Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bagenekien gure etxeak, eta gure modukoek, ez zutela asko balio Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Antzemanda geunden artalde txikiak eta ekologikoan maneiatutakoak ez zituela maite; are gutxiago, zuhaitzak dituzten belardiak edota intsektuen eta bestelako animalia txikientzako bizilekua osatzen duten itxituren kontrako sasiak dituztenak. Lehenago gaixo zeuden pinudietan belardiak egitea ez zuela oso gustuko susmatzen genuen, ezta basogintza industrialak lan egiteko moldeak erabiltzen ez ditugunon manerak ere.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Bagenekien, finean, eredu agroekologikoak atzeraka ematen ziola. Dirulaguntzetan islatzen da. Iazko konpromiso klimatikoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzen ebazpenetan ikusi genuen ekologikoan egiaztatzen ziren lursail edota erlauntza berriak ez zirela aintzat hartuko. Aurtengo deialdian berdintsu gaude.
Maiatzean, norabide berean doazen dirulaguntzak atera dituzte. Oraingo honetan ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuekin lotutakoak. Ekologikoan eta txikitik ari garen etxe batzuk hortik kanpo geratu gara. Beste behin.
Etsipena etsipenaren gainetik janzten dugu. Ez pentsa, ekosistemen zerbitzuen dirua ez da asko, asko jota 1.500 euro edo. Ez dakit lotsaren lotsaz edo zergatik, baina, inoiz ez bezala, baratzezaintza eta frutagintza ekologikoan ari diren lagunek zer edo zer kobratu dute; inondik inora ere ez, hala ere, sortzen dituzten ekosistemek jendarteari eskaintzen dizkioten onurak adina.
Etsipena nioen, ikusita hidroponikoan –lurrik gabeko nekazaritza, berogailu sistema duten negutegietan eta ur kontsumo handikoa– ari direnei zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dituztela aitortzen zaiela.
Etsipena, koniferen monolaborantzan ari direnei eta zuhaitz horiek gero matarrasan botatzen dituztenei onartzen zaielako sortzen dituzten ekosistemek ekarpen positiboak egiten dituztela.
Etsipenerako arrazoi gehiagoren adibideak eman nitzake, baina bigarrenerako, haserreak gorputza hartu dit: hitzak lapurtu nahi dizkigute. Konpromiso klimatikoak, zerbitzu ekosistemikoak, ekologia...
Dena, kaka bera estaltzeko. Esan lasai, lotsarik gabe, zuek nahi duzuen baserri eredua ustiategia dela, esplotazioa. Lurrarena, animaliena, pertsonena, etorkizunarena. Esan lasai, inor engainatu gabe.
Esan mendietan monolaborantzan ari direnei lagundu nahi diezuela, euren lan-moldeek gaitza eta zikina dakartzatelako –diru galera, alegia–. Esan nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboan ari direnen egoera zaila dela eta lagundu nahi diezuela. Esan hori.
Baina lurrarekin eta animaliekin bizi garenok ez erabili. Ez erabili gure lanak, bere txikian bada ere, jendarteari eta munduari egiten dion ekarpena. Akatsak onartzeko eta eredu industrialean sartu dituzuen horiei ere etorkizun bizigarria proposatzeko gai ez zaretelako, ez erabili gure etxeetan egiten dugun lan txukunaren izena bizitza ororen kontra ari den ereduari laguntza emateko. Laguntza eta zilegitasuna.
Izan ere, ez baita zilegi zuen politika publikoen porrota erakusten duten nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-ereduaren egoera diru publikoz babesten jarraitzea eta benetan bideragarriak eta bizigarriak diren lan moldeak zigortzen jarraitzea.
Mundua kakatara bidali duen eredua berdez jantzi nahi duzue.
Ez gure izenean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545