Astelehenero 8:00etan zure epostan
Etxeko leihoa goizean ireki eta ixtearen keinu hori. Aireztapen makinaren botoia sakatzearen beste keinu hori. Bi keinu horien artean kontatzen da eraikuntza sektoreak XX. mendean egin duen ibilbidea. Industrializazioak aukera eskaini du eraikin baten materiala eta eraikuntza-sistema diseinatu eta eraikitzerakoan testuingurutik (klimatik eta lurraldetik) independente egiteko. Kanpoaldetik babesten gaituen hirugarren azala, eraikina, tokiko material, bertako eraikuntza-jakintza eta forma tradizionalak gainditzeko sormen espazio handiarekin topatu da. Azal beiratuzko eraikinek adibidez gardentasun eta desagertze bisualekin esperimentatzeko aukera eskaini dute, bertikaltasun handiaren liraintasun mugekin jolasean. Adibide eta eredu ederrak lortu dira.
Baina eraikuntza sektorea aro berri batean sartzera behartuta dago, energia behar gutxiago duten eraikinak behar dira. Europar Batasuneko mandatua. Energia zero, deskarbonizaturiko materialak eta materialen bizitza-zikloa osorik (ekoizpen, erabilera eta deuseztapeneko energia) kontuan hartu beharko dira. Txip aldaketa sakona dakar eraikitzaile, administrazio, arkitekto, sustatzaile eta erabiltzaileentzat. Ulertu behar dugu eraikuntzaren sistema pasiboak (landaredia, trantsizioko espazio klimatikoak...) eta material naturalak (lurra, lastoa, karea...) berreskuratzea ezinbestekoa dela, ez dutelako energia kontsumitzen eta biodegradagarriak direlako. Antzineko praktikei begiratzean berrinterpretatu eta eguneratu beharko ditugu egungo testuingurura egokitzeko. Sormen esparru zabala irekitzen zaio sektoreari beraz.
Makinitak erabiltzea ez dago debekaturik, baina beste aukerarik ez dagoenerako uztea komeniko da. Kanpotik ekarritako materialak erabiltzen jarraituko dugu, baina era neurtuago batean, globalean ikusita oreka bilatuta. Konfort termikoa eta edertasunik ez dugu galduko.
Eraikuntza sektoreaz ari gara, baina elikadurarekin antzeko biraketa egin beharrak zentzuzkoa dirudi.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545