Neguari zuztarra moztuko dion sagurik ez da sortu oraindik

Makroeolikoaz Villabonako Udalak egindako adierazpenekiko kritiko agertu da Amasamendi Bizirik taldea

Villabonako Udalak maiatza bukaeran jakinarazi zuen Gipuzkoako Aldundiak egindako ingurumen txostena oinarri hartuta, Amasamendin Premier Group enpresak egin nahi duen makroproiektu eolikoak "marra gorriak" urratzen dituela babestutako espezieengan, eta horregatik enpresarekin harremanak eten dituela, "ingurumen aldetik egingarria dela frogatu artean behintzat". Amasamendi Bizirik taldeak seinalatu du, hauteskundeen atarian udalak "bere posizioa zuritzeko" egindako adierazpenak izan direla, eta presio egiten eta mobilizatzen jarraituko duela iragarri du, "udalak oraindik makroeolikoen proiektu hau behin betiko baztertzeko pausorik eman ez duen bitartean, eta enpresak baimenak lortzeko aukera zabalik mantentzen den heinean".


2026ko ekainaren 08a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ekainaren 4an agerraldia egin zuten Amasamendi Bizirik taldeko kideek eta irakurketa kritikoa plazaratu zuten, maiatzaren 28an Villabonako Udalak (Gipuzkoa) egin zituen adierazpenekiko: udalak esan zuen Amasamendin makroeolikoa eraiki nahi duen Premier Group enpresarekin harremanak eten dituela. Proiektuaren "azken berriez" informatzeko eta bere jarreraren berri emateko etxeetara Amavi aldizkariaren zenbaki monografiko bat ere bidali du Udalak.

Villabonako Udala "kezkatuta" agertu da, bere eskariz Gipuzkoako Aldundiak egindako ingurumen txostenaren arabera, makroproiektu eolikoak babestutako espezieengan izango duen eraginagatik. Amasamendi Bizirik taldeak berretsi du haiek hasieratik argi zutela dimentsio horretako proiektu batek ingurunean izango lituzkeen ondorioak "onartezinak" direla, eta horren erakusgarritzat aipatu ditu iazko uztailean proiektuaren aurka bildu zituzten 1.548 sinadurak.

Amasamendi Bizirik taldeak Villabonako Udalari zera leporatu dio, adierazpen horietan: "Herritarron presioaren eraginez, ate joka ditugun hauteskundeetara begira udalak bere posizioa zuritzeko izan dezakeen asmoa". Eta honela gaineratu du: "Gaur gaurkoz proiektuarekiko zalantzati agertu dira, baina Eusko Jaurlaritzak proiektua ingurumen aldetik egingarria dela 'frogatzen' badu, berriz ere proiektua bultzatzeko asmoa izatea ez dugu ulertzen".

"Enpresarekin izaniko negoziaketetan udalak ez du inongo abantailarik lortu"

Udalak jakitera eman zuen enpresak proiektua uztailean aurkezteko asmoa duela Jaurlaritzan. Amasamendi Bizirik taldeak faltan bota du udalak elegiteak jartzeko konpromisoa hartu ez izana: "Udalaren hitzetan, proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egingo ditu iristen diren egunean eta horrela baloratuko balitz, elegiteak aurkeztu. Dagoeneko proiektuak kalteak eragingo dituela argi dago, eta ez al dira gai gaurdanik elegiteak jartzeko konpromisoa hartzeko?".

Udalak lorpentzat aurkeztu zituen Premier Group enpresarekin negoziatuta hitzartutako abantailak. Ordea, Amasamendi Bizirik taldeak ukatu egin du horiek lortutako abantailak direnik: "Orain arte enpresarekin izaniko negoziaketetan udalak ez du inongo abantailarik lortu. Honako enpresa multinazional hauekin idatziz jasota ere ez dago ezer ziurtatzerik, bada, guk dakigunaren arabera, udalak aipatzen dituen abantailak idatziz jasoak ere ez dituelako. Horrez gain, Premier Group bezalako enpresa batekin baldintzak idatziz jasota ere, gero (askotan gertatu izan den bezala) eraikitzera beste enpresa bat baldin badator, adostutako hori guztia pikutara joan daiteke".

