Astelehenero 8:00etan zure epostan
Errekurtsoa Labrazako Administrazio Batzarrak aurkeztu zuen, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearekin batera, proiektuaren Plan Bereziaren behin betiko onarpenaren aurka.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak izapidetzeko onartu du Aixeindarrek (Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortuako elkarte publiko-pribatua) sustatutako Labrazako eolikoen makroproiektuaren aurka jarritako administrazioarekiko bigarren auzi-errekurtsoa (lehenengoa 2024an aurkeztu zuten, proiektuari aldez aurreko administrazio-baimena ukatzeko eskatuz).
Bigarren errekurtso honek salatzen du makroeolikoaren plan berezia behin betiko onartu izana, "onarpen hori jendaurrean jarri gabe egin baitzen, egin beharreko ingurumen-eraginari buruzko azterketa estrategikorik gabe eta duten natura-balioagatik babestutako lursailetan", Labrazako Administrazio Batzarrak prentsara bidali duen oharrean adierazi duenez.
Erakunde honek gogorarazi du "lehen auzian bertan salatu zirela irregulartasunak izapidetzean, hala nola proiektua zatikatzea ingurumen-ebaluazio bateratua ekiditeko, ingurumen-txostenen eskasia eta bizilagunen ongizateari eragitea, aerosorgailuak biztanlegunetik hurbil egongo liratekeelako".
Labrazako makroeolikoaren aurkako bi errekurtso hauek Labrazako Administrazio Batzarrak bultzatu ditu, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearen babesarekin. Prentsara zabaldutako oharrean adierazi dutenez, Errioxa Jatorri Deiturak ere badu kezka "proiektu horiek inguruko mahastizaintza-, ardogintza- eta landa-ingurunean izan ditzaketen paisaia- eta ingurumen- eraginei buruz". Zortzi aerosorgailu aurreikusten ditu proiektuak.
Labrazako kontzejuak azpimarratu du "ez dagoela energia berriztagarrien aurka, baizik eta herritarren parte-hartzea eta lurraldearen plangintza iraunkorra alde batera uzten dituen ezarpen desordenatu eta kaltegarri horren aurka".
Salatu dute kontraesan argia dela "ezin dela instalatu eguzki-plakarik teilatuetan, eta hainbat eta hainbat murrizketa izango dela plaka horiek Erdi Aroko herri horretan izango luketen inpaktu bisualarengatik, eta erakundeek, aldiz, energia-industria bat ezartzen dutela bertako etxe-atarietan, herri-lurrak beraientzako hartuta".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545