Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gure baserrian bezala beste askotan, ez gara 1.221 euroko gutxieneko soldatara iristen. Inondik inora. Hori amestea ez da gutxi. 1.500 euro hilean kobratzea, utopia da, lurrarekin eta animaliekin lan eginda. Gutxieneko soldatara heltzen ez diren asko daude, baserrian zein kalean, inongo estatistiketan azaltzen ez direnak –batzuek ez dute tokirik ezta erroldetan ere: ez omen dute horretarako eskubiderik–.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Nire susmoa da, ordea, egoera prekarizatuak ez direla desagertuko gutxieneko soldata igoera batekin –edo ez bakarrik–. Horrekin batera, gehienezko soldataren langa aldarrikatu beharko genuke, egiturazkoak diren desberdintasunak murriztuko badira.
Ezer asko ez dugu konpontzen 1.500 euroko gutxieneko soldata poltsikoratuta, baldin eta pertsonen arteko ezberdintasunak sortzen dituen sistema bertan behera uzten ez badugu. Izan ere, kapitalak ederki asko daki koska txiki horri atarramendua ateratzen: gehixeago kobratzen duzunez, gehixeago ordaintzeko moduan zaude, edo? Izan ere, diru gosea mugagabea da.
Egunotan, greba orokorra dela eta, galdera bat baino gehiago izan dut buruan.
Neure burua langile klasean ikusten dut, argi eta garbi. Baina autonomoa izanik, nola aldarrikatu inork ziurta diezadala gutxieneko soldata bat? Horrek, nahitaez, eskatzen du jendarteak onartzea baserritarron lana ezinbestekoa dela, oinarrizkoa, denon bizitzarako, beste lanbide batzuekin gertatzen den bezala.
Urruti ikusten dut. Bizitza duin eta desiragarrirako eskubidea denok daukagula esaten dugunean, maiz, susmoa dut geure buruarengan eta geure modukoengan ari garela pentsatzen; eta berriz ere, jendarte honen izaera industrialak eta hirizentrikoak kanpoan uzten gaituela baserritarrok, egunero-egunero, hala moduz bada ere, tripa betetzen duen arren.
Soldata duinen desiraren poltsan ez dakit gu, baserritarrak, sartzen garen –ez gu eta ez beste hainbat autonomo txiki ugari–. Uste dut, asko jota –eta ez da gutxi, bestaldetik– eskaera kolektiboa supermerkatuko langileengana baino ez dela heltzen. Eta non gelditzen dira tripa betetzen duten hango “produktuen” lehengaien ekoizleak?
Alegia, tomate, garbantzu, porru, oilasko, hanburgesa.... horien guztien atzean dauden pertsonen soldata duina non aldarrikatzen da? Urrutikoak eta anonimoak izanik, zer toki dute horiek gure aldarrikapenetan? Nolatan izango ditugu pertsona horiek gogoan, gertu ditugun baserritarren bizi baldintzak ere ikusezinak bazaizkigu?
Koska bat aurrerago eraman dezaket ikusezintasuna: orokorrean, janari merkea nahi da, ahalik eta merkeena, eta askotan nahi horren atzean ez dago ezintasun ekonomikoa, baizik lehentasun kontua: gailuak, arropa, oporrak, kapritxoak... Geure burua eta bizirik mantentzen gaituen lurra pozoitzen ari bagara ere; ondorengoei beren elikadura –beraz, bizitza bera– kolokan jartzerainoko herentzia utziko badiegu ere, janari merkea nahi dugu apetatxoak asetzeko.
Horrek guztiak narama pentsatzera afera ez dela mugatzen hilean diru gehiago izatera eta baldintza materialak hobetzera –horrek ere ez baitu esan nahi bestelako bizi-baldintzak hobeak izango direnik–.
Nire ustez serioski hausnartu behar dugu diru horrek zer jendarte mota eraikitzen duen, kide guztientzat bidezkoa den ala ez; ez ote garen klasismoa, matxismoa, arrazismoa eta gainontzeko bazterkeria guztiak elikatzen ari.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545