Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Amasamendiko zentral eolikoak hegazti babestuengan eragin “oso nabarmena” izango lukeenez, udalak enpresarekin harremanak eten ditu

Amasa-Villabonako Udalak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen txostena egin du eta hori irakurrita, udalak ondorioztatu du Amasamendin Premier Groupek eraiki nahi duen makroproiektu eolikoak hegazti espezie babestuengan izango lukeen eragina "oso nabarmena" litzatekeela. Hori dela eta, udalak enpresarekin zituen harremanak eten ditu, "ingurumen aldetik egingarria dela frogatu artean behintzat". Enpresak udalari jakinarazi dio uztailean aurkeztu nahi duela Jaurlaritzan behin betiko proiektua eta hilabeteko epea legoke alegazioak egiteko.


2026ko maiatzaren 29a
Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea maiatzaren 29an azken berriak ematen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arrano beltza, sai zuria eta miru gorria dira, besteak beste, Amasamendin Hernani I eta II izeneko makroproiektu eolikoak ezartzeak "nabarmen" kaltetuko lituzkeen hegazti babestuetako batzuk. Hala ondorioztatu du Amasa-Villabona Udalaren eskariz Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen ingurumen txostenak. "Udalak argi du natura ingurunea eta bertako ekosistema zaintzea lehentasunezkoa dela, eta, zentzu horretan, babestutako espezieei kalte nabarmena eragitea gainditu ezin den marra gorria da", adierazi du Xabat Laborde alkateordeak, Beatriz Unzue alkatearekin batera egindako agerraldian. Hori dela-eta, udalak behin behinean eten ditu Premier Group enpresarekin dituen harremanak, "gutxienez proiektua ingurumen ikuspegitik egingarria dela frogatu arte".

Maiatzaren 28an bildu dituzte hedabideak eta herriko eragileak, gaiari buruzko azken berriak emateko. Honela jaso dute Aiurri eta Ataria hedabideek, eta honela irakur daiteke udalaren webgunean.

Enpresak uztailean aurkeztu asmo du behin betiko proiektua Jaurlaritzan

Udalak jakitera eman duenez, enpresak adierazi dio uztailean aurkezteko asmoa duela behin betiko proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketarekin batera, Eusko Jaurlaritzan. Hilabeteko epea irekiko litzateke alegazioak egiteko. Jakinik opor garaia izaten dela, hala gertatuko balitz, udalak epea luzatzeko eskaera egingo duela hitzeman dute Unzuek eta Labordek, eta enpresak aurkezten dituen dokumentuak aztertuta, beharrezko ikusten badute, ingurumen eta hirigintza arloko alegazioak aurkeztuko dituztela.

Jaurlaritzak erabakiko du proiektu horri baimena eman ala ez. Jaurlaritzak ingurumen inpaktuaren adierazpen positiboa emango balu, herri galdeketa antolatuko duela esan du udalak. Proiektua herri lurretan dago kokatuta eta herritarrengan delegatu du erabakia, "herritarrek zuzenean erabaki dezaten lur horiek enpresaren esku utzi ala ez". Herri galdeketa aurkakoa balitz, izango lukeen eraginkortasunaz ere mintzatu dira udal ordezkariak: enpresak hasieratik adierazi omen die proiektua udalarekin adostuta egin nahi duela, eta udalaren ustez, "Enpresak erabakia onartu beharko luke; kontrakoa egiteak esan nahiko luke alde bakarrez jokatzea, orain arte adostutakoaren kontra aritzea, eta lurrak espropiatzeko bidea hautatzea".

Udalak enpresarekin orain arte negoziatu duena

Beatriz Unzue alkateak azaldu duenez,  udal gobernuak 2025eko otsailean jaso zuen lehen aldiz Hernani I eta II proiektuari buruzko informazioa, eta urte hartako maiatzean hasi zituen elkarrizketak Premier Group enpresarekin. "Herriaren interesak" defendatzeko baldintza "zorrotzak" ezarri dituztela argudiatu du, eta horregatik aldatu dela proiektuan aerosorgailuen kokapena: lehen baserrietatik 300 metrora zeudenak orain 500 metrora ageri dira, lehen ez bezala herri lurretan.

Alkateak azaldu du enpresari jarritako beste baldintzetako bat dela herri lurre lagapena onartzeko, Amasa-Villabonako herritarren gehiengoaren babesa izatea. Zentral eolikoaren jabetzaren %20 udalarena, publikoa izatea ere jarri diote enpresari baldintza gisa eta herritarrentzat eta herriko jarduerentzat (merkataritza, ostalaritza eta industria) energia hornidura merkeagoa izatea.

Amasa-Villabonako Udala: "Trantsizioa ezin da edozein preziotan egin"

Amasa-Villabonako Udalak energiaren auziaz duen ikuspegia agertu du: "Herriaren borondatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak dira, nahiz eta jakin energia iturri berriztagarrien hedapena beharrezkoa izango dela gaur egungo energia kontsumo handiak asetzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko".

Onartu dute Amasa-Villabonak urrats sendoak egin behar dituela "energia trantsizioaren" bidean, eta, horretarako, energia fosilekiko mendekotasuna gutxitu eta sektorearen kontrol demokratikoa behar direla.

Energia berriztagarriak funtsezkoak direla esan du alkateak, baina zera gaineratu du: "Hala ere, trantsizio hori ezin da edozein preziotan egin, eta ingurumenaren zein ekosistemen babesa ezinbesteko baldintza da".

 

Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?
2026-06-10 | Estitxu Eizagirre
Arlo juridikoa izango du erdigunean ekainaren 19an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den Udako Euskal Unibertsitatearen Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan jardunaldiak.... (+)
Zuhaitz eta arbolek gure kulturan duten itzalaz gozatzeko goiz-pasa berezia Gasteizen larunbatean
2026-06-09 | Estitxu Eizagirre
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du ARGIAk larunbata honetarako. Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan paseoa egingo dugu, liburuaren egile Jakoba Errekondo,... (+)
Makroeolikoaz Villabonako Udalak egindako adierazpenekiko kritiko agertu da Amasamendi Bizirik taldea
2026-06-08 | Estitxu Eizagirre
Villabonako Udalak maiatza bukaeran jakinarazi zuen Gipuzkoako Aldundiak egindako ingurumen txostena oinarri hartuta, Amasamendin Premier Group enpresak egin nahi duen makroproiektu eolikoak "marra gorriak" urratzen... (+)
“Zuhaitzen hizkuntza kimikoa da, baina humanizatu egiten ditugu”
2026-06-06 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainize Madariaga izan... (+)
Stop Fosilak taldeak "energia burujabetzarantz" bide-orria aurkeztu du
2026-06-01 | Estitxu Eizagirre
Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren bederatzi mugetatik zazpi gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso... (+)
gora