Ederra eta ona bi dira

Ongi-etorri, mantangorri

Urriaren 17an Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian aurkeztu zuen EHKOlektiboak zigilu agroekologikoa: marigorriaren irudia ikus zitekeen Euskal Herri osotik etorritako ekoizleen mahaietan eta elikagaien etiketetan. Goiz osoan jendea gerturatu zen etxaldeak ezagutzera eta jatekoak erostera. Eguerdian, udaletxeko arkupean egin zen mahai-inguruan, EHKOlektiboak egiten duen ekarpenaz gogoeta egin zuten agroekologiako sei eragiletako ordezkariek. Lazkaoko Biziolan elkarrekin bazkalduz biribildu zuten eguna laborari eta eragileek. Geroztik, erosleok badugu elikagai agroekologikoak seinalatzen dizkigun ikurra: ekologikoa, bertakoa eta irizpide sozialekin ekoitzitakoa dela esaten digun marigorria. Eta garai onean etorri da, EHKOlektiboko kideek azaldu zutenez: "Agroekologia krisi ekologikoari aterabide konkretu bat ematen dion eredua da, ekologia laborantzaren erdigunean jartzen duena”.


2026ko urriaren 19a
Salmenta mahaiek lehen aldiz erakutsi zuten EHKO zigilua. Aurrerantzean, azoketan eta zirkuitu laburren bidez saltzen diren produktuetan aurkituko du herritarrak zigilu hau.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

10:00etarako prest ziren zazpi lurraldeetatik etorritako era guztietako laborariak Ordiziako Plaza Nagusian, nor bere mahairen atzean. Gaztak, barazkiak, pasta, txerrikiak, ardikiak, infusio belarrak, gailetak eta bizkotxoak... denetariko elikagaiak erosteko aukera baliatu zuen goizean bertara gerturatu zen jendeak. Agroekologia mugimenduko hainbat eragilek ere jarri zuten mahaia, baita ARGIAk ere, Bizi Baratzea proiektuko argitalpenekin. Umore ona eta euskara izan ziren nagusi, lagun zaharrek eta ezagutu berriek gurutzatu zituzten elkarrizketetan.

EHKOlektiboko laborariak, zigilua aurkezten. Ainhoa Gutiérrez del Pozo / ARGIA CC BY SA

Halako batean, ekoizle guztiak oholtzara igo ziren, norberak ekoitzitako elikagaia eskuetan zutela, pozik eta harro aurkeztera zihoazen zigilu herrikoiarekin. Zigilu horrek adierazten dio erosleari produktu edo etxalde hori ekologikoa dela, tokikoa, dibertsifikatua eta pertsonak zaintzen dituena. Artikulu honetan azaldua du Eli Pagolak zehazki.

Jendea gerturatu zen ekoizleak ezagutzera eta elikagaiak erostera. Ainhoa Gutiérrez del Pozo / ARGIA CC BY SA
"Zigilu honek ekologikoari lurraldetasuna ematen dio eta ikuspegi soziala ere bai"

Oholtzan, hainbat laborarik hartu zuten hitza. EHKOlektiboaren izenean mintzatu zen Aitor Azkarate eta azaldu zuen egun munduan nagusi den elikaduraren industriak ez duela ingurumenarekiko "zor zaizkion errespetua eta ardurarik". Horren ondorioak "begi-bistakoak" direla oroitarazi zuen, aurtengo lehortea adibide gisa jarrita. Agroekologia egoera horri aurre egiteko "aterabide konkretu bat" dela esan zuen, "ekologia laborantzaren erdigunean jartzen duena”.

Haurrek ere izan zuten gustuko jarduerarik. Ainhoa Gutiérrez del Pozo / ARGIA CC BY SA

Biharko Lurraren Elkarteko kide den Jean Mari Irigoienek jarraitu zuen: "Ingurumena suntsitzearen geldiarazteko, kolektiboki EHKOlektiboak segituko du lanean, herritarrek ukan dezaten lekuko janari sanoa egunero”. Izan ere, Irigoienek esan zuenez, "laborantza biologikoa eta agroekologia izanen dira biharko desafioen erantzun bakarrak". Agroekologiaren bidean, marigorri itxurako zigiluak zein funtzio bete duen azaldu zuen, adibide praktikoarekin: “2020an etxaldeetara bisitak egin zirelarik, 'agroekologia' hitzak bildu zituen herritar bezainbat definizio ezberdin. Geroztik, EHKOlektiboaren baitan lanean aritu direnek kausitu dute definitzea agroekologia hitza".

