Martxoak hausko edo auri asko.

Amillubi erosketaren “azken txanpan” sartu da eta “Eskola Haziak” formazio saio teoriko-praktikoak eta Udaberriko Festa iragarri ditu

2023ko abenduan abiatu zuen laborantza ekologikoaren Biolur elkarteak Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta baserria eta bere lurrak kolektibizatzeko Amillubi proiektua eta 390.000 euro lortzea jarri zuen helburu erosketarako eta baserria konpontzeko. Azken bultzada baterako diru iturriak lantzen ari direla jakinarazi du Amillubik, eta datozen 5-15 urteetan Amillubin zein proiektu martxan jarriko dituzten definitzeko prozesua martxan dutela. Horrez gain, "Eskola Haziak" formazio saio teoriko-praktikoak abiatuko dituzte martxoaren 15etik aurrera, agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat zuzenduta. Hirugarren urtez Udaberriko Festa ere egingo dute, aurten maiatzaren 16an.


2026ko martxoaren 05a
Amillubiren bigarren urteurrena ospatu zuteneko irudia, iragan abenduan: auzolana, kafea, ekitaldia eta errituala egin zituzten.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Irakurleak oroituko duenez, 2023ko abenduan abiatu zuen laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak kolektiboki erosteko prozesua. 390.000 euro biltzeari ekin zioten, baserria eta lurrak erosteko eta baserria konpondu ahal izateko. Honela eman dute jakitera zertan den baserriaren erosketa: "2023ko abendutik, pausoz pauso eta herriaren babesari esker, hitzartutako kopurua zatika ordaintzen joan gara. Bidean jasotako elkartasuna izugarria izan da: herritarren, kolektiboen eta eragileen konfiantzak eta laguntzak proiektuari indarra eman diote, eta bihotzez eskertu nahi dizuegu erakutsitako konpromisoa". Orain, "azken txanpan" daude: "Baserria erosteko prozesua ixteko azken ahalegina behar dugu, eta horretan ari gara, hainbat diru-iturri bilatzen eta aukera berriak aztertzen". Horregatik, gogorarazi dute edozein ekarpen ekonomiko oso baliotsua eta ongietorria izango dela (hemen daude adierazita ekarpenak egiteko moduak): "Ekarpen bakoitzak Amillubi errealitate bihurtzera hurbiltzen gaitu, eta lurra, agroekologia eta komunitatea erdigunean jarriko dituen etorkizuna eraikitzen laguntzen du. Eskerrik asko orain arte egindako bideagatik, eta bidean bidelagun izaten jarraitzeagatik".

Erosketa konpromisoei aurre egiteaz gain, Amillubi etorkizunean zehazki zer izango den proiektua lantzen ari dira. Horretarako, "Utopiak eraikitzen" prozesua jarri dute martxan Asunek behatokiarekin lankidetzan, eta hurrengo 5-15 urteetan Amillubik egingo duen ibilbidea diseinatzeari ekin diote. Prozesu horretan, lehenik balioak eta lan-ardatzak zehaztu dituzte, eta orain proiektu estrategikoak diseinatzen hasiko dira.

Amillubi proiektuaren helburua honela adierazi dute: "Gipuzkoan elikadura-burujabetzaren aldeko estrategia iraunkorra eraikitzea, nekazaritzarako lur emankorrak babestuta eta elikagaien ekoizpen ekologikoa sustatuta. Aldi berean, lehen sektoreko erreleboa bermatzeko baldintza duinak sortu nahi ditugu, lanpostu berriak eta proiektu komunitarioak garatuta".

Hitz hauekin definitu dituzte Amillubi proiektuaren oinarriak: "Amillubin lurra, pertsonak eta komunitatea zaintzen dituen elikadura-eredua bultzatzen dugu. Ondare naturala defendatzen dugu, harreman justu, inklusibo eta parekideak eraikita, zaintza eta feminismoa erdigunean jarrita. Esperimentaziorako eta berrikuntza sozialerako espazio irekia gara, eta ekoizle berriei zein dagoeneko lanean ari direnei baldintza ekonomiko eta sozial bidezkoak eskaintzea dugu helburu". Moduei dagokienez, Amillubi lankidetzan eta parte-hartzean oinarritzen dute: formakuntza, belaunaldien arteko harremanak eta jakintzaren transmisioa sustatzen ditu Amillubik. "Topagune eta sare gisa funtzionatzen dugu, proiektuak kolektibizatzeko eta harreman berriak sortzeko espazio bat eskaintzen dugu".

