erein, borrokatu, bizi liburuan eta Feli Madariagarena jaso du Onintza Enbeitak ARGIArekin kaleratu duen Bizitza baten txatalak liburuan. Biak kaleratu dira ikasturte honetan. Mintzatu dira emakume hauek lurrarekin duten harremanaz, ez kasualitatez emakumeek eredu txikiko laborantza egin izan dutela, eta feminismoak landa eremuarekin duen erronkaz, besteak beste. Mahai-inguru mamitsu horren hainbat pasarte ekarri ditugu hona. Gomendioa, dudarik gabe, bideoa osorik ikus-entzutea da.


2026ko otsailaren 25a
Eli Pagola Egonarria saioko aurkezlea, eta Onintza Enbeita eta Maribi Ugarteburu elkarrizketatuak, nork bere liburua eskuan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Liburu hauetako protagonistek norberaren historia kontatu dute, baina garai baten argazki bat ere egiten da, belaunaldi oso baten kontuak kontatzen dira...

M. Ugarteburu: Bi liburu hauetan agertzen diren emakumeak hain belaunaldi desberdinetakoak izanda ere, eta bakoitza leku batekoa, bakoitzak izan duen arren bere bizitza... Ze indartsuak diren elementu komunak! Bat da lurrarekiko maitasuna. Ez da maitasun naif, idealizatu, ñoño bat. Eurak dira lurrarenak, ez da lurra eurena. Bat izate hori, zaintze hori, euren jarduna benetan barru barrutik bizitze hori, oso indartsua da. Hauentzat denentzat ez da izan ogibide huts bat. Dena bat izan da haientzat, zikloekin bat eginda bizi izan dira, argiarekin, eguraldiarekin (halabeharrez)... Onintza, zuk esaten duzu ideologiaz baserritarra zarela. Eta pentsatzen dut, “ba neu ere bai”. Horixe da gakoa!

"Emakume hauek bizi dira lurrarentzat eta lurra bizi da eurentzat eta sinbiosi horretan eraiki dute euren bizitza", Onintza Enbeita

O. Enbeita: Garai bateko emakume hauek askoz argiago daukate. Bizi dira lurrarentzat eta lurra bizi da eurentzat eta sinbiosi horretan eraiki dute euren bizitza. Badakite lurrak ziklo batzuk jarraitzen dituela eta ziklo horien arabera antolatzen dute euren bizitza. Badakite neguan lan gutxiago izango dutela, udan lan gehiago egin beharko dutela negua hobeto pasatzeko, eta erabat emanda daude ziklo horietara. Horregatik esaten dut ideologiaz baserritar direla: animaliekiko duten ikuspuntua, lurrarekiko dutena... Denak dira kontziente, ideologizatuta egon edo ez, ezin dutela lurra izorratu, jarraikortasun bat, jasangarritasun bat behar dutela, lurra behar dutela. Baina aldi berean badakite lurrak baduela haien beharra, zerbait ekoitzi ahal izango badute. Sinbiosi oso ederra da.

M. Ugarteburu: Niri barruraino iritsi zaidan gauzetako bat horixe izan da, eta konturatzea, baita ere, hori noraino eten den azken hamarkadetan. Haiek ondo islatzen dute kontakizunean: askok ezagutu dute nekazaritza eta abeltzaintza parametro batzuekin, eta gero erabateko etena eta aldaketa ezagutu dute, agro-negozioaren “apisonadora” hori. Aldaketa horietako bat da jakintza eta sentsibilitate galera, eta enpatia galera, giza izate galera bat, azkenean. Zer gara gu, bada, lurrarenak ez bagara? Zer demonio garela uste dugu? Konexio hori galtzen den momentuan, gizarte psikopatagoan bizi gara. Horrela ulertzen dira hainbat eta hainbat txikizio eta erabaki ilogiko, ze geure buruaren kontra ari gara. Emakume hauek lotura hori mantentzen dute, enpatia hori, bat izate hori. Sekulako emakumeak dira.

O. Enbeita: Guk ez dugu mundua asmatu. Gu etorri baino lehen gauza asko asmatuta zeuden. Bizitza asmatuta zegoen jada. Hori deskubritzea umiltasun ariketa ederra da.