"Trantsizio berdea" auzitan

Amasamendi Bizirik taldeak auzitan jarri du "trantsizio berdea"ren diskurtsoa: "Premier Group bezalako enpresek (eta haren %75aren jabetza duen KGAL-en erako inbertsio funtsek) 'trantsizio berdearen' diskurtsoa erabiltzen dute makroproiektu energetikoak legitimatzeko, baina praktikan mendien industrializazioa, basoen suntsiketa eta biodibertsitatearen galera dakarte". Taldearen iritziz, makro mailako berriztagarrien "hedapen neurrigabearen" helburua ez da kontsumo energetikoaren efizientzia edota murrizketa, "gutxi batzuen irabaziak handitzen jarraitzea baino".

Horren aurrean, Amasamendi Bizirik taldearentzat ezinbestekoa da egungo eredu kapitalista eta bizi dugun krisi ekologikoa zuzenean lotzea. Horren adibidetzat eman dituzte hainbat datu: "Eskura ditugun datuek erakusten dutenez, instalazio eoliko eta fotovoltaikoen inoizko zabalpen handiena eman da azken hamarkadan. Hala ere, World Meteorological Organization-ek ohartarazi du atmosferako CO₂ mailak eta tenperaturak inoizko markak hausten ari direla. Bestalde, Global Carbon Project-en 2024ko txostenaren arabera, munduko CO₂ emisio fosilak berriro igo dira eta 37,4 mila milioi tonako errekorra lortu dute; ikertzaileek diote oraindik ez dagoela emisioen 'gailurra' iritsi den seinalerik".

Datu horietan oinarrituta, ondorio hau atera du Amasamendi Bizirik taldeak: "Datuek erakusten dute krisi ekologikoa ez dela teknologia faltaren ondorioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa behar duen sistema baten emaitza zuzena baizik".

Zera nabarmendu dute prentsaren aurrean: "Ez dugu onartuko gure mendiak eta ingurunea interes ekonomiko pribatuen mesedetan suntsitzea, ezta 'trantsizio berdearen' izenean makroproiektu suntsitzaileak inposatzea ere. Horregatik, Amasamendiren defentsan eta makroeolikoen aurka lanean, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu".

“Zuhaitzen hizkuntza kimikoa da, baina humanizatu egiten ditugu”
2026-06-06 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainize Madariaga izan... (+)
Stop Fosilak taldeak "energia burujabetzarantz" bide-orria aurkeztu du
2026-06-01 | Estitxu Eizagirre
Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren bederatzi mugetatik zazpi gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso... (+)
Amasamendiko zentral eolikoak hegazti babestuengan eragin "oso nabarmena" izango lukeenez, udalak enpresarekin harremanak eten ditu
2026-05-29 | Estitxu Eizagirre
Amasa-Villabonako Udalak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen txostena egin du eta hori irakurrita, udalak ondorioztatu du Amasamendin Premier Groupek eraiki nahi duen makroproiektu eolikoak hegazti... (+)
Labraza zentral eolikoa eraikitzeko lanetan Aixeindar araudia "behin eta berriz urratzen" ari dela salatu dute
2026-05-27 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Aske taldeak Eusko Jaurlaritzaren jarduera salatu du, Aixeindar SA sozietate publikoa (Energiaren Euskal Erakundeak %40ko partaidetza duena) Labrazako zentral eolikoa eraikitzeko lanetan biodibertsitatea... (+)
Kateak
2026-05-24 | Estitxu Eizagirre
Lurraren aldeko bost ekintzailek euren buruak Labraza (Araba) makroproiektu eolikora lotu zituzten ostiralean eta eraikitze lanak geldiarazi. Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) osatutako... (+)
gora