Helburu eta izaera horiek oinarri gisa hartuta, proiektu pilotuak definitzeari ekin diote eta helburu gisa jarri dute abendu honetarako proiektuak zehaztuta izatea, 2027an martxan jartzen hasteko.

Baina bitartean, Amillubiko laborantza lurrak etengabe lantzen dituzte: gaur egun ilarra, lihoa, zekalea eta ongarri berdea dituzte ereinda lursailetan.

"Eskola Haziak"

Martxoan abiatuko ditu Amillubik "Eskola Haziak" formazio saioak, eta praktika eta teoria uztartuko dituzte: goizean auzolana egingo dute, Amillubiko eguneroko lanak eta behar praktikoak ezagutzeko. Ondoren, jakintza partekatzeko tailerra edo hitzaldia izango da, "ikasitakoa kolektiboki lantzeko, esperientziak trukatzeko eta gogoetarako espazioa irekitzeko".

Zazpi Eskola Hazi aurreikusi dituzte aurtengorako. Lehenbizikoa martxoaren 15ean izango da. Saio horretan intersekzionalitatearen gaia landuko dute Leticia Gil Urretabizkaiaren eskutik: zapalkuntzen arteko gurutzaketak ulertzen saiatuko dira eta agroekologiaren praktikan txertatzeko moduak aztertuko dituzte. Antolatzaileen hitzetan, "ikuspegi berriak eraikitzeko aukera izango dugu, elikadura burujabetzaren bidean aniztasuna eta justizia soziala erdigunean jarrita".

Hurrengo saioetan, berriz, gai hauek landuko dituzte: "Gure baratzetan burujabe", "bioeraikuntza", merkaturatze agroekologikoa", "pribilegio txuria agerian" eta "ekonomia sozial eraldatzailea". "Amillubi jakintza partekatzeko, elkarrekin ikasteko eta agroekologia herritik eta herriarentzat eraikitzeko espazioa da", adierazi dute partaideek.

III. Udaberriko Festa

Aurten hirugarren urtez egingo du Amillubik Udaberriko Festa, maiatzaren 16an, "Lurra oinarri, utopien bidean" lemapean. Goizean mahai inguruak egingo dituzte, "agroekologia, elikadura burujabetza eta alternatiba errealen inguruan hausnartzeko eta elkarrizketa sustatzeko". Arratsaldean, jai giroa izango da nagusi, hau da, "komunitatea sendotzeko eta ospakizunerako espazioa izango da Amillubi", bertako kideen esanetan: kontzertuak, zirko tailerra, eta adin guztientzako ekintza eta topaguneak egongo dira.

 

 

 

Amasamendiko zentral eolikoak hegazti babestuengan eragin "oso nabarmena" izango lukeenez, udalak enpresarekin harremanak eten ditu
2026-05-29 | Estitxu Eizagirre
Amasa-Villabonako Udalak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen txostena egin du eta hori irakurrita, udalak ondorioztatu du Amasamendin Premier Groupek eraiki nahi duen makroproiektu eolikoak hegazti... (+)
Labraza zentral eolikoa eraikitzeko lanetan Aixeindar araudia "behin eta berriz urratzen" ari dela salatu dute
2026-05-27 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Aske taldeak Eusko Jaurlaritzaren jarduera salatu du, Aixeindar SA sozietate publikoa (Energiaren Euskal Erakundeak %40ko partaidetza duena) Labrazako zentral eolikoa eraikitzeko lanetan biodibertsitatea... (+)
Kateak
2026-05-24 | Estitxu Eizagirre
Lurraren aldeko bost ekintzailek euren buruak Labraza (Araba) makroproiektu eolikora lotu zituzten ostiralean eta eraikitze lanak geldiarazi. Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) osatutako... (+)
Amillubiren ametsa lurreratzeko haziak erein ditu Udaberriko Festak
2026-05-18 | Estitxu Eizagirre
Maiatzaren 16an jai egun bikaina bizi izan zuten Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan. Biolur elkartea da proiektuaren sustatzailea, eta bertaratutako herritarrei azaldu zieten proiektua... (+)
“Akatsa da pentsatzea makro berriztagarriak klima larrialdiari aurre egiteko direla, bultzatzen ari diren kapitalistak etekin ekonomikoari begira baitaude”
2026-05-13 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herrian guztira 330 makroproiektu daude eta gehienek badute haien aurkako tokiko taldea. Talde horien guztien arteko sarea da Euskal Herria Bizirik, eta partekatzen dituzten... (+)
gora