Egin berri dut. Euskal Autonomi Erkidegoko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari alegazio herritarra sinatu eta igorri dut, Euskal Herria Bizirik plataformaren ekimena babestuz. Plataformak azpiegitura eta makro-proiektuen jarraipen zehatza egiten du, hauek landa eremuan duten ondorioak neurtzeko. Eta Eusko Jaurlaritza lantzen ari den dokumentu berria, parke eoliko eta eguzki-instalazioen kokapen posibleak aztertzen dituena, larria omen da, lokalizazio posible aunitzen aukera zabaltzen duelako.
Eolikoen etorreraren kezka piztu da. Azpeitian eta Zestoan herri mobilizazio garrantzitsua abian da eta Arabako Azazeta, Arkamo, Iturrieta, Labraza eta Aramaioko parkeen eraikuntzak bazterrak harrotu ditu. Eta gehiago etorriko dira. Europako funtsek norabide bat zehaztu dute eoliko eta eguzki-instalazioen alde eta eolikoen instalazioa geldiezina omen da. As bestas filma sarituak eolikoek landa eremuan sortutako egoera baten berri ematen du. Gurera ekarrita, landa lurraren egoera ikusita, nola uztartu energia berriztagarrien bidea eta dagoeneko zailtasun handiak dituen nekazaritza eta abeltzantzarena? Zein inpaktu du herriko bizitzetan, nagusiki hirietara joango den energia “garbi” honek?
Alegazioa sinatu dut, energia berriztagarrien aferan ez dugulako lurralde bezala eztabaidarik zabaldu, eta hirigintzako dokumentu berriak eredu bat zehazten duelako: eskala handiko instalazioena. Zenbat energia behar dugu eta nola burutzen da kalkulua, egungo eskaera mantentzearekin? Komunitate energetikoen autokontsumoa auzoetan, nahikoa estudiatu al da? Eolikoen instalazioa gertu izateak energiaren kudeaketa publikoa eta demokratizazioa ahalbidetzen dituela esan da, baina landaren eta ingurumenaren babesarekin talka egiten badu, nola soluzionatzen da ekuazioa? Nola definitzen da onargarria den inpaktua?
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.