Judit Gartziak hitz egin zuen jarraian, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak. Laborantza ekologikoaren sorrera eta garapena azaldu zituen: “Duela hamarkada batzuk, nekazaritza industrialaren hedapen testuinguruan, Euskal Herriko baserritar askok euro-hostoaren aldeko apustua egin zuten. Nekazaritza eredu herrikoia, lurrari lotutakoa, animalien ongizatea bermatzen duena eta elikagaiak kimikorik gabe lantzea planteatzen duen eredua babesteko, Europan araudia eratu zen, bere zigiluarekin eta bere izenarekin: 'nekazaritza ekologikoa'. Hamarkada hauetan sektore hori hazi egin da, bai ekoizle eta bai erosle aldetik. Gizartean hamaika proiektu eraman dira aurrera, eta horietako garrantzitsuenetako bat izan da EHKOlektiboaren sorrera". Eta aurkeztu berri den zigiluak egiten duen ekarpena txalotu zuen: "Zigilu honekin EHKOlektiboak eskaintza garrantzitsua egiten dio laborantza ekologikoaren estrategiari: euro-hostoari lurraldetasuna ematen dio eta ikuspegi soziala ere bai”.

Mahai-inguruan parte hartu zutenak. Ezkerretik hasita, gidari lanetan aritu zen Goiuri Alberdi, eta bere ondoan Enrike Gisasola, Maider Zubikarai, Intza Barandiaran, Aitzol Hernandez, Juanma Intxaurrandietan eta Txomin Urkiza, hurrenez hurren.
"EHKOlektiboak markoa eman dio agroekologia mugimenduari"

Goiz erdian mahai-ingurua egin zuten Udaletxeko arkupean. Agroekologia mugimenduko hainbat eragilek hartu zuten hitza, EHKOlektiboak aliantzei ematen dien garrantziaren lekuko. Hasteko, bakoitzak bere proiktua aurkeztu zuen. Eta ondoren, EHKOlektiboak agroekologiari egiten dion ekarpena balioan jarri zuten.

Enrike Gisasola, Baserritarren Bilgunea nekazal sindikatuko kidea honela mintzatu zen: “Halako elkarteak behar beharrezkoak ditugu, baserritarrok fisikoki egunerokoan bizi dugun isolamendua gainditzeko. Eta horretarako, beharrezkoa da bakoitzaren funtzioa argi izatea. Adibidez, baserrian baditugu baratzerako bakarrik hamaika aitzur mota: aitzur txikia, hortz-bikoa, aitzur handia... agian urtean behin erabiliko dugu tresna hori, funtzio konkretu baterako; baina han behar du. Elkarteon artean aniztasun handia dago, eta horien arteko koordinazioan asmatu behar dugu, lobby lana egiteko, agroekologiaren ikuspegia zabaltzeko eta eragiteko”.

Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbiok bertsotan azaldu zuten zer den agroekologia. Ainhoa Gutiérrez del Pozo / ARGIA CC BY SA

Maider Zubikarai, Amillubi proiektu kolektibo agroekologikoko kideak biribil bota zuen: “EHKOlektiboak kontzeptualki egin duen lanarekin, markoa eman dio agroekologia mugimendu osoari. Marko horrekin aukera ematen du subjektu bat antolatzeko, mugimendu agroekologikoa dena. Eta mugimendu hori biltzen duen txapela EHKOlektiboa dela iruditzen zait”.

Intza Barandiaran Biziolako kidea da, Goierriko elikadura sistema artikulatu nahian ari den kooperatibako kidea: “EHKOlektiboari bi funtzio ikusten dizkiot. Bat da aintzindaritasuna: agroekologiaren bidean pausoz pauso joan behar da, beti dago zeregina, egoera berrietara egokitu beharra... eta lan hori EHKOlektiboak egiten duela iruditzen zait. Beste funtzioa da, berme sistema parte-hartzailea den heinean, kontsumitzaileekin zubi-lana egitea: kontzientziazio lana, herritarrari benetan agroekologikoa zer den eta nola lantzen den azaltzea, gertuko harremana izatea...”.

