Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainhize Madariaga izan dute gidari.
Ezkerretik hasita, Iñaki Etxebeste, Jakoba Errekondo, Ainhize Madariaga eta Markel Arriolabengoa, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan "Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian" liburua aurkezten.
Euskaldunok gure burua hobeki ezagutzea ote da liburu honen helburua? Mapaz betea baita…
IÑAKI ETXEBESTE: Saiatu gara Euskal Herriko mapetan ilustratzen liburuan aztertu ditugun gai ezberdinak. Esaterako, zuhaitz eta landare espezieen banaketa. Eta hortik abiatuta, prestatu dugu laster Bizi Baratzeko webgunean ikusgai egongo den mapa bizi bat, 435 zuhaitz, arbola, parke eta baso esanguratsu biltzen dituena.
Izena galtzen duenak izana galtzen duela diozue liburuan…
JAKOBA ERREKONDO: Jakinduria izugarria dago Euskal Herrian zuhaitz eta arbolei buruz, zura eta egurrari buruz, baina gero eta urardotuagoa da jakinduria hori, galtzeko bidean. Horrek bultza gintuen liburua idaztera.
Horietako alor bat da izenena: oso izendegi motza erabiltzen dugu. Liburuan, zuhaitz eta arbola espezie bakoitzaren orrian, lehenik jarri dugu euskarazko izena “nagusia”, ondoren izen zientifikoa, eta gero euskarazko beste hainbat izen. Izen gehien topatu dizkiogun arbola elorri beltza da, patxarana: 70 izenetik gora ditu, gutxienez, guk aurkitu ditugunak.
Eta hainbeste gauzek dute izena! Egiten diren lanak, erabiltzen diren tresnak egurra eta zura lantzeko… Horregatik, 5.000 hitzeko hiztegia du liburuak amaieran. Izugarrizkoa aberastasuna daukagu, oraindik bizirik dago eta hori jaso eta erakustea izan da liburuaren arrazoi nagusietako bat.
Zein da zuhaitz eta arbola hitzen arteko ezberdintasuna...?
MARKEL ARRIOLABENGOA: Gure kulturan zuhaitzak eta arbolak pisu handia duten bi hitz dira, lekuaren arabera zentzu ezberdina hartzen dutenak. Batzuetan sinonimo bete-beteak dira, batzuentzat denak dira zuhaitzak... Liburuan bi hitz horiez idatzi du artikulua Markel Lizasoainek eta hori irakurtzea gomendatzen dut, baina labur esateko, zuhaitzak “naturalak” dira eta arbolak “etxekotuak” edo “moldatuak”.
Liburuak baditu espezie bakoitzari eskainitako orriak, atzeko aldean baditu taulak, hiztegia, espeie bakoitza zein orritan aipatua den erakusten duen bilabidea... Erabiltzeko oso erraza iruditu zait, baina ia hiru kiloko liburua da, pisatu ere egin dut...
M. ARRIOLABENGOA: Hiru zati nagusi ditu: hasierako zatian gai ezberdinak lantzen ditugu; gero datoz 116 espezieren fitxak; eta bukaeran hiztegia, xilotekako bilduma... Oro har kontsultarako liburua izango da askorentzat, eta gaia intentsitate handiz bizi duen bat edo bestek hartuko du denbora osorik irakurtzeko.
Saiatu gara hizkuntza irisgarria erabiltzen, hitz teknikoak baztertzen. Edonorentzat ulergarri egiten saiatu gara, eta, aldi berean, gaian interes handia duenak sakontzeko aukera izango duena.
Gure kultura hertsiki lotua da zuhaitzei, edo agian gu gaude lotuta... Poesia asko topatzen dira liburuko orrietan.
J. ERREKONDO: Azaldu nahi genuen euskaldun guztion ondare direla zuhaitzak eta hori erraz ikusten da olerkietan, kantuetan, ehundaka esaeretan... Kultura izugarria dugu eta horrek adierazten du zenbaterainoko lotura izan dugun, askotan inkontzientea, baina hor dagoena.
Arbolak mintzo direla erraten da...
I. ETXEBESTE: Bai, baina behar bada ulertzen ez dugun hizkuntza batean, edo batzutan badirudi ez ditugula ulertu nahi. Zuhaitzen hizkuntza kimikoari buruzko ikerlana egin nuen, molekulen artean egiten den hizkuntza da haiena. Baina Disney filmek bezala, batzutan humanizatu egiten ditugu arbolak.
