Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gure garraio sistema norabide okerrean doa. Auto pribatuan oinarrituriko eredu honek baliabide kontsumo izugarria du: petrolio kontsumoaren hiru laurden eta energia kontsumoaren ia erdia erabiltzen da gurean. Horrek, noski, klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen isurien erantzule nagusia izatera daramatza. Gainera, urtez urte okerrera egiten dute datuek eta 1990eko hamarkadatik hona ia hirukoiztu dira garraioaren isuriak.
Beste mota bateko ondorio negatiboak ere dakartza. Ezagunena, segur aski, airearen kutsadura da. Motorraren konbustioak, gurpilen marruskadurak edo petrolioaren birfintzeak eragin dezakete (azken asteetan Muskizko Petronorreko plantak gordinki erakutsi digun moduan), osasun arazo larriak sortzen ditu, eta minbizi eta arnas aparatuko gaixotasunen kasu kopurua handitu. Ikerketen arabera, 1.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira Euskal Herrian airearen kutsaduraren ondorioz.
Garraio eredu autozentriko honen beste ondorio negatibo bat da kotxeek espazio publikoa inbaditzea. Izan ere, gaur egun, hirien espazioaren %60 baino gehiago bideratzen da autoentzako errepide edo aparkalekuetara, eta espazio berde eta sozialei lekua kentzen zaie.
Hirien espazioaren %60 baino gehiago bideratzen da autoentzako errepide edo aparkalekuetara, eta espazio berde eta sozialei lekua kentzen zaie
Azkenik, ezin dugu ahaztu garraio eredu honek autorik ez duen jendea baztertzen duela. Trafikoaren beldurrez eskolara bakarrik joan ezin den umea, lanera heltzeko hiru autobus hartu behar dituen zaindaria, unibertsitatera ailegatzeko jendez lepo doan autobusa hartu behar duen ikaslea, seme-alaben menpe bizi behar den agurea… Eredu autozentriko honek gizartearen beste zapalkuntzak biderkatzen ditu.
Eta horren aurrean zer planteatzen dute gure agintariek? Alde batetik, auto zaharren sarrera mugatzen dute erdiguneetara, eta kotxe ekologikoaren mitoa elikatzen dute, auto industriari bultzada emateko asmoz, betiko lez ukitu klasistarekin, noski. Bestetik, autobide berriak eraikitzen dituzte, ederto dakiten arren milaka auto gehiago ipiniko dituztela errepideetan. Askori subflubiala etorriko zaizue burura, baina, tamalez, ez da kasu bakarra, hainbat baitira garapen prozesuan dauden errepide berrien proiektuak.
Hori guztia aztertu genuen urtarrilean egin genituen Tesla bat sutan jardunaldietan, eta ondorio argi bat atera genuen: borroka egin behar dugu ingurumena eta pertsona zentroan ipiniko dituen garraio ereduaren alde.
Autobide gutxiago eta garraio publiko gehiago. Tesla gutxiago eta bizikleta gehiago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545