Zer aldatu da liburuko emakumeen gaztarotik gaur egungo gazteen egoerara lehen sektorean?

"Oinarrizko hainbat gauza aldatu dira, hain zuzen euren borrokari esker. Duela 40 urte ez zen posible gizarte segurantzan altan egotea", Maribi Ugarteburu

M. Ugarteburu: Oinarrizko hainbat gauza aldatu dira, hain zuzen ere, euren borrokari esker. Gaur egun sinplekeria iruditzen zaigu gizarte segurantzan altan emanda egotea, baina duela 40 urte hori ez zen posible. Titulartasuna ere lehen ez zen posible. Lan banaketak...
Gaur egun Hego Euskal Herrian –Ipar Euskal Herrian 20-30 urte aurretik baitoaz gai honetan, askoz taju hobearekin ari dira gauza hauek egiten– nekazaritza iraunkorraren sektorean sartzen diren emakumeen egoera eta bizipenak, eta daukaten ideologizazio maila eta egoeraren kontzientzia beste bat dira. Oso gauza interesgarriak ari dira egiten, baina ttantta gutxiegi daude, baserritar gutxiegi.

O. Enbeita: Bai, baserritar gutxiegi instalatzen da. Errelebo falta dago orokorrean: ez bakarrik familietan, lurrean instalatzea ez da munduko gauzarik errazena. Gure instituzioei esker, askoz errazagoa da Mercadona bat muntatzea edozein lekutan. Eta horrek islatzen du gizartearen norantza.

 

[Argazkian, Maribi Ugarteburu eta Erein, borrokatu, bizi libururako elkarrizketatutako emakumeak, liburuaren aurkezpen egunean. Hemen irakur daiteke aurkezpenaz Maria Ortegak egindako kronika.]

Titulartasuna aipatu duzue. Etxaldeko Emakumeen Kontuan har gaitzaten lanetik ateratako 2020ko datuen arabera:
-  Ustiategi profesionalen %25 dago emakumeen izenean eta %58 gizonen izenean. Gainerako %18 sozietate gisa antolatuta dago.
- Emakumeak batez ere ustiategi txikietako nagusi dira.
- Nekazaritzan dihardutenen 1/4 da emakumea.

O. Enbeita: Datuak badira errealitatearen isla. Ipar Euskal Herrian beste pantaila batean daude, baina Hego Euskal Herrian oraindik ere baserrira lanera hurbiltzen den jendea lotura familiarretik dator, edo lurrak lehendik dituen jendea da, askotan. Gero eta gehiago dira beste mundu batetik datozenak herrietara, euren proiektuak martxan jartzera, baina hori oraindik ez da gehiengoa. Horrek ekar dezake askotan emakumeak bigarren planoan geratzea. Familiatik edo herentziaz jasotzen denean ustiategi bat, zoritxarrez emakumea osagarri bat izan da lan horretan. Titulartasunak gizonaren izenean egon dira, edo gizona joan da fabrikara lanera, eta emakumeak baserrian egiten zuen zerbait diru osagarri bat ateratzeko. Osagarritasun horretatik, titular, ahaldundu eta burujabe izatera pauso asko eman dira, baina oraindik falta dira pauso batzuk. 

"Emakumeak titular diren kasuetan esplotazio txikiak dira. Hori ez da hemen bakarrik gertatzen, Europan orokorra da. Eta ez da kasualitatea", Maribi Ugarteburu

M. Ugarteburu: Eman dituzun datuetan, esan duzu emakumeak titular diren kasuetan esplotazio txikiak direla, ia erabat. Hori ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, Europako testuinguruan orokorra da. Eta ez da kasualitatea emakumeak lurrari atxikitako nekazaritza ereduan inplikatzea. Eredu iraunkorra, txikia, jasangarria, zirkuito laburrekin lan egiten duena...

O. Enbeita: Eta normalean epikarik gabeko proiektuak dira, ez dago traktore giganterik, ez daude 30 negutegi, ez daude 300 behi... normalean dira proiektu praktikoagoak eta xumeagoak.