J. ERREKONDO: Ikuspegi antropozentrikoa dugu, pentsatzen dugu gu bezala izan behar dutela. Hori da gure moztasuna. Argi eta garbi zuhaitzek hitz egiten dute, eta gero eta gehiago dakigu horri buruz. Hemendik oso gutxira pentsatu beharko dugu zer diren eta nola tratatzen ditugun, egun animalistek animaliekin galdera horiek planteatu behar dituzten bezala.
Zenbat zuhaitz behar izan dira liburu hauek argitaratzeko? Antolatu duzue ordaina ere, saltzen den liburu bakoitzeko metro koadro bat baso landatuko duzue...
M. ARRIOLABENGOA: Hasieran tentazioa izan genuen kalkulatzeko zenbat CO2 isuri dugun liburua sortzerakoan eta zenbat zuhaitz landatu behar diren konpentsatzeko... Baina uste dugu horretan iruzur handia egiten dela eta horretatik irten nahi izan dugu.
Liburuaren aztarna aipatzen da hasieran, ekoedizioaren irizpideekin egin dugu, paper birziklatua erabilita eta abar... eta erabaki dugu baso bat sortuko dugula urte honen amaieran, saldutako liburu bakoitzeko metro koadro bat baso landatuta. Helburua da auzolanean baso bat sortzea, liburu honen leku fisiko bat izango dena. Tantai baso-jabe kooperatiba arduratuko da landaketaz.
Liburuak diseinua oso ederra du, ilustrazioak ere bai, mila argazkitik gora...
J. ERREKONDO: Jende pila bat aritu da lanean liburuaren alde grafikoan. Azalean gustura jarri dugu Dani Blanco argazkilariaren izena: bera da liburuko argazki gehienak egin dituena eta urtetan aritu da argazkiak ateratzen hostoei, fruituei, loreei... Argazki saio horiek batez ere Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan egin ditugu hainbat urtean, eta horregatik, liburu honen bigarren aurkezpena han izango da, ekainaren 13an.
Dani Blancoz gain, jende askoren laguntza izan dugu argazkitan, argazki zaharrak bidali dizkigutenak, museoetakoak... Ehunka ilustrazio ere baditu liburuak. Eta liburuaren diseinua Maitane Gartziandiak hasi zuen eta Unai Gaztelumendik bukatu du, eta oso eskertuta gaude nola joan den, emaitza ikusi besterik ez dago.
Moarroak ere badu bere lekua liburuan. Azaldu zer den...
J. ERREKONDO: Alvaro Aragonek idatzi du liburuan moarroez, bera da Europan gai honi buruz gehien dakiena. Euskal Herriko basogintzaren ezaugarririk bereziena dira. Zuhaitz motzak deitzen ditugunak dira, “lizar motzak”, adibidez. Teknika bat da, Erdi Aroan hasi zena: garai hartan borroka izugarria egon zen mendiaren kudeaketan, hiru ekonomia ezberdinen artean: batetik zeuden ganaduzaleak, eta zuhaitz bat botatzen zenean, kimu berriak ganaduak jaten zituen eta zuhaitzak ez ziren berritzen. Bestetik zeuden egurra eta zura erabili nahi zutenak, adibidez ikatza egiten zutenek egur txikia nahi zuten, eta aldiz, itsasontziak egiten zituztenek zur handiak nahi zituzten... Hiru horien arteko akordio baten ondorioz sortu ziren moarroak: ipurditik bota beharrean bi metro eta erditik edo hirutik mozten dira zuhaitzak, eta beraz, azienda ez da iristen kimuak jatera. Eta sortzen diren adarretatik, bi utziko dira zur handiak egin daitezen, eta gainerako adar txikiak 7-10 urtetik behin mozten dira su-egurretarako eta ikazkintzarako. Horregatik, moarroa da sistema bat ekonomia osoan pentsatzen duena.
Batez ere Euskal Herrian eman da, hemen horrelako asko ditugu eta oso garrantzi gutxi eman diogu. Aldiz, hemendik kanpo oso gutxi daude, esaterako Erresuma Batuan 100 zuhaitzeko baso bat dute, baina hangoa monumentua da. Horrek erakusten du bakoitzak zer balio ematen diogun ondareari.
Gaur ere bada halako gerra bat baso eta mendien kudeaketan; garai batean gai izan ziren ados jartzeko, gu ez.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545