Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ura agentziatik gutun masiboa jaso dute baserritarrek, eta bertan esaten diete menditik hartzen duten urari kontagailua jarri ezean, arriskua dutela isunak jasotzeko eta ur kontzesioa galtzeko. Sukaldeko txorrota ireki eta ura ateratzea ez da bermatuta dagoen zerbitzu publiko bat herrigunetik aparte bizi diren herritarrentzat, alderantziz, haien poltsikotik ordainduta eta lana gogor eginda eraiki eta mantentzen ditu bakoitzak ura etxera ekartzeko azpiegiturak, eta lehortea denean zisterna bidez eta ordainduta kanpotik ekarri behar izaten dute ura. Gutunek beldurtuta, Errezilen mendiko ura erabiltzen dutenak elkartu egin dira eta Ura agentziarekin biltzea lortu dute: mendiko ura erabiltzen dutenen ordezkariak, haien abokatua, Enba eta EHNE Gipuzkoa sindikatuak eta Errezilgo alkatea elkartu ziren martxoaren 5ean Ura agentziako zuzendariarekin eta teknikariekin. Bilera horretan agentziako zuzendariak hitzeman die Errezilera joango dela, herritarrei azalpenak aurrez aurre ematera. Baina Ura betetzen ari den Agindua Jaurlaritzatik dator, eta mendiko uraren erabiltzaileek eta sindikatuek Legebiltzarrera jotzeko asmoa dute, “bidegabea” iruditzen zaien araua aldatzeko.
Ura Agentziaren Donostiako egoitzaren aurrean, martxoaren 5ean, bileraren ostean. Joxe Antonio Labaka, Xabier Iraola (Enba), Xabier Uzkudun, Joxerra Agirre, Andeka Egiguren, Naroa Irure (EHNE Gipuzkoa), Maitane Loinaz eta Iban Cadierno mendiko uraren erabiltzaileen ordezkariak.
Ura agentziaren egoitza aurrean elkartu gara Maitane Loinaz Errezilgo herritarrarekin, hain justu martxoak 5 goizean, barruan bilduta dauden bitartean agentziako zuzendaria eta teknikariak, mendiko uraren erabiltzaileak, sindikatuko ordezkariak eta alkatea. Baserrietan egonezina sortu duen gaiak Europako zuzentarauan du jatorria, baina mendiko uraren erabiltzaileen ustez arazoa zuzentarau hori betearazteko Jaurlaritzak ezarritako modua da, 2017ko apirilaren 24ko Aginduan jasoa dagoena. Loinazek kontatu duenez, “ur aprobetxamenduaren mapa bat egin nahi omen dute.
“Ur aprobetxamenduaren mapa bat egin nahi omen dute. Gu ez gaude kontra, iturriak deklaratzeko eta kontrol bat eramateko ez dugu inolako arazorik. Baina horretarako erabiltzaileok kontagailu bat jarri behar izatearen eta ura ordaintzearen aurka gaude, zeren badirudi ura debalde dugula eta ez, gastu eta lan handia da", Maitane Loinaz
Gu ez gaude horren kontra, iturriak deklaratzeko eta kontrol bat eramateko ez dugu inolako arazorik, gehienak dagoeneko ezagutzen dituzte gainera. Baina horretarako mendiko ura erabiltzen dugunok kontagailu bat jarri behar izatearen eta ura ordaintzearen aurka gaude, zeren eta badirudi ura debalde dugula eta ez da horrela. Gastu eta lan handia da baserrietan ura izatea. Uragatik ordaindu beharko genukeen kanona huskeria bat da, baina kontagailua jartzeko aurrekontua eskatu dugu eta 700 eurokoa jaso dugu, eta hamar urterako berriz aldatu beharko litzateke gainera”. Azaldu du kontagailua ur-hartunean jarri behar dela baina emari horrek ez duela esan nahi etxeetan ur hori dena kontsumitzen denik: “Guk erabiltzen ez dugun ura berriz ere errekara doa zuzenean. Beraz, zer da kontagailu horrekin neurtu nahi dena? Emaria? Ez dugu ulertzen”.
Badira bost urte hainbat baserri gutunak jasotzen hasi zirenetik, eta baserri batzuek jada kontagailua jarrita dute eta ura ordaintzen ari dira. Baina Loinazen hitzetan, “orain gutuna masiboki bidali du Urak, haien helburua baita 2027rako denetan kontagailua jarrita egotea”.