M. Ugarteburu: Eta Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren dirulaguntzarik ez dago! Han diruz laguntzen dena azalera kopurua da, zenbat eta azalera gehiago, dirulaguntza gehiago. Eta kito. Nahiz eta azalera horretan ekoizpenik batere ez egon. Eta bestelako proiektu txiki hauek, dibertsifikatuak direnak gehienetan, ez dute lekurik hor. Azpiegitura, lurra, abiatu ahal izateko gutxienekoa, herentziaz jaso ezean, oso zaila dago laborantzan instalatzen Hego Euskal Herrian. Beraz, edo bokazioaren eta ahalaren gurutzaketa errazten da moduren batean, edo hamar urte barru ez da egongo inor laborantzan! Larrialdia oso handia da, hori ere transmititu dute liburuko elkarrizketatuek.

O. Enbeita: Bai, lurrak lortzea zaila da Hego Euskal Herrian, eta administraziora joaten bazara, ematen dizkizuten aholkuak edo egiten dizuten bidea beti da intentsiborako eta inbertsio handietarako, eta erabat euren menpe geratzen zara.

M. Ugarteburu: Eta nekazaritza eskoletan ere, nik dakidala, jarraitzen dute txip hori transmititzen.

[Marina Gallardoren argazkia, Onintza Enbeitak eta Feli Madariagak liburua aurkeztu zutenekoa. Hemen irakur daiteke Itsaso Zubiriaren artikulua, Enbeita herriz herri egiten ari den liburu aurkezpenetan irakurleengandik jaso duen erantzuna kontatzen duena.]

O. Enbeita: Proiektu txiki bati agian barre egingo dio zenbaki handiak mugitzen dituen batek, txikiak hilabetero ateratzen dituelako duin-duin 1.500 euro. Baina Ukrainako gerra hasi zenean eta zerealaren prezioa igo zenean, eta gauza ilogikoak gertatu zirenean –Espainiako Estatuan zereala kasi zaborretara botatzen dela esan daiteke, eta Ukrainako gerra hasi zenean Espainiako Estatuan ez zegoen zerealik...–, egoera horretan nortzuk eutsi ahal izan zuten esnearen prezioa igo gabe? Logika horretatik kanpo ekoizten dutenek, hau da, behientzako bazka beste modu batera lortzen dutenek. Orain nork egiten dio barre nori? Kontua da horretaz ez dela hitz egiten, eta berriro ere dirulaguntzak bideratzen direla pentsuaren prezioa igotzen denean. Ez, ez, niri ez eman dirulaguntzarik; niri lagundu animaliekin bizi naizen kate honetan menpekotasunik gabeko eredu bat sortzen!

Erreleboaren gaiarekin berriro aipatuko dugu Ipar Euskal Herria, Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatutik eta Lurramatik sekulako lana egin delako azken urteetan: nahiz eta egun baserriari edo bizitokiari lotuta dauden ukuiluak, baratzeak edo “ustiategiak”, mekanismo batzuk jartzen ari dira bihar-etzirako, etxean jarraipenik ez balego, kanpotik datorren norbaitek hor lan egin ahal izan dezan. Hego Euskal Herrian ez gaude txip horretan.

Mugimendu feministak zaintzaren gaia mahai gaineratu du azken urteetan eta hor ere parte hartu du lehen sektoreak...

"Zuk umeak zaintzen badituzu dena ongi doa, baina zaharrak zaintzen badituzu sozialki inozente hutsa zara eta oso enpatia gutxi dago", Onintza Enbeita