Zazpi lurraldeetako era guztietako elikagaiak ezagutzeko eta erosteko aukera izan zen. Ainhoa Gutiérrez del Pozo / ARGIA CC BY SA

Juanma Intxaurrandieta, Landare produktu ekologikoen kontsumo elkarteko kideak azaldu zuen zer onura ekarriko dion zigilu berriak kontsumo taldeari: “Landaren euro-hostoa duten produktuak daude salgai, baina dudarik gabe, guretzat ere bertakotasuna, garaiko produktua izatea, ekoizleen atzean irizpide sozialak egotea... oso garrantzitsua da, eta EHKOren zigiluak gehigarri hori eskaini dezake, gure bazkideek erosketak egiterakoan aukera hobeak egiteko".

Txomin Urkiza Uribe Butroeko nekazari eta artisau txikien sareko kideak aurrera begirako erronketan jarri zuen begia: “Erronka nagusia EHKOlektiboak barne biltzen duen eredua jendartera heltzea da. Gaur bezalako egunetara datorren jendea elikagaietan kontzientzia duena da, baina gauzak benetan aldatu nahi baditugu, gure tipularen kapa gehiago askatu behar ditugu. Horretarako aliantzak dira bidea”.

Aitzol Hernandez Arabako nekazaritza ekologikoaren aldeko Bionekazaritza elkarteko kideak, berriz, erronka hau planteatu zuen, Gisasolak aipatutako beharrarekin bat eginez: "Agroekologian lanean ari direnak beti ez dira iristen ordezkaritza lanak egitera, zaintza lanak eta beste hainbat militantzia esparru baitituzte. Erronka da mugimenduaren ahotsa erakundeetara iristea, oinarria galdu gabe".

Biziolan 120 lagun elkartu ziren otordu agroekologikoan. Ainhoa Gutiérrez del Pozo / ARGIA CC BY SA
Biziolan otordu agroekologikoarekin ospatu zuten zigilua

Lazkaon, Biziola proiektuan elkartu ziren 120 lagun: goizean azokan aritu ziren laborariak, eragileak eta antolatzaileak. Bazkari ederra gozatu zuten, eta ez zen falta izan umore, kantu eta musikarik.

EHKOlektiboaren azoka berezi hau elkargune ederra izan zen, eta elkarguneak izaten dira ideia eta proiektu berrien hazitegiak, baita borroken arteko sareak josteko guneak ere.

Ongi etorri, mantangorri.

Gipuzkoako Ezkeltzu mendian bi haize errota jartzeko baimena eskatu diote Jaurlaritzari, bertan behera geratu zen proiektuaren eremu berean
2026-11-05 | Estitxu Eizagirre
Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udalerriei eragingo lieke Alerion Spain SL enpresak "Aitz eta Andatz" izena jarri dion makroproiektuak. Bi haize errota jartzea da haren asmoa,... (+)
Urari buruzko mahai-inguruak, azoka, abereen eta etxaldeko lanen erakusketa... larunbatean Miarritzen
2026-11-02 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 21. aldiz antolatu du Lurrama, bertako laborantza herrikoiaren festa. Ura du aurtengo gaia eta Frantziako Ardèche da eskualde gonbidatua. Miarritzeko Irati gelan... (+)
Bertako arto barietateei buruzko jardunaldia Donostian
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 29an, 18:00etan Cristina Enean, bertako arto barietateak berreskuratzeari buruzko jardunaldia egingo du Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboak. Bertan, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango... (+)
EH Biziriken hitzaldi bira, "EAEko alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa" salatzeko
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango dute EH Bizirikeko kideek lehen hitzaldia, eta abenduaren 12an Bilbon bukatuko dute zazpi hitzaldiz osatutako bira. Hitzaldi horietan aztertuko dute... (+)
EH Bilduk datu-zentroen hedapena mugatzea eskatu du "industria lehenesteko", baina bultzatzen jarraitzea erabaki du Legebiltzarrak
2026-10-16 | Estitxu Eizagirre
Eusko Legebiltzarrean datu zentroei buruzko eztabaida egin dute urriaren 15eko Osoko Bilkuran. EH Bilduk mozio bidez eskatu zuen "hipereskalako" datu zentroen hedapena "mugatzeko", eskura dagoen... (+)
gora