Ur-hartunean kontagailua jartzea erabiltzaileei ezarri nahi dieten arduraren hasiera baino ez da. Izan ere, kontagailutik datuak bildu, mugikorrean aplikazio bat deskargatu eta datuak Ura agentziari bidaltzeko lana ere herritarren bizkar jarri dute. Loinazek azaldu duenez, “baserri batean kontagailua jarri zuten baina ez zituzten datuak bidaltzen. Ura agentziaren bisita jaso zuten, isuna jasotzeko arriskua zutela esanez. Baserritarrek haserre erantzun zieten datuak bidali aurretik hiruzpalau orduko lana bazegoela ur-hartuneko kontagailura iristeko sasiak garbitzen. Izan ere, iturburu asko leku aldrebesetan daude, eta etxetik urruti. Herritar askorentzat aplikazioa jaitsi eta datuak bidaltzeko eskatzea ariketa gogorra da. Eta agentziatik jasotzen ditugun gutunak ere piperrik ez dira ulertzen! Ura erabiltzeko kontzesioa kenduko digutela, eta horrelako mehatxuak jasotzen dira eta beldurtu egiten gara”. Lan hori guztia egiteaz gain, herritarren gain utzi dute baita ere ur horren osasun txostena egitea, eta batzuei ura kloroztatzea eskatu diete.
Erakunde publikoetatik ur zerbitzurik batere jaso ez eta hainbesteko lan eta diru karga hartzera behartu nahi dituztelako haserre, Errezilen 108 baserri eta etxetan sinatu zuten erreklamazioa, 333 herritarrek, alegia, errezildarren %73 inguruk. Sinadura horiek 2025eko abenduaren 29an aurkeztu zituzten, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bidez, Uraren Euskal Agentziari zuzenduta. Bi eskaera egin zituzten erreklamazio hartan: batetik, “arduraduna herritarrekin biltzea eta herritarrak entzutea, gure egoera zein den ulertzeko” eta bestetik, bilera hori egin bitartean “prozedimendu guztiak bertan behera uztea”, hau da, isunik ez bidaltzea herritarrekin gaia argitu artean.
Loinazek azaldu duenez, Ura agentziarengandik “ezezko borobila” jaso zuten, “legea betetzen ari zirela” argudiatuta. Ezezkoarekin ados ez zeudenez, errezildarrek Arartekoarengana jo zuten: “Esan genion legea betetzen ari direla baina ez zaigula zuzena iruditzen. Arartekoak erantzun bera eman zigun: herritarrak defendatzeko daudela, baina erakundeen aldetik lege urraketaren bat dagoenean, eta kasu honetan, ez direla ari legerik urratzen”. Aukera baliatu zuten Arartekoari galdetzeko ea herrigunetik aparte dauden baserrietara ura ekartzeko eskumena eta ardura norenak ote diren. “Arartekoak erantzun zigun herrigunean Udalaren betebeharra dela, baina herrigunetik kanpo norberaren ardurapekoa dela ura ekartzea, Udalak ez duela inolako betebeharrik”.
Errezilen mendiko ura erabiltzen dutenen taldeak abokatu baten laguntza jaso du, eta Enba eta EHNE Gipuzkoa sindikatuekin ere harremanetan dago. Errezilgo Udalera ere jo dute babes eske, baina erabiltzaileen hitzetan, udalaren aldetik ez dute “laguntzarik eta babesik jaso”. Errezildarrek hasitako lanketak oihartzuna izan du beste hainbat herritan: Azkoitian 1.400 sinadura bildu eta aurkeztu dituzte, baina Ura agentziatik erantzun berdin-berdina jaso dute. Errezildarrekin harremanetan jarri dira Eskoriatzatik, Tolosatik, Azpeititik, Antzuolatik, Beasaindik, Berriatuatik... Loinazek argi du: “Herrietan antolatu egin behar da, banaka ezin da”.
Gauzak horrela zirela, Ura agentziatik bilera bat egiteko proposamena jaso zuten idatziz, “baina esan ziguten haiek ez zirela herrira etorriko, gu joateko Uraren Donostiako egoitzara, eta Udalari ere esango ziotela etortzeko. Uraren zuzendari nagusia ere bertan da”. Martxoaren 5ean egin zen bilera horretan, mendiko uraren erabiltzaileen ordezkarien eta baserritar sindikatuen helburua izan zen agentziako kideei baserritarrek bizi duten errealitatearen berri ematea. Baina bilerara joaterako argi zuten zein den hurrengo pausoa: “Gure asmoa da Legebiltzarrera jotzea eta 2017ko apirilaren 24ko Aginduan aldaketak egitea, Jaurlaritzaren agindua baita Europako zuzentaraua eta Espainiako Errege Dekretua nola aplikatu esaten duena”.
Bileratik atera berritan, abokatuak, baserritarren ordezkariak eta sindikatuetako ordezkariek egindako adierazpenak jaso ditugu.
“Bileran saiatu gara Ura agentzia baserritarrek duten arazoaz sentsibilizatzen, estatua baserrietan sortzen ari den gainkargaz, hain zuzen. Pertsona hauek utzita sentitzen dira. Jada kontua ez da jendea motibatzea landan bizitzeko, baizik eta ez desmotibatzea. Garrantzitsua da gizarteak ere babesa ematea oraindik landan bizi direnei.
Ura agentziak konpromisoa hartu du Errezilera joateko herritarrekin hitz egitera eta egoera ezagutzera, eta batez ere beldurra kentzera. Hori zen bilera honetan eskatzen genuen puntuetako bat, eta espero dugu beteko dutela.
