Ziporik behar ez duen ezpataria

Badira ikusitakoan gure azalean iraultza bat eragiten duten animaliak. Ez dute eraso egin beharrik gure buruari egin dezaketela bat-batean jakinarazteko. Hotzik gabeko hotzikara, berorik gabeko izerdia eraginez.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko ekainaren 22a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Ezpara (Haematopota pluvialis)

TALDEA: Intsektua / Diptera / Tabanidae.
NEURRIA: 1,2-1,5 cm.
NON BIZI DA? Europan eta Afrika iparraldean. 
ZER JATEN DU? Arrak loreen nektarra, emeak ugaztunen odola.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Intsektu espezie asko eta askotan gertatzen den bezalaxe, ezparen emeak arrak baino handiagoak izaten dira. Badakizue nork jartzen dituen arrautzak, eta horrek dakartzan esfortzua eta ahala. Esfortzu eta lan horrek energia kopuru eskerga kentzen dio emeari, eta horri aurre egiteko ezparen emeak energia iturri agorrezin batez elikatzen dira: ugaztunen odola. Odol tanta horiek eskaintzen dieten proteina mordoxkarik gabe ezingo bailituzkete euren arrautzak garatu. Ez dira betebehar horri loturik dauden bakarrak, gure zoritxarrerako! Hor dira zenbait eltxo, adibide gisa.
Ezparak ez du soinu nabarmenik ateratzen. Ez du eltxoen tronpeta beldurgarri hori jotzen ikasi, edo ez dute ikasi nahi izan, agian. Iragarkirik gabeko erasoak triskantza handiagoa sorrarazten du, eta biktimaren erantzuna atzeratzeaz gain, abantaila ederra ematen dio. Biktimak, gainera, bera baino milaka bider pisutsuagoak baikara. Tematiak, burugogor paregabeak.

Maiatzetik urrira bitartean luzatzen da helduen hegaldi-epea eta arrautzak landareetan jartzen dituzte, hezetasuna dagoen lekuetan. Larbak haragijaleak dira eta, espezieen arabera, hazkuntza-epe luzekoak izan daitezke. Betetzen duten metamorfosia osoa da, hau da, lau fase ditu: arrautza, larba, pupa eta heldua (intsektu hegalaria, imagoa).

Lur planetan 4.500 espeziez osatuta omen dago Tabanidae familia. Irla batzuetan (Artikoan eta) izan ezik, mundu osoan zabaldutako intsektu taldea da. Penintsulan familia honetako 90 espezietik gora daude. Berauen bizi zikloa dezente aldatzen da espeziearen arabera. Hala ere, arren bizitza emeena baino laburragoa, askoz ere laburragoa, izan ohi da.

Ez dugu, normalean, astirik izaten bere begiei erreparatzeko, baina ezparen begiak benetan dira ikusgarriak. Eta ikusmen oso ona eskaintzen diete begi konposatu eder horiek. Gainera, arrak eta emeak bereizteko balio digute begi dotore horiek, arrenak buruan elkarrekin kontaktuan baitaude, emeenak ez bezala. Digestio aparatuaren hasieran ere badira desberdintasun nabarmenak. Lehen esan bezala, arrek nektarra eta landareen beste zukuak zurrupatzeko ez dute emek dituzten laban itxurako bi organo horien beharrik, ezta odola jasotzeko esponja antzeko horren beharrik ere.

Ezparen hegoen zaineria sinpleagoa da beste intsektu batzuena baino. Bi hego dituzte eta bigarren hego parea hegaldiaren oreka hobetzeko organo bilakatu da, halterioak dira. Nahiz eta milimetro batzuk besterik ez izan, ezparek orduko 30 kilometroko abiadura lor dezakete, gizakia orduko 3.200 kilometroko abiaduran joatearen modukoa.

Aparrak ezkutatzen duena
Maiatzean hasi eta iraila/urria bitartean belar eta landareetan apar zuriska metatxo batzuk ikusi ohi dira. Alferrik bada ere, inguruan begiratu ere egiten dugu zein izan... (+)
Migratzea sena denean
Naturak baditu bere izakien artean migratze sena berez dakarten espezieak. Ez dute inongo behar berezirik, ez dabiltza gerra bati ihes egiten, ezta hobeto bizitzeko leku... (+)
Lehengusu iletsua
Iletsuak direlako edo hegan doazenean ateratzen duten zurrunbiloarengatik, erlastarrak ez dira gutako askorentzat erleak bezain sinpatikoak. Jakina, gizakiok ez gara sarritan oso zuzenak izaten gure... (+)
Mantxak apaingarri direnean
Ziurrenik lerro hauek irakurri aurretik argazkiari erreparatu diozue. Hala bada, mantxa horiek eta haien kokapenak osatzen duten irudiak edertasun faltarik ez duela bururatuko zitzaizuen, konturatu... (+)
Historiaurreko lekukoa
Badira urruneko beste garai batzuetako irudiak gogorarazten dizkiguten animaliak. Horien artean, ezpairik gabe, gaurko protagonista nagusienetako bat da. Ez diegu aurpegirik jartzen, bere gorputzaren egitura... (+)
gora