Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi.

Beroaldia ez du zeruak ekarri, biolentzia politikoa da

Egunotan bizi dugun muturreko beroak badu azalpen bat, eta ez da mugatzen soilik baieztatzera "klima aldaketak eragindakoa" dela. Beroaldia, "hazkunde sakrosantuarekin obsesionaturik" dauden eliteen eta haiei men eginda helburu klimatikoak alboratu dituzten buruzagien biolentzia politikoa da. Hala dio Reporterre kazeta ekologistak bere editorialean.


2026ko ekainaren 24a
Beroa "fatalismoz" hartu edo klima aldaketa eragin duten politikei aurre egin?
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

90 urteko pertsona bat hil da Bizkaiko zaharren egoitza batean, bero-kolpe batek jota. Izenburu hori dakar euskal telebista publikoaren albisteak gaurkoan. Jakina da kopurua gutxietsia dagoela, heriotza asko ez direla beroagatik hildakoen artean kontabilizatzen. Eta horregatik, hala egiten denean, gainean dugun larrialdiari neurria hartzeko balio digu, 2003ko beroaldiarekin bezala: 35.000 pertsona hil ziren ordukoan Europan, Earth Policy Institutek emandako datuen arabera.

Jakina da kopurua gutxietsia dagoela, heriotza asko ez direla beroagatik hildakoen artean kontabilizatzen: 2003ko beroaldian 35.000 pertsona hil ziren Europan

Frantziako Estatuan duela 23 urtekoa berriz errepikatuko ote den beldur dira. Oraingoz ofizialki 40 pertsona hil dira tenperatura altuen ondorioz, gehienak erreka eta igerilekuetan freskura bila ari zirela. Agintariak neurriak hartzen ari dira, osasun-etxeetan artatu beharreko pertsona zaurgarrien oldea badatorrela aurreikusita.

Behartsuenek jasango dute

Eta zaurgarrienak beti dira behartsuenak. "Beldur gara, hildakoak egongo direlako", hala dio Adeline Grippon Munduko Medikuak elkartearen Akitaniako koordinatzaileak, Bordele (Frantzia) kanpoaldeko kanpamendu txiro batean bizi eta mahastietan sasoikako lana egiten duen atzerriko 700 langileri buruz hitz egitean. Termometroak 43 gradu markatzen ditu txapazko estalkien azpian eta auzoan iturri bakarra dutela salatu dute. Testigantza ikaragarriak jaso dituzte Reporterre aldizkariko kazetariek

Eiffel eta Louvre itxita daude, zentral nuklearrak gelditu behar izan dituzte, eta Meteo Francek 1947tik tenperatura altuenak erregistratu ditu, 40 gradutik gorakoak. Hondamendia... baina, hondamendia bakarrik? Ez. "Beroaldiak gaur egun fatalismoz hartzen ditu biztanleriaren gehiengoak. Baina beste gauza bat dira: modu boluntarioan eragindako biolentzia", dio Reporterre-k bere editorialean.

"Beroaldiak gaur egun fatalismoz hartzen ditu biztanleriaren gehiengoak. Baina beste gauza bat dira: modu boluntarioan eragindako biolentzia"

Aldizkari ekologistak gogorarazi du, 1971n jadanik, TotalEnergies, ExxonMobil, Shell eta gainerako petrolio konpainiak jakitun zirela euren jarduerak berotze globala eragin eta "ondorio katastrofikoak" ekarriko zituela; eta informazio hori ezkutatu egin zuten. Areago, gaur egun berriztagarriak eta trantsizio energetikoa aitzakia gisa hartuta greenwashinga egiten dute fosilak azkarrago ustiatzen jarraitzeko.

Agintari karbofaxistak vs. agintari "arduratsuak"

 "Gobernuaren zinismoa kriminalagoa izan daiteke", dio Reporterre-k. Ezin ahaztu 1970eko hamarkadatik AEBetako Massachusetts-eko eskola jada ohartarazten ari zela lurra erritmo horretan esplotatzen jarraitzeak klima alda zezakeela. IPCCko eta munduko zientzialariek alarma guztiak piztu dituzte azken urteetan, aldaketa antropogenikoa izango da... alferrik. Donald Trumpek edo Javier Mileik "karbofaxismo internazionala" zabaltzen duten bitartean, "arduratsuak" diren agintariak ez dira hitzemandakoa betetzen ari: Parisko Akordioak ezarritako gehienezko 1,5 graduko igoeraren langa aspaldi gainditu genuen.

Horren aurrean, Europar Batasunean neurriak gogortu beharrean malgutu egin dituzte azken hilabeteetan, esaterako, 2035. urterako konbustio fosilarekin funtzionatzen duten ibilgailuei jarritako debekua kentzea, edo nekazaritzari loturiko mugak desarautzea. "Erabaki horiek hartu dituztenek badakite arauetan atzera eginez gero, hondamendiak eta muturreko gertakariak larriagotuko dituztela, herritarrak nozitzen ari diren beroaldi hau dugu horren adibide".

Donald Trumpek edo Javier Mileik "karbofaxismo internazionala" zabaltzen duten bitartean, "arduratsuak" diren agintariak ez dira hitz emandakoa betetzen ari

Lehiakortasun ekonomikoaren, gerraren eta dena delakoaren gainetik, klima aldaketaren aurrean begiak ixtearen benetako arrazoia zein den argi eta garbi azaldu du aldizkariak: "Kapitalismoaren agindupean, hazkunde infinitua hil ala bizikoa da; baina baliabideen metaketa infinitu hori bateraezina da planetaren zaintza ekologikoarekin".

Alegia, eliteak "hazkunde sakrosantuarekin obsesionaturik" daude dirua irabazteko, eta agintariek men egiten diete, errazagoa egiten zaielako "hondamendi" itxuraz mozorrotutako biolentzia hori onartzea, herioan den sistema ekonomikoa aldatzea baino.

San Joan suak bertan behera geratu dira herri askotan, beroaren ondorioz
2026-06-23 | Urko Apaolaza Avila
Bero handiagatik Euskal Herri osoan alarma gorria ezarrita dagoela-eta, ekainaren 23an egin ohi diren San Joan suak bertan behera utzi dituzte herri askotako udalek. Ipar... (+)
TotalEnergies, Shell, Naturgy... Europako energiaren erraldoiak 'greenwashinga' egiteagatik salatu dituzte
2026-06-17 | Urko Apaolaza Avila
Europako Kontsumitzaileen Erakundeak jarraipena egin die urtebetez multinazional horiei, eta ondorioztatu du marketina erabilita "aurpegi garbiketa berdea" egiten dutela trantsizio energetikoaren kaltetan. Europako Batzordearen aurrean... (+)
Nafarroako upategi bat ikertzen ari dira, pertsona baten heriotza eragin duen lan-esplotazio sarean parte hartzea egotzita
2026-06-16 | Urko Apaolaza Avila
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Errioxan lan-esplotazio talde bat osatzeagatik. Nafarroako Erriberako lurretan lan eginarazten zien biktimei, baldintza oso kaxkarretan, eta haietako bat autoz... (+)
Natura ala gerra: bidegurutze bat Erriberan
2026-05-31 | Urko Apaolaza Avila
2028. urtean Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako Komunitatearekin sinaturik duen hogei urteko hitzarmena iraungiko da, eta natur gune berezi hura erdi-erditik zulatzen duen tiro eremua erabiltzeari... (+)
gora