Otsaila, laburrena eta txarrena

Bihar ehun urte hasiko dira

Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta izango dela adierazi nahi izaten zuen. Patxada eta egonarri ederrekoa zen bera, Zeraingo (Gipuzkoa) Etxeaundiko maiorazgo Martin Etxaluze Zubeldia, Bedaioko Zumizketako Terexaren eta bere jaiotetxeko Inazioren seme zena. Ehun urteko hori zerorrek ere esan ahal izango duzu baldin eta peonia belarkara bat, Paeonia lactiflora, zure bizitzara ekartzeko pronto bazara.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko ekainaren 22a
Peonia belarkara.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Peonia eder hauek azaro-abenduetan landatzen dira eta 50 urtez loratzen dira, udaberria joan eta udaberria etorri; ale batzuek ehun urteko loraldi katea ere osatzen dute. Merezi du beretzako txoko bat atontzea.

Peonia horiek belarkarak dira, ez dute zurtoin egurkararik osatzen, eta lurpean sustrai lodiak erreserba gisa baliatzen dituzte. Urtero, hotzak azaldu ordurako, lur gainean dituzten zarba eta hostoak ihartu eta desagertzen dira. Gero egunak luzatzen hastean, neguaren bigarren erdian, hosto berriak emango dituzte eta ondoren loreak. Lurpean urtero landarea berritzeko gai diren erreserba organo horietakoak dituzten landareak geofitoak dira, adibidez, patata tuberkuluduna (Solanum tuberosum), garo errizomaduna (Pteridium aquilinum), iazinto erraboiladuna (Hyacinthus spp.) eta abar.

Udazkeneko landaketa sasoia etorri aurretik non jarriko duzun erabakitzeko tartea baduzu. Erabakia garrantzitsua da, izan ere, peonia ez da beste landare asko bezala atera eta beste bizileku batean bizitzeko birlandatzea gustatzen zaien horietakoa, behin landatzen den tokian bertan gozo bizi nahi du eta atera eta beste norabait eramaten baduzu, erretxindu egingo da, eta kontuz, bere buruaz beste ere egingo du. Eguzkizalea da, gutxienez sei ordu behar ditu egunero, eta goizeko eguzkia bada hobe. Lur aberatsa behar du, beltz harro horietakoa eta urari eusten ez diona, erraz drainatzen dena. Udazkenaren bigarren erdian landatzen da sustrai lodikotea, hiru eta bost zentimetroko sakoneran, ez gehiago. Bat baino gehiago jarri nahi badituzu, utzi metro beteko tartea. Sakonera handian jarriz gero, lanak izango dituzte loreak eman behar dituzten begiak azaleratzeko, baita eguzki eskaseko tokian ere.

Ongarritik behar du, baina ez edozeinetik. Neguan, ez eman ongarri nitrogenodunik, bestela hostoa mardul emango du, eta lorea argal. Loraldiaren ondoren ongarritu, simaurra, luarra edota adar edo hezur hautsarekin; orduan hostoak edertuko dira eta lurpeko sustraiak lepo beteko dituzte gorde jakiz. Landaketa ondorengo lehen udan zaindu beroa eta lehortea, eta behar izanez gero ureztatu sakon. Hortik atzera lehorte handietan soilik ureztatu. Bi inausketa egin behar zaizkio: loreak ihartzen hasi ahala, banaka ebaki eta kendu; eta udazkenean, hostajea ihartutakoan, ipurditik ebaki.

Landare guztia pozoitsua da, beraz, jantzi eskularruak. Pozoitsua adina sendagai da eta bere jatorrizko Txinan –“Txinako peonia” ere esaten zaio–, oso ezaguna eta erabilia dute. Paeonia izenak hori gogorarazten du: grekoko Paeon goratzen du, jainkoen medikua zena.

Zuk ahaztu pozoiak, medikuak eta Txina. Agendan udazkenerako lan berri gisa azpimarratu: peonia belarkara landatu. Berotzeko, joan loradendaren batera eta eskatu peonia lore bat, oraintxe daude salgai; etxera eraman eta maiteminduko zara. Behin jarriko duzu eta fideltasuna eskainiko dizu urteroko loraldian, ehun urtez! Landatzen duzun egunean ehun urte hasiko dira.

Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
Sagardogintzaren zurajea
2026-05-18 | Jakoba Errekondo
Zurajea etxea da. Edozein tresna edo eraikuntzaren egitura da etxea. Gurdiak gurtetxea du, orgak orga-etxea eta xarretak xarreta-etxea; areak arretxea; goldeak golde-etxea; dolarearen egitura dolare-etxea... (+)
gora