O. Enbeita: Feministatzat daukat nire burua eta oso harro nago feminismoak egin dituen borroka askorekin, baina iruditzen zait erabat hirietatik teorizatzen dugula. Landa eremura iristen garenean –jada baserri barrua aparte utzita ere–, teoria asko lausoak dira eta ez digute erabat balio. Ez du esan nahi txarrak direnik, baina erabat hiriko bizimodutik pentsatzen dugu zaintzaren inguruan, eta landa eremura bagoaz, zaintzaren errealitatea (lurrarena eta pertsonena) erabat aldatzen da. Bakardadeak diferenteak dira, handiagoak, distantziak ere bai, eta bizitzeko moduak desberdinak dira. Beraz, zaintzaren inguruko diskurtsoa hartu eta praktikan agian ñabardura batzuk egin behar genizkioke. Bat izan daiteke, lurraren zaintza ere zaintzaren barruan sartzea. Derrigorrezko edo tokatutako zaintzen meloia izan daiteke beste bat, ze baserrietan hori errealitate bat izan da betidanik. Derrigorrezko zaintza horiek sozialki zelan tratatu diren hausnartu behar genuke, zeren zuk umeak zaintzen badituzu dena ongi doa, baina zaharrak zaintzen badituzu sozialki inozente hutsa zara eta oso enpatia gutxi dago. Buelta asko eman behar dizkiogu landa eremuan zaintzaren gaiari, bizitza ereduak oso diferenteak direlako. Uste dut feminismoak hor baduela erronka bat.

M. Ugarteburu: Tamainaz txikiak diren komunitateetan, teorian, pixka bat errazago izan liteke beste zaintza eredu batzuekin entseguak egitea. Askotan eusten diogu hitz bati, baina gero ez dakigu oso ondo hitz horren atzean zer dagoen. “Zaintza publiko komunitarioa” esaten dugu, zer polita, baina zer da hori? Praxi horiek, agian, pixka bat errazagoak dira tamaina txikiagoko komunitateetan. Pertsonen zaintzaren meloia zelan kolektibizatu benetan, zer pieza jarri behar diren harremanetan “publiko komunitario” esaten dugunean... pixkanaka, badaude esperientzia batzuk.

O. Enbeita: Gure iruditegi feministan oso gutxitan agertzen da baserria. Hau ez da feminismoari bakarrik egiten diodan kritika, orokorrean gure ideologia askotan eta mundu hobe bat irudikatzeko proiekzio askotan ez dugu jada baserria ikusten, erabat hiriak ikusten ditugu. Agian hori aldatzen dugunean, askoz errazago teorizatuko dugu landa eremuko errealitateaz.

Solariaren makroproiektua gaitzetsi dute Arabako bederatzi udal eta 130 administrazio batzarrek
2026-02-23 | Estitxu Eizagirre
Otsailaren 21ean elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Solaria Zierbena Solar makroproiektu fotovoltaikoak "lurraldean eragingo duen inpaktu itzulezina salatzeko", antolatzaileek salatu dutenez. Bederatzi udalerritako eta 130 administrazio-batzarretako ordezkariak... (+)
Etiketa berde bakoitzarekin zer erosten dugun argitzeko eta laborari agroekologikoei entzuteko saioak
2026-02-06 | Estitxu Eizagirre
Herritarrei laborantza ekologikoa eta agroekologia zer diren azaltzeko hiru saio antolatu dituzte Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak eta EHKOlektiboak, elkarlanean. Kontzeptuen azalpenak eta inguruko laborari agroekologiko... (+)
Labrazako eolikoen eraikuntza lanak gelditzea eskatu du kontzejuak, mendi-bideetan baimenik gabe ari direlako
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Mendi-bideetan baimenik gabe burutzen ari diren eraikuntza lanak "berehala gelditzea" eta "legaltasuna berrezartzea" eskatu du Labrazako Kontzeju Irekiak. Ebazpena argitaratu du Arabako Buletin Ofizialean, "honen... (+)
Repsolen aurrean protestak egin dituzte Bianditz Domiko Bizirik eta Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenek
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Azaroaren 29 arratsaldean "Repsolen praktika ekozida eta kolonialak salatzeko" bi elkarretaratze egin dituzte Lintziringo (Oiartzun) eta Txillida Lekuko (Hernani) gasolindegietan. (+)
Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria Iberdrolako apoderatu ohia da
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Egun Eusko Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria da Guillermo Allende Arangiz, 2025eko otsailaren 15etik (kargu hau Trantsizio Energetikoko sailburuordetzan dago, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren barruan). Ordura arte Iberdrola... (+)
gora