Zer da belar txar bat? Onurak ezagutzen ez dizkiogun landarea.

Schreiber muskerra eta Jaizkibelgo misterioa

Kanpai soinua Jaizkibelen. Hareharrizko arrokak ikus daitezke Guadalupe elizaren aldameneko belardian: orban horiak paisaia berdean. Itsaso urdin bat sumatzen da gertu. 1979an aurkitu zen bertan aurreneko eta azkeneko aldiz Schreiber muskerra. Ordutik, arrastorik ez. Galderak pilatzen dira ikertzaileen buruetan: desagertuko ote zen espeziea? Izango al da alerik oraindik? Ia ezinezkoa dirudien bilaketan ari dira herpetologoak, infinitua dirudien eremu batean laginketa lanetan. Ama Guadalupekoa, egin ezazu miraria.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko martxoaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
SCHREIBER MUSKERRA (Lacerta schreiberi)

TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 10-12 cm isatsik gabe.
NON BIZI DA? Sastrakadi, basope eta gune irekietan.
ZER JATEN DU? Ornogabe txikiak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta.

Baina miraririk ez orain artean. 1979ko ekainaren 29an Antonio Beak aurkitu zuen eme heldu hura da erreferentzia bakarra. 11 arrautza omen zituen sabelean. Denborak esango du narrastien bilduma batean gorderik dagoen ale hori ote den inguru horretan ikusi den azkena...

Izan ere, Jaizkibelgo aipu hori ez da edozein aipu. Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) ezagutzen duenak badakielako mundu osoan Iberiar penintsulan baino ez duela aurkituko. Endemikoa dela, alegia. Galizatik hasi eta bi bide hartzen ditu bere banaketak. Bata, Portugal aldera jaisten da, eta Madril ingurura barneratzen da adar baten gisa. Besteak, kostalde atlantikoa hartzen du, eta pixkanaka bere banaketa estutzen doa ekialdera doan heinean. Euskal Herrian, Bizkaian eta Araba erdi eta iparraldeko eremu batzuetan ikus daiteke. Gipuzkoa mendebaldean zabalduxeagoa dagoen arren, Donostiara bidean bere banaketa gero eta arraroagoa da. Itziar, Deba inguruan aurkitu da azken urteetan. Hortik ekialdera datu berririk ez. Hargatik, agian, Hondarribiko Jaizkibel mendian muskerra aurkitzeko nahia, intentzioa eta kuriositatea. Ertzaren ertzean, izango al da azken mohikanorik?

Utzidazue iritzi bat partekatzen: Schreiber muskerra narrasti zoragarria da. Arrek kolorazio deigarria hartzen dute udaberrian, ugal garaian: burua urdina, gorputza hori-berdexka eta isatsa arre kolorekoa, orban beltzak nahasten zaizkielarik. Emeek arre kolorea izaten dute eta orban beltz handiagoak gorputzean sakabanatuta.

Musker berdearekin batera bizi da Schreiber muskerra Euskal Herriko leku askotan. Oñatiko Araotzen, gardatxoa eta musker berdea ditu inguruan. Haien arteko erlazioari buruz, ordea, ezer gutxi dakigu. Bada musker berdea lekua kentzen ari zaiola adierazten duen herpetologorik, ordea.

Ornogabe jale sutsu hau hainbat habitatetan aurkitu da Euskal Herrian: artea nagusitzen den gunean, sastraka eremuetan, pinu landaketen azpian, horma zaharren inguruan, belardi eta sastrakadi arteko ekotonoan… eta hor egon ohi da, ikerketen arabera, mugimendu gutxi eginez. Bere aktibitate denboraren %10 baino ez baitu erabiltzen mugitzeko.

Negua igaro ostean, arrak izan ohi dira azaltzen lehenak eta ondoren, emeak. Aktibitate handieneko unea ugal garaia izaten da, apirila eta uztaila artean. Garai horretan, emeak 1-5 arrekin estaliko dira eta arrak, 0-4 emerekin. Eta hala etorriko dira etorkizuneko musker txikiak, emearen sabelean garaturiko arrautzetatik.

Itsaso kolorea buruan, belarra gorputzean eta hareharri ukituak isatsean. Schreiber musker arrik Jaizkibelen bada, bertako paisaiarekin mimetizatzen ariko da, herpetologoen begietatik ihesi. Bitartean, bilatzen jarraitzea besterik ez zaie gelditzen ikertzaileei. Zain izango gara, Guadalupeko kanpaiak noiz joko, berria inoiz lau haizetara zabaldu beharko balitz.

Txikitasunean ezkutatuta
2026-02-02 | Iñaki Sanz-Azkue
Bada zerbait zientzialari oro pozten duena: buruan dituen galderen erantzunak aurkitzea. (+)
Uretan dantzan!
2025-12-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Txikia da putzua; putzu-zulo deitzeko modukoa. Baina bere txikitasunean badu garrantzia, eta ez nolanahikoa. Hezegune txikiak edo mikrohezeguneak espezie askoren bizileku baitira, ugaltzeko toki, babesleku... (+)
Isilean, oharkabean
2025-11-01 | Iñaki Sanz-Azkue
Belar motz artean sumatu da mugimendua. Ez da jarraia, ez da bortitza. Sugandila bizierrulea mantso doa aurrera, isiltasunean. Oharkabean. Gorputz osoa sigi-saga mugituz, belar arteko... (+)
Gorrian zuri
2025-09-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera... (+)
Hegoaldeko suge leuna: ehiztari bat ilunpean
2025-07-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen... (+)
gora