Eskatzen genuen beste gauza zen espediente guztiak gelditzea herritarrekin bilera hori egin artean. Hori ez dugu lortu, haiek esaten baitute legea bete behar dutela eta horretan ari direla”.
“2005ean hasi ginen Enba sindikatuan gai hau lantzen, Uraren Legea zela medio, eta orduan ere eskatu genuen ur horniduraren plangintza berezi bat egitea landaguneetarako. Izan ere, milaka baserri daude ur hornidura publikorik gabe. Baita ere eskatu genuen ur kanona ezabatzea nekazaritza erabilerarako, eta ez zen ezabatu, baina bilera asko eginda lortu genuen %90eko hobaria izatea. Baina oraingo gai hau Europatik eta Espainiako Estatutik dator, eta Urak behin eta berriz azpimarratu du ur kontzesio horiek legeztatu nahi dituztela, bai norberaren babes edo bermerako, bai erakundeen kontrol publikorako. Guk eskatu dugu horretarako baserritarren zinpeko adierazpen bat nahikoa dela, baina haiek diote kontagailu bat jartzea ezinbestekoa dela.
Zinpeko adierazpenean, baserritarrak agertuko luke berak baduela ur kontzesio bat metro kubiko jakin batekoa eta ez duela hori gainditzen. Deklaratutako ur kopuruaren arabera ordainduko luke kanon ekologikoa, baina %90eko hobaria du eta huskeria bat da. Kontua da kanon hori kobratzeko eta kontzesio horiek legeztatzeko kontagailua ezinbesteko izateak gastu handi bat sortzen diola baserri bakoitzari.
Baina Ura agentziak araua aplikatzen du, eta araua aldatzera Legebiltzarrera joan beharko dugu. Prest gaude horretarako”.
“Europatik datorren lege bat da eta bete egin behar da, jakin egin behar da zenbateko ur kantitatea hartzen duen baserri bakoitzak eta abar, horretan ados gaude. Baina lege horren interpretazioan Jaurlaritzak behartzen gaitu baserri bakoitza kontagailu bat jartzera, ur kantitatearekin egun ez dagoenean arazo errealik, eta horrek guztiak dakarren gastuarekin. Eta batez ere, gero arazoren bat baldin badago, matxuraren bat, udan urik gabe geratzen bagara momentu puntualetan... nor egiten da horren arduradun? Kontagailua eta kanona ordaindu behar ditugu baina horrekiko jasotzen ditugun zerbitzuak ez dira inola ere parekoak. Ez dugu inolako zerbitzurik jasotzen, ur hodi eta deposituen instalazio eta mantenimendu guztiaren kargu baserritarra egiten da beti, eta orain kontagailua eta kanona kobratzea ez dugu justua ikusten.
Guretzat bilera honetan garrantzitsuena zen Ura agentziak ikustea baserritarren errealitatea zein den, kasu honetan erakunde publikoak baserrien errealitatetik oso hurrun baitaude. Ados, erakundeak legeak betetzeko daude, baina loihetan hankak ditugunak baserritarrok gara eta gure arazoak zein diren ezagutu behar dituzte.
EHNEn egingo dugun lehen gauza izango da afiliatu guztiei informazioa zabaltzea, eta kezkaren bat badute laguntzeko gaudela jakinaraztea. Afiliatuekin bilerak egiten hasi gara, legea ongi irakurri eta interpretatzen ere bai, eta egoera gogor honi irtenbidea emateko beharrezko pausoak emango ditugu, erakunde nahiz alderdi politikoekin hitz eginda edota Legebiltzarrera jota”.
“Bileran Ura agentziak azaldu digu legea nondik nora doan, eta guk esan diegu gauza bat dela aplikatzen ari direna legezkoa izatea, eta beste gauza bat bidezkoa izatea. Guretzat ez da bidezkoa, eta mahai gainean jarri dugu guri zer kostu ekartzen dizkigun, zeren eta esan digute guretzat orain arte urak ez duela kosturik izan. Aldiz, guri askoz gehiago kostatzen zaigu ura Donostia erdian bizi denari baino. Izan ere, gure zergetatik ordaintzen dira azpiegitura handiak, urtegiak, ur-bideratze handiak, araztegi handiak... eta guk ez dugu zerbitzu hori jasotzen.
Azaldu diegu dagoeneko esfortzu ikaragarria egiten ari garela, guk ditugun azpiegiturak gure poltsikotik ordaindutakoak direla eta diru asko joan zaigula horretan, eta orain jarri arazi nahi dizkiguten kontagailuek gastua eta lanak ere ekarriko dizkigutela: irakurketa egitea, datuak bidaltzea, azpiegitura horren ardura hartzea eta beraz, izorratzen bada errebisatzea eta konpontzea....
Argi dugu Jaurlaritzako atea jo beharko dugula”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545