Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur txiki hauek bailarako uraren ibilbide handiaren fenomenoarekin bat etorri ezean gutxi lortuko dugula, biak aintzat hartzea ezinbestekoa baita. "Azkenean kasu egingo ote digute!" esan du lankide batek. Baina eraikinaz gaindiko erabakiak beste mahai batzuetan hartzen dira. Jakintza eta informazioa izanik ere, teknologiak posible egiten du ibaia ubide egitea edo lurrazpiko aparkalekuak uholdegarria den gunean eraikitzea, eta arriskua urtzen da ahalguztidun sentitzean.
Erabakiak hartzeko unean, diseinuan eta politikagintzan, informazio kantitate andana daukagu. Datu bilketa geolokalizatu eta datuak jasotzen dituzten administrazioen arteko armonizazio lana ikaragarria da; lurraren tenperatura, uholdegarritasun arriskua, etxebizitzaren prezioa eta hildako kopuruen datuak pantailako mapa batean gainjartzera iritsi gaitezke klik batean. Lurralde jakin bat ezagutu dezakegu lurraldea bisitatu gabe, datu askoren trukaketa bidez ezagutza sakon bat eskuratzeko gaitasuna dugulako, esperientziaren ignorantziarekin. Baliabide boteretsua –bere arriskuekin–, ongi erabiltzen denean.
Datuekin etorkizuna iragartzeko prest gaude, proiekzioak egin eta, horien bidez, politikak ezarrita; zenbatean haziko den biztanleria, zenbatean aldatuko den kostaldeko muga, zein gune den uholdagarritasunaren aurrean zaurgarrien, zein zona den tenperaturaren igoerarako hauskorrena. Datuek, errealitatea deskribatu nahi badute, dinamikoak izan behar dute. Plangintzarako erronka itzela da datuen eguneraketaren bidez arautegi malgu bat kudeatzea, datu bilketari etekin nahikoa atera gabe gabiltzalarik. Adimen Artifizialari galdetu beharko diogu...
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545