Intxaur urte, elur urte

Arabako Mendiak Askek Mozal Legearen bidez jaso duen isuna epaiketara eramango du asteartean

Iturrietako Mendietako lehen mendi martxa antolatzen ari zirela, 2021ean, kide bat identifikatu zuen ordezkari gisa ertzaintzak eta Mozal Legearen bidez isuna ezarri zion. "Muntai poliziala" salatu du Arabako Mendiak Askek eta zera aldarrikatu du: "Lurraren eta lurraldearen aldeko defentsa ez da delitua". Euskal Herria Bizirik sareak eta Arabako Mendiak Askek dei egin dute urriaren 29an 9:30ean epaitegi aurrean biltzera.


2024ko urriaren 28a
Urriaren 20an Arabako Mendiak Askek Iturrietako Mendietan egindako mendi martxaren momentu bat. Eskuetan dituzten afixa horiekin dei egin zuten urriaren 26an Gasteizen egin berri den "Megaproiektuen aurka"-ko manifestaziorako.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

2021eko uztailaren 2an, Arabako Mendiak Askeko bost kide Iturrietako Mendietan zebiltzan, bertan egingo zuten lehen mendi martxarako prestaketa lanak egiten. Kide horiek kontatu dutenez, ertzainak joan zitzaizkien eta antolatzaileetako bat identifikatu zuten.

2022ko otsailaren amaieran, Arabako Mendiak Askeko ordezkari moduan identifikatua izan zen kide horri Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren jakinarazpen bat iritsi zitzaion, Mozal Legearen 35.6 artikulua hausteagatik zehapen-espediente bat ireki ziotela jakinarazteko. Ertzaintzako agenteek arau haustea egotzi diote esanaz antolatzaileari identifikatzeko eskatu ziotenean "ez ziela jaramonik egin eta alde egin zuela, bere nortasun-agiriko daturik eman gabe". Mozal Lege horren bidez 650 euroko isuna jarri zion Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.

"Polizia muntaia" salatzeko eta "naturguneak defendatzeko borrokan jarraitzearen alde" egiteko epaitegira jo du Arabako Mendiak Askek

Arabako Mendiak Askek "polizia-muntaitzat" jo du gertatutakoa, "eduki politikoa duela" salatu du eta "gehiegikeria horri aurre egiteko" zenbait administrazio-errekurtso jarri ditu. Arabako Mendiak Askeren ordezkari gisa isuna jaso zuen herritarrak ARGIAri zera adierazi dio: "Mozal legea uneoro arbitrarioki aplikatzen dute. Botere politikoak tresna errepresibo horretaz baliatzen dira poliziaren gehiegikeriak justifikatzeko, gorputz horien esku baitago hori aplikatzea. Pertsonen eskubideak mugatzen ditu. Gainera, autoritate-figurari esker, poliziaren hitzak gureak baino balio handiagoa du. Kasu politikoa da hori, eta haien helburua da lurraldearen defentsaren aldeko borrokan nabarmentzen diren pertsonak desmobilizatzea, eta Eusko Jaurlaritza da neurrigabekeria horren azken erantzulea. Polizia-gorputzak erabiltzen ditu bere politikak salatzen dituzten ahotsak isilarazteko, transnazional energetikoen diktaketaren menpeko izanda, Iberdrolarena, kasu honetan".

Arabako Mendiak Askek sareetan zabaldu duenez,"delituzko oinarririk gabeko isunak pertsonalizatuta, lurraldearen defentsarako borroka ahultzea bilatzen dute. Polizia-muntaia horiek salatzen ditugu, eta bizitzara lotzen gaituzten naturaguneak eta landa eremuak defendatzeko borrokan jarraitzearen alde egiten dugu. Lurraren defentsa eta lurraldearen defentsa ez dira delituak". Mozal Legea baliogabetzeko eskatu dute.

Euskal Herria Bizirik sareak elkartasuna adierazi dio mozal legeaz zigortu duten kideari

EH Bizirik sareko kide da Arabako Mendiak Aske, beste talde askoren artean. EH Bizirikek zera salatu du: "Mozal Legeak gure kidearena bezalako muntai-polizialak ahalbideratzen ditu. Polizia baten hitza soilik ontzat emanaz eta inolako frogarik aurkeztu beharrik gabe edonor zigor dezakete, egintzen egiazkotasunak axolarik izan gabe. Defentsarako eskubide oro ezerezean geratzen da, lehenengo ordaindu eta gero nahi baduzu izango duzu zure burua defendatzeko eskubidea! Mugimenduak ekonomikoki ito eta agortzea helburu duen politika baten zutabe nagusia da Mozal Legea. Beraz, nahitaezkoa da lege hau bere osotasunean bertan behera uztea".

Hemen irakur daiteke osorik EH Bizirikek elkartasuna adieraziz plazaratu duen adierazpena.

Hemen irakur daiteke Josebe Blancok urriaren 29ko epaiketa aipatuz idatzi duen artikulua.

Legebiltzarrera joateko prest, mendiko urari kontagailurik jarri behar ez izateko
2026-03-13 | Estitxu Eizagirre
Ura agentziatik gutun masiboa jaso dute baserritarrek, eta bertan esaten diete menditik hartzen duten urari kontagailua jarri ezean, arriskua dutela isunak jasotzeko eta ur kontzesioa... (+)
Hernaniko "Ikatz Gane" makroproiektu elikoaren aurkako sinadura bilketa eta hitzaldia deitu dituzte Urumeako Mendiak Bizirik eta Sagarreta taldeek
2026-03-09 | Estitxu Eizagirre
Urumeako mendietan aurreikusita zeuden hiru makroproiektu eolikoetako bat ("Ikatz Gane" deitua) jendaurrean jarria du Jaurlaritzak eta apirilaren 10 arte dago alegazioak jartzeko epea. Urumeako Mendiak... (+)
Amillubi erosketaren "azken txanpan" sartu da eta "Eskola Haziak" formazio saio teoriko-praktikoak eta Udaberriko Festa iragarri ditu
2026-03-05 | Estitxu Eizagirre
2023ko abenduan abiatu zuen laborantza ekologikoaren Biolur elkarteak Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta baserria eta bere lurrak kolektibizatzeko Amillubi proiektua eta 390.000 euro lortzea jarri zuen helburu... (+)
“Erabat hirietatik teorizatzen dugu eta buelta asko eman behar dizkiogu landa eremuan zaintzaren gaiari”
2026-02-25 | Estitxu Eizagirre
Onintza Enbeita eta Maribi Ugarteburu elkarrizketatu ditu Eli Pagolak Egonarria saioan, haien liburuak eskutan. EHNE Bizkaia sindikatuko hamar emakumeren testigantza jaso du Maribi Ugarteburuk Erein,... (+)
Solariaren makroproiektua gaitzetsi dute Arabako bederatzi udal eta 130 administrazio batzarrek
2026-02-23 | Estitxu Eizagirre
Otsailaren 21ean elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Solaria Zierbena Solar makroproiektu fotovoltaikoak "lurraldean eragingo duen inpaktu itzulezina salatzeko", antolatzaileek salatu dutenez. Bederatzi udalerritako eta 130 administrazio-batzarretako ordezkariak... (+)
gora