Apirilan euriak euriari, uztailan eguzkiak eguzkiari

Landare meteorologoak eta eguzki-lorea

Mozolo hutsak gara. Galdua dugu eguraldiaren nondik norakoak iragartzeko gaitasun osoa, ez dakigu ezta hemendik hiru ordura ere zer etor daitekeen. Telebixtak esaten digu zer eguraldi dugun oraintxe eta telefonoak aste osoko iragarpena erakusten digu eguraldiaren analfabetooi.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urriaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Landareak beste erreinu bat dira, monarkarik gabeko erreinu batekoak, eta euren kabuz heredatu eta landu dute eguraldiari antzemateko sena. Landare familia bakoitzak, genero bakoitzak eta espezie bakoitzak bere bidea egiteko juizioa eta etorkizunari aurrea hartzea erraztuko dion instintua lantzen eta garatzen ari dira etengabe, etengabe, baita oraintxe bertan ere. Nahitaezkoa dute baldin eta iraun nahi badute eta irautetik bizitzera doan urratsa belaunaldiero berritzeko asmoa gauzatu nahi badute.

Juizio eta instintu horietan sartzen da eguraldiari eta aldaketei tankera ematea. Zer datorren hori hautemanda, polinizazioa hobetu dezakete, eta loraldiari probetxua atera; izotzek ez dituzte harrapatuko kimu berri ahulak, eta bero sapak ez du erreko landarea; laguntzaile dituzten onddo, intsektu eta abar babesteko lanak hartuko dituzte; haziak baldintza ezin hobeagotan sakabanatzeko fruituak komeni den unean irekiko dituzte, eta abar.

Ura nahitaezko gaia da landareen bizitzan; denek behar dute gutxi edo asko. Batzuentzako tamainako ur kopurua dena itogarria izan daiteke beste batzuentzat, edo zurkeriaraino eskasa. Ingurunean hezetasuna aldatzen bada edo euria edo antzekorik badator, berehala igartzen diote landareek, eta zenbaitzuk gai dira erreakzio erantzuna antolatzeko. Gehienetan, arazoa ekaitza da, presio atmosferiko aldaketa nabarmenekin etorri ohi dena, eta aldaketa horri antza hartzen diote, eta bere burua prestatzen dute. Adibidez, ekilorea (Helianthus annuus) makurtu egiten da hezetasuna sumatu orduko. Euria hurbiltzen sentitzean, ilenak edo baltsamu-belarrak (Calendula officinalis) eta txikori-belarrak (Taraxacum officinale) loreak ixten dituzte. Hezetasunak gora egiten badu, bitxiloreak (Bellis perennis) bildu egiten ditu lore multzoetako kanpoko loreen petalo luzeak, eta buru osoa babesten du. Hirusten familiakoek ere (Trifolium spp.), euri usaina hartu orduko, hostoak behera makotzen dituzte. Hezetasunaren gorakadan pinuak (Pinus spp.) itxi egiten ditu irekita dituen pinu-sagar edo pinuburuen ezkatak. Uretan bizi eta ur gainean loratuagatik euriari eta ekaitzari beldur izaten den loto-loreak (Nymphaea alba) nabaritu orduko biltzen ditu loreak eta urpera sartzen ditu. Udako beroenean loratzen diren hibiskoek, siriakoek (Hybiscus syryacus) eta txinatarrek (Hybiscus rosa-sinensis), azkar asko itxiko dituzte loreak euria usaindu orduko. Gauza bera egingo du ostargi-belarrak edo lirioak (Iris spp.). Ziklamena (Cyclamen spp.), berriz, neguan loratuagatik, ez da denboralezale, eta haren arrastoa antzeman orduko hostoak kizkurtu eta bilduko ditu.

Meteorologoen arteko gerra utzi eta horra hutsik egingo ez dizuten euri iragarle ederrak. Ezagunena, eguzki-lore luzea (Carlina acaulis). Sorginak uxatzeko omen denaren istorio hori inkisizioak asmatua izango da. Sorginak nola uxatuko ditu, etxe barruan bizi ziren atso jakintsuak jotzen baldin bazituzten sorgintzat? Aldiz, euriaren iragarle aparta da, gurean onena, hezetasunarekin petaloak bildu eta lehorrarekin luzatu. Etxeko atean higrometro zehatzena.

Iroldegia
2025-10-20 | Jakoba Errekondo
Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa,... (+)
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa
2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia... (+)